743 Zenbakia 2019-10-16 / 2019-11-20

Gaiak

Desberdinkeriari buruzko irakurketa kritikoa

DE LA CRUZ-AYUSO, Cristina

Pedro Arrupe Giza Eskubideko Institutua. Deustuko Unibertsitatea

Desberdinkeriak ez dira berezkoak

Desberdinkeriei buruzko eztabaida zabal-zabala da eta hizka-mizka handia sortu du pentsamendu sozial modernoan. Errealitateak berresten du gero eta handiagoa eta bidegabeagoa dela pertsonen, giza-taldeen, herrialdeen eta eskualdeen arteko desberdinkerien eta asimetrien arrakala.

Ikuspegi historiko batetik, kartokrafia sozial batean ikusi ahal da desberdinkeria ohiko zerbait izan dela garai eta gizarte guztietan. Irudi horrek, hain zuzen ere, lagundu du desberdinkeria horiek zuzenesten naturala eta saihestezinak balira bezala. Hala ere, desberdinkeriak ez dira berezkoak. Ez ditugu desberdintasunekin nahastu behar. Desberdintasunek esaten digute nolakoak garen pertsonak. Desberdinkeriak, ordea, injustiziaren adierazpenak dira. Prozesu sozial baten emaitzak zuzenak dira: nolako maila-soziala, halako egitura-sozialean kokatzen dira pertsonak. Horietako zenbaitek aukera gehiago (edo gutxiago) dituzte gizartean lehentasunezko lekuetara heltzeko eta, halaber, ondasunak, diru-sarrerak, errenta, jarauntsia eta abar bezalako elementuek laguntzen (edo kaltetzen) diete arlo ekonomikoan.

Era berean, maila sozialak desberdin hierarkizatuta daude horien arteko desberdintasunen arabera; ondorioz, pertsonak kokatu ahal dira maila sozial batean edo beste batean. Sexua, arraza, etnia, erlijioa eta adina dira desberdintasun-sozialeko kategoriak, eta, askotan, desberdintasun bidegabeak sortzen dituzte. Kategoria horiek guztiek egituratzen dituzte askotariko harreman sozialak (emakumea/gizona; zuria/beltza; gaya/heteroa; erlijiosoa/laikoa) eta eragina dute ondasun sozialak eta sinbolikoak jasotzeko eta banatzeko. Kategoria horiek menderatzen dute pertsonen bizitza eta badute berezko hierarkia; alegia, estereotipo-, aurreiritzi- eta estigma-hierarkia.

Historikoki zenbait talde sozialek bazterkeria jasan dute, esaterako emakumeak.

Nolako dimentsioa eta egitura duten desberdinkeriek

Nahiko argia da (ikuspegi juridikotik bederen) historikoki zenbait talde sozialek kalte-tratua jasan dutela; esaterako, emakumeek beren bazterkeriaren muina izan diren desabantaila eta aurreiritzi asko pairatu dituzte. Desberdintasunak aitortzeko era horrek zenbait xehetasun behar ditu: emakumeak (lehengo adibidearekin jarraitzeko) talde sozial bakar eta homogeneotzat hartzen dira haien arteko desberdintasunak aintzakotzat hartu barik. Horrexegatik behar da bereizi, genero desberdintasunei buruz hitz egiten dugunean, emakumeek historikoki jasan dituzten bidegabeko desberdintasunak ez ezik, emakumeek berek beren artean dituzten desberdintasunak ere.

Era berean, gogoratu behar da badaudela bazterkeria eragiten duten prozesu sozialak erabat erroturik gure sistema sozialean; hala ere, ez dira horrelakotzat hartzen, eta horrexegatik ez dute babes-mekanismorik ez eta berme nahikorik ere sortzen dituzten bazterkeriaren aurrean.

Bazterkeria mota horiek iraunkorrak eta etengabeko jarduera sozialak dira, eta sortzen dizkiete desabantailak hainbat talde sozial era sistematikoan. Praktika dinamikoak eta lausoak dira: ematen dira eta zeharkatzen dituzte bizitzaren (publikoa zein pribatua) dimentsio guztiak eta gurutzatzen dira aldaera sozial askorekin. Egiturazko bazterkeriak dira arauetan eta estereotipoetan zenbait taldek pairatzen dituzten instituzionalizatutako bidegabekeriak. Horrenbestez, talde horiek kokatzen dituzte (bidegabeko) egoera sozial desabantailatsuan.

Ondasun-, botere-, estatus- eta prestigio-jabetzeak eragiten dituzten egiturek betikotzen eta zilegitzen dituzte bazterkeriak. Haatik, bazterkeria horiek ahalbidetzen dituzten egiturazko prozesuak agerian jartzea oso zaila da, ezen sistemak berak ezkutatzen ditu: ikusezin egiten ditu. Hori dela eta, komenigarria da aztertzea ere nolako eraginak dituzten botere-harremanek. Horiek dira eragilerik behinenak bazterkeria sozialean, eta giltzak dira genero, etnia eta beste talde sozial batzuen arteko bidegabekeria ulertzeko. Horien bitartez sortzen dira dinamikak ekoizteko desabantailak hainbat talderi, nahita edo nahi gabe, edo zuzenbideak babestutako egoeretatik haratago. Prozesu eta jarduera sistematikoak dira eta berebiziko eragina dute bizitza-aukeretan; hala nola autonomian eta aukeratzeko gaitasunean.

“Balio ekoizteko baliabideak” kontrolatzen dituztenek bazterkeriak eratzen dituzte botere harremanak, lehentasun-sareak eta aurreiritziak ezarriz. Halaber, antolatzen dituzte hainbat mekanismo: kontrol sozialerako, aukerak pilatzeko, baztertzeko... Era berean, prozesu sinbolikoak ezinbesteko osagaia dira ulertzeko bazterkeria nola eraikitzen den, ezen abantaila eta desabantailen banaketa inoiz ez da neutroa, ondasunak eskuratu ahal izateko, bide ezberdinak ekoizten baitituzte; izan ere, balorazio, sailkapen eta hierarkizazio, eta abarretatik igaro behar da. Alegia, eragina zuzena dute gizarte batean ezartzeko zenbat eta nolako onurak jaso behar dituzten gizarteko kideek eta taldeek.

Ekonomia feminista abiatzen da emakumek berek duten esperientziatik, zalantzan jartzen du oso sistema ekonomiko tradizionala eta aitortzen du antolamendu sozialaren esparru guztiak zeharkatzen dituen egiturazko bazterkeria.

Ekonomia feministaren ekarpena bazterkeriaren kontrako borrokan

Zenbait ikuspuntutatik, teoria kritikoek egin dute azterketa kritikoa desberdinkerien funtzionduari buruz. Arlo ekonomikoan izan duten helburua izan da susmopean jartzea eta irrazionalizatzea sistema kapitalistaren oinarriak, eta, zalantzan jartzea, halaber, haien zilegitasuna.

Ekonomia ekologikoak nabarmendu du zein garrantzitsua den hartzea sistema ekonomikoa errealitatearen beste bat gehiago izango balitz bezala, irekia eta txertatua Biosferan. Ekonomia politiko kritikoak azpimarratu du nolako garrantzia duten sistema eta harreman sozialek. Horretarako, gailendu du botereak zein garrantzia duen egiturazko elementu gisa, harreman ekonomikoak antolatzeko. Guztiek gogor kritikatzen dituzte balio ekonomikoak eskuratzeko desberdinkeria, arlo ekonomikoaren boterearen baliabide mikroskopikoak eta indarrean dagoen garapen-eredu jasangaitza.

Bereziki nabarmendu behar da ekonomia feministaren balioa. Ekonomia feminista abiatzen da emakumek berek duten esperientziatik, zalantzan jartzen du oso sistema ekonomiko tradizionala eta aitortzen du antolamendu sozialaren esparru guztiak zeharkatzen dituen egiturazko bazterkeria.

Ekonomia feministak arazo bihurtzen du ongizate-ereduari darion paternalismoa, susmopean jartzen du familia burgesaren eredua. Politizatu egiten ditu gorputzak. Aldarrikatu egiten ditu etxeak, zainketa lanak, sexualitatea eta ugalketa. Kritikatu egiten du egitura menderatzailea eta baztertzailea den ekonomia merkantil monetizatua. Zentzu horretan, teoria kritiko gutxi izan dira horren anitzak, baina, aldi berean horren ekinak. Engaiamendu irmoa izan du alternatibak eratzeko: genero-ikuskera hegemonikoan, familian, sexuaren araberako lanaren banaketan, publiko/pribatu bereizketan.

“Heltze-berdinzalea” mitoari nahikoa ez dela sinestuta, ekonomia feminista da pentsatzeko eta jarduteko era bat etengabe eta indar handiz ematen diren paradigma androzentrikoak suntsitzeko. Eskatzen du bizitza hobe baterako ekonomia bat, eta bere helburuak dira bizitzaren defentsa eta jasangarritasuna sustatzen dituzten prozesuak.

Ekonomia feministak behin eta berriro salatzen du zein garrantzi txikia ematen zaien pertsonen bizi-balditzei ekonomia bezalako zenbait arlotatik, eta aldarrikatzen ditu lankidetzan jarduteko beste modu batzuk·beste era batean (ekitate handiagorekin) elkarrekin aritzeko arlo ekonomiko eta sozialean. Beste bide batzuk erlazio ekonomikoak eraikitzeko, lotura soziala eta zor soziala indartzeko: lankidetza, osagarritasun eta elkarrekikotasuna oinarritzat harturik. Hurbiltze berriak, feminismoaren kontzeptuak, hala nola subiranotasuna, elkarrekikotasuna eta ekitatea erro daitezen.


Eusko Jaurlaritza