
Gaiak
Eta gazteak Bilbon euskaraz, zergatik ez? Gazteen euskararen erabileraren azterketa Bilbon
Aspaldian euskararen osasuna aztergai duten ikerlan, mintegi eta jardunaldi ugari burutzen ari dira, eta ez da harritzekoa kontuan hartzen badira azken urte hauetan barrena jaso diren zenbait datu, horien guztien artean, euskararen gaitasunaren eta erabileraren arteko aldea. 1981az geroztik euskarak 318.000 hiztun irabazi baditu ere, erabilerak ez du goranzko joera bera jarraitu. Esaterako, ikerketa honek xede duen Bilboren kasuan, euskaldun gehien dituen munduko hiria izanik ere, ia 75.000 euskaldun, euskara %3,2 baino ez da erabiltzen (Soziolinguistika Klusterra, 2011).
Ikerketa honek xede dituen Bilboko gazteen artean ere, erdia baino gehiago euskalduna izan arren, euskararen erabilera oso murritza da. Zergatik bada? Bilboko Udalaren diru laguntzari esker Eusko Ikaskuntzak ikerketa proiektu bat burutu du: “Eta gazteak Bilbon euskaraz, zergatik ez? Gazteen euskararen erabileraren azterketa Bilbon”. Ikerketa honen bidez Bilboko gazteen euskara erabilera urriaren zergatiak ezagutu nahi izan ditugu; gazteen hitza entzunez, eta era berean, neska-mutilek esandakoak euskalgintzako zein gazteekin lanean diharduten eragileekin kontrastatuz.
Ikerketan Bilbon bizi diren 15 eta 22 urte bitarteko 24 gaztek parte hartu dute, 13 neskek eta 11 mutilek, eta gazteekin edo euskalgintzan lanean diharduten 14 eragiletako ordezkarik[1]. Ikerketa bi fasetan burutu da: lehenengo fasean, gazteekin bi egunetako foroa antolatu da; bigarren fasean, berriz, gazteek foroan esandakoak kontrastatzeko eragile ezberdinekin mintegia egin da. Gazteekin egindako foroan dinamika desberdinak gauzatu dira. Lehen saioan diagnosia burutu da eta horretarako partaideei galdera desberdinak proposatu zaizkie talde lanean erantzuteko: Zer da euskara niretzako?, Nolakoak gara Bilboko gazteak eta zein hizkuntzarekin identifikatzen gara?, Zelakoa da Bilboko gazteen euskararen erabilera eta zeintzuk dira bere oztopoak eta gakoak? Bigarren saioan gazteek eurek euskararen erabilera sustatzeko ekimen zehatzak proposatu dituzte, lehenengo saioan ikasitakoak oinarri hartuta. Berriz, eragileen foroa saio bakarrekoa izan da eta bertan bi eztabaida taldeetan banatuta, gazteek agertutako ideiak kontrastatu eta gazteen euskararen erabilera sustatzeko proposamenak burutu dituzte.
Hona hemen ikerketa honetatik erauzi diren emaitza nagusiak[2].
Zer da euskara niretzako?
Foroan parte hartu duten gazteek euskararekiko irudi eta sentimendu ugari adierazi dituzte. Horien artean, nabarmentzekoak dira, batetik, euskara eta norbanako identitatearen artean egin duten lotura; eta bestetik, euskara-eskola binomioa; alegia, euskara eskolan darabilten hizkuntza moduan bizi dute. Foroan etxeko euskaldunek parte hartu duten heinean, euskara familia eta etxekoekin lotu dutenik ere izan dira. Aitagarria da pertsona bakarrak batu duela euskara egunerokotasunarekin, Bilboko gazteen bizitzan euskarak duen presentzia urriaren erakusgarri. Ildo horretan, euskara herrietan mintzatzen den hizkuntza dela ere sarritan iradoki dute; ez, ostera, Bilbo bezalako hirietan.
Nolakoak gara Bilboko gazteak eta zein hizkuntzarekin identifikatzen gara?
Nolakoak zarete Bilboko gazteak galderari erantzuterakoan, partaideek irudi eta ideia ugari plazaratu dituzte. Hala ere, gehien errepikatu dituztenak jaia, sare sozialak, itxuraren garrantzia, moda, musika eta askatasun nahia izan dira.
Ezaugarri horiek hizkuntza batekin edo bestekin identifikatzerakoan, gaztelania izan da nagusitu den hizkuntza. Hori horrela, ingelesak ere presentzia nabarmena bereganatu du globalizazioarekin estu lotutako elementuetan, esaterako, teknologien erabileran, sare sozialetan, modan zein musikan. Euskarak ere presentzia handia bereganatu du lotura joko horretan. Dena dela, partaideek aitortu dute euskararekiko lotura horiek praktikoak baino sinbolikoak direla gehiago. Alegia, Athletic, jaiak zein manifestazioak euskararekin harremantzen dituzten arren, praktikan, espazio horietan ere gaztelaniaren erabilera nagusitzen da.
Bilboko gazteak irudikatu eta euskararekiko lotura burutzerakoan, partaideek Bilboko gazteen artean bi profil nagusi bereizi dituzte: alde batetik, gizarteko arazoen aurrean interes berezirik ez duten gazte pasiboak; eta bestetik, kale kulturan parte hartzen duten gazte militanteagoak. Partaideek “gazte euskaldunak” bigarren profilarekin lotu dituzte. Ildo berean, partaideen artean sarri aipatu da Bilboko gazte gehienek euskara identifikazio politiko jakineko pertsona eta gazteekin lotzen dutela. Egun, Bilboko gazte gehienek, euskal hiztunak izanik ere, identifikazio horri hain indartsu eustea deigarria da. Hala ere, aipatzekoa da partaideen artean gazte euskaldunaren iruditeria hori apurtzeko beharra ere azpimarratu dela, gazte euskaldun eta euskaltzaleen baitan profil aniztasun handia dagoela aldarrikatuz.

Ikerketa honek xede dituen Bilboko gazteen artean ere, erdia baino gehiago euskalduna izan arren, euskararen erabilera oso murritza da.
Bilboko gazteen euskararen erabilera, gakoak eta oztopoak
Ikerketa honek Bilboko gazteen euskara erabilera murritza dela berretsi du. Partaideen esanetan, gazte gehienen kasuan euskararen erabilera eremu akademikora mugatzen da. Eskolaz kanpoko jardueretan, lagunartean, aisialdian, etab. gaztelania da jaun eta jabe. “Gazte euskaldun” moduan definitu ditugun horien kasuan ere euskararen erabilera oso enblematikoa izan ohi da; gaztelaniazko elkarrizketetan agurrak, esaldi laburrak euskaraz esaten dituzte eta modu horretan euskal kutsua eskaintzen diote elkarrizketari. Hala ere, euskara hutsez burutuko den elkarrizketak ia ezinezkotzat jotzen dituzte. Partaide batek esandako moduan, Bilbo bezalako hiri batean gaztelania beti egongo da presente.
Bilboko gazteen erabilera urriaren jakitun, partaideei euskara erabiltzeko gakoen eta oztopoen gainean hausnartzeko eskatu zaie eta hauexek izan dira erantzunak. Partaideen esanetan, Bilboko gazte askok euskara eskolarekin eta inposizioarekin lotzen dute, eskolan euskaraz hitz egitera behartuta sentitu baitira. Gazte askorentzako euskara ikasgai bat baino ez da. Gainera, euskara irakasteko moduak ere ez du euskara maitatua izaten laguntzen partaideen iritziz, gramatikara oso fokalizatuta baitago irakaskuntza. Hori guztia dela eta, gazte ugarik ez dute euskararekiko barne sentimendurik garatu eta hizkuntzarekiko motibazio eta konpromiso falta ere handia da, estu lotuta dagoena gazteek eskolan izandako esperientziarekin. Dena dela, partaide gehienek bat egiten dute aipatzerakoan gazte askorentzat eskola funtsezkoa izan dela euskara ikasteko, askok ez baitute euskara etxean ikasteko aukerarik izan.
Bestalde, partaideen esanetan Bilboko gazteek euskararen inguruan aurre-iritzi ugari agertzen dituzte. Esaterako, aurrerago aipatu bezala, gazte askoren ustetan euskara politikoki oso markatuta dago eta ideologia politiko horrekin identifikatu ezean euskararekin ere ez dira identifikatzen.
Egunerokoan euskara gehiago erabili nahi duten partaideek behin baino gehiagotan aipatu dute gazte gehientsuenen artean euskarak duen irudia muga dela euren ohitura linguistikoak aldatu eta euskara erabiltzen hasteko. Izan ere, gazte askok euskaraz hitz egin nahi duena edo euskararekiko atxikimendua agertzen duena “arraro” edo “pringao” moduan ikusten dute; izan ere, partaide batek argiro adierazi bezala, euskara ez dago modan.
Euskara erabiltzeko zailtasunen artean presentzia handia bereganatu duen beste elementu bat gazteek euren euskara gaitasunarekiko azaltzen duten atsegin eza da. Partaide askok adierazi du euskaraz ez dutela gaztelaniaz beste erraztasun, eta horrek ahalegin estra eskatzen diela euskaraz hitz egiteko. Halaber, eskolan ikasitako euskara formala lagunartean erabiltzeko egokia ez dela aipatzen dute; alegia, lagunarteko erregistroa faltan sentitzen dute. Bestalde, badirudi batueraz hitz egiten duten partaide batzuk euskalkian berba ez egiteagatik bigarren mailako euskaldun sentitzen direla. Hortaz, euskalkiei eskainitako toki pribilegiatuak komunikazioan ere badu eraginik, asko baitira euskalkian hitz egiten duen pertsona edo talde batekin topo egiterakoan lotsa, beldurra, urduritasuna, etab. sentitzen dutenak eta, ondorioz, gaztelania hitz egiteko hautua egiten dutenak.
Halaber, partaideen esanetan, Bilbo bezalako hiri batean erabilera enblematikotik errealera salto egiteko, komunikazio hizkuntza euskara izango duten guneak eta ekimenak sustatu eta sortzeak berebiziko garrantzia dauka.
Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko proposamenetan aintzat hartu beharrekoak
Aurreko guztia kontuan izanik, partaideei gazte bilbotarren artean euskararen erabilera sustatzeko arrakastatsu izan daitezkeen ekimenak diseinatzeko eskatu zaie, eta proposamenen artean hainbat elementu interesgarri mahai-gaineratu dituzte. Hasteko, euskara esparru ludikoarekin lotzeko beharra agertu dute hura “guaya” izan daitekeela frogatu ahal izateko. Ildo horretan, ekimenak gazteengandik eta gazteentzako sortuta izatea proposatu dute; nolabait, gazteen bizi estiloari egokituta egotea. Era berean, euskal erreferente erakargarriak proposatzea zentraltzat jo dute, euskararen erakargarritasunean sakontzeaz gain, euskaldunaren irudi monolitikoa gainditzeko eta profil ezberdinetako euskaldunak badirela erakusteko. Alderdi linguistikoari dagokionean, gazteek garrantzia handia eskaini diote lagunarteko erregistro ez formala lantzeari eta, aldi berean, haien euskara batua legitimatzeari,bakoitzak duen aldaerarekin gustura senti daitezen.
Bestalde, kontraste mintegian eragileek gazteek foroan egindako proposamenekin erabateko sintonia agertu dute. Horrela