
Gaiak
Txikitik handira, EuskarAbentura Espedizioa
EuskarAbentura elkarteko kideak
Ezjakintasunetik ekin genion hamar lagunek bide luze bezain polita izan den EuskarAbentura Espedizioaren antolaketari, emaitza zehazki zein izango zen jakin gabe, eta altuan inork esaten ez bazuen ere, bideak ezerezera eramango gintuen ideia ere gogoan geneukala. Baina, lortu dugu: uda honetan, uztailaren 1etik 31ra bitartean, 140 lagunek Euskal Herriko zazpi hiriburuak eta Unescok gizateriaren ondare izendatutakoak zeharkatu dituzte 783 kilometro egin ostean.
Espedizioa amaitu eta lau hilabete pasa diren honetan, olatu handi bat sortu dugunaren sentipena daukagu: lehiakortasuna eta indibidualtasuna arrakastatzat hartzen diren garai honetan, sareak eraikitzeak eta sarean lan egiteak duen garrantzia azaleratu dugula deritzogu, herri honetan aurrera eramandako beste hamaika ekimenek egin duten gisan.
Euskararen egoeraz jakitun izateaz gain, egoera horretan eragiteko nahiak batu gintuen EuskarAbenturako kideok. Laurogeigarren hamarkadan jaiotakoak, euskaraz ikasitakoak, eta gure aurreko belaunaldikoek euskararen ezagutza sustatzeko egindako lana gertutik bizitutakoak gara: ETB1 kanala jaiotzearekin batera heldu ginen, super bat klubekoak ginen, lehenbiziko marrazki bizidunak euskaraz ikusi genituen, Txirri Mirri eta Txiribiton pailazoekin egiten genuen barre, Argitxo Iratxoarekin batera egin genituen euskarako kanpainak, eta Herri Urratsera joaten ginen egun pasa. Aurrekoek egindako lan hauek guztiak, ezbairik gabe, euskararen ezagutzan itzeleko arrastoa utzi dutenaz jabetuta gaude. Nolanahi ere, azken urteotako hainbat ikerlanek euskararen erabileran zuloa handitzen doala azaleratu du, eta egindako lanari ildo berriak gehitzeko beharraren kontzientzia zabaldu da eragile desberdinen artean.
EuskarAbenturako kideok ez gara arduragabe agertu egoera horren aurrean, eta hausnarketarako bide eman zigun galdera egin genion geure buruari: Zein izan liteke euskarari eta bere erabilera sustatzeko lanei egin diezaiekegun ekarpena gure txikitasunetik? Hauxe izan zen EuskarAbentura Espedizioa hasteko giltzarria. Taldeko hainbat kide, garai batean aski ezaguna zen Ruta Quetzalean parte hartutakoa da, eta gisa honetako espedizio ibiltari batekin, gazteengan euskara sustatzea ez ezik, bestelako balore eta hausnarketak irekitzeko abagune ezin hobea izango zatekeela iruditu zitzaigun. Horrenbestez, euskararen erabilera erroko helburua izanda ere, maila berberean kokatu nahi izan genituenak ere badaude, besteak beste: gazte euskaldunen sarea sortzea, Euskal Herriaren ezagutza historiko, kultural eta geografikoa lantzea, eta baita balore osasuntsuak sustatzea ere (turismo arduratsua, ingurumenarekiko errespetua, zaborren kudeaketa arduratsua, genero berdintasuna, edota kontzientzia soziala piztea).
Alde batetik, norbanakoak zaurgarriak garenaren ideia berreskuratzea garrantzitsua iruditu zitzaigun, hots, nolabait, menpekoak garela, bai jendartean gertatzen zaigunarekiko, eta baita ingurumenean gertatzen ari diren desmasia eta aldaketa guztiekiko ere. Hori dela eta, tokian tokiko arazoak zein mundu mailako erronkak ezagutu eta hauei aurre egiteko elkarlanean eta sarean lan egitea ezinbestekoa izango dela uste dugu. Beste alde batetik, etorkizunaren protagonista izango diren egungo gazteen artean kontzientzia soziala pizteak, elkarbizitza hobetu lezake, eta baita jendarteko maila desberdinetako ekitatea lantzeko bideak zabaldu ere.
Honela bada, proiektuaren helburuak zehaztuta, hutsetik ekin genion EuskarAbentura Espedizioaren prestaketari; eta hasiera guztien moduan, ez zen lan makala izan. Hasteko, ezezagunak ginen jendartean, eta bereziki ezezagunak ginen euskalgintzako erakundeen artean. Proiektua aurrera eramateko sosik ez genuen, beraz, esku artean geneukana proiektuaren potentziala eta taldeko kideon curriculum vitaeak ziren, besterik ez.
Gogoeta honetan, EuskarAbentura Espedizioan zehar bidelagun izan ditugunak datozkigu gogora ezinbestean. Euskararen ezagutza eta sustapenean isilean lanean diharduen hamaika lagun, eta itsu-itsuan, proiektuaren xehetasunak ia jakin gabe, hasieratik babesa eskaini digutenak, irribarre batez eta musu-truk. Egia esanda, zerrenda amaigabea da, izan ere, 2017ko urtarrilean EuskarAbenturari bultzada sakonagoa ematen hasi ginenetik, bai antolaketa lanetan eta baita Espedizioan zehar ere, lagun mordoa izan dugu bidaide. Parada aparta iruditzen zaigu, hitz hauen bidez, guztiei gure eskerrik beroenak emateko. Dudarik gabe, eta aurrez aipaturiko ideia berreskuratuz, sarean lan egitearen isla bikaina izan da EuskarAbentura Espedizioa.
2017ko abenduan eman zen argitara lehendabizikoz EuskarAbentura Espedizioa jendartera, Iruñeako Katakrak espazioan. Honela, 2001. urtean edo 2002. urtean jaiotako gazteak, uztaileko hilabetean egingo zen Espedizioan dohainik parte hartzeko lanak bidaltzen has zitezkeen. Jakina da, ez garela denok idazten trebeak; hori dela eta, lanak formatu desberdinetan bidaltzea proposatu genuen, bakoitzak bere trebezia erakusteko modua izan zezan (literarioak, historikoak, artistikoak, musikalak edota ikus-entzunezkoak), eta betiere, proposatutako gaiei loturikoa izanda. Eskolaz eskola bisitak egin, sare sozialetan sustatu, eta hainbat komunikabidetan agertu ostean, 140 lan baino gehiago jaso genituen martxoaren 18a mugarri genuen epe bitartean. Ez zen ordea, jasotze konstantea izan, eta bihotzekoak ematerainoko lan-bonbardaketa izan genuen azken asteburu hartan.
Lanak jaso ondoren, Eusko Ikaskuntzako adituen laguntza izan genuen ebaluaketarako. Honela, lanen ebaluaketatik EuskarAbentura Espedizioaren hasiera arteko denbora, erlojupeko proba baten modukoa izan zen. Espedizioa estaltzeko geratzen zitzaigun finantzaketa bilatze prozesuari, gazteen hautaketa prozesua, eta Espedizioko lantaldea hautatzeko prozesua gehitu zitzaizkion. Nolabait, hilabetean gertatuko zenari protagonistak jartzea geratzen zitzaigun. Zinez garrantzizkoena zena.

Uztailaren 1etik 31ra bitartean, 140 lagunek Euskal Herriko zazpi hiriburuak eta Unescok gizateriaren ondare izendatutakoak zeharkatu dituzte 783 kilometro egin ostean.
Denboran atzera begiratuz, EuskarAbentura olatuaren handitasuna ulertzeko ezinbestekoa zaigu, bai lantaldea goraipatzea, eta baita gazteen taldea ere. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa, Nafarroa Beherea eta Zuberoako lagunak ez ezik, Washington hiriko eta Argentinako Patagoniako lagun bana ere batu ziren Espediziora.
Euskal lurraldeetako historiaren eta ekimen desberdinen inguruan hamaika kontu ikasi dugu: iparraldeko laborarietatik hasiz, Nafarroako karlisten museoa bisitatuz, Añanako Gatzagak dastatuz, Zeraingo meategietan burdinaren historia ikusiz, Eusko monetarekin salerosiz, Irun eta Hendaiako mugan aspaldian emandako kontrabandoa deskubrituz, edota Gernikako Juntetxeko haritz zaharraren sinbologiari erreparatuz.
Bidean, lurralde bakoitzeko euskararen errealitatera hurbiltzeko parada ere izan dugu; ez gainera edonoren eskutik, gurekin izan baikenituen euskal soziolinguistikako hainbat aditu. Harriduraz bizi izan zuen gazte askok, hainbat gunetako euskararen egoera gordina. Gainera, errealitate hauek, teorian ez ezik, espedizioko egunerokotasunean ere ikusi ahal izan zituzten. Izan ere, gazteak taldetan banatzerakoan, oso kontuan izan genuen bakoitzaren etorburua, eta baita etxeko zein lagunekin eraikitako hizkuntza ohitura ere. Honela, nahi gabe, euskalkiak nahasturik ibili ziren hilabetez. Ahobizi koadrila ederra sortu da Euskaraldirako!
Kulturak eta kirolak ere izan zuten espazioa EuskarAbentura Espedizioan, nola ez. Gurekin izan genituen, Euskal Herrian zein kanpoan anitz ezagunak diren euskal musikariak, zinegileak, dantzariak, kirolariak, eta baita komikilariak ere. Gazte askok, aurretik mirestutako haiek gertutik ikusteko luxua izan zuen; eta gehienak ohartu ziren, ezagun hauen guztien lorpenak euskaraz izan zirela. Honek, euskara, eskolako beharrezko irakasgaia izateaz gain, bizitzeko modu bezala ikustera ahalbidetu du hainbat.
Uztaileko hilabetean zehar gazteek jasotako ekarpenak asko izan ziren, gehiegi batzuen esanetarako. Baina etengabeko informazio eztanda horren gainetik, guk ere, datorkigun belaunaldi honetaz asko ikasi dugula nabarmendu nahiko genuke. Gaur egungo gazteak arduragabekeriarekin eta inplikazio faltarekin lotzen dira askotan; eta guk, baieztapen horren kontrako adibide mordoa gorde dugu gure altxor-kutxan. Oraindik ere gogoan dugu Auritzeko alkateak Diario de Noticias egunkarira bidalitako iritzi artikulua. Bertan, eskerrak eman zizkien bertako erreka garbitzeko gonbita egin eta bost minuturen bueltan laguntzeko prest agertu ziren 50 boluntarioei. Honetaz gain, goizero, lotarako erabilitako frontoi, polikiroldegi, edota eskolak, aurreko egunean topatu bezala utzi zituzten; ez horren ardura izateagatik bakarrik, baita hurrengo urtean Espedizio berri bat balego, leku berbera berriro erabiltzea ere bermatu nahi zutelako. Gainera, hilabete osoan zehar sortutako tonatik gorako zaborra, modurik zorrotzenean banatu, kontabilizatu eta birziklatu zuten. Ez pentsa, hurrengo urterako etxeko-lanak ere jarri dizkigute ebaluazio orrietan ikusi dugun moduan, eta hainbatek zehaztu digu, bigarren espedizio bat antolatuko balitz, aurten jorratu ez diren eta faltan sumatutako gaiak txertatuko lituzkeela, esaterako: gure herrialdera iristen ari diren errefuxiatuen egoera, gizarteko disparekotasunak, ingurumena eta klima aldaketaren inguruko hausnarketak...
Aurrez aipaturiko legez, adibide asko batu ditugu, baina dudarik ez dugu, arduraz bete dituztela EuskarAbentura Espedizioan parte hartzearekin batera hartutako konpromisoak, eta inplikazioa erabatekoa izan da, bai antolatzaileekiko, bai lantaldearekiko. Eta zinez eskertuta gaude.
Uda honetan sortu den sare honek, EuskarAbentura bezalako beste hainbeste ekimen ekarriko ditu. Gazteak mugimenduan datoz, begirada kritikotik eta maitasunez beterik etorkizuna estu besarkatzera. Jarrai dezala olatuak!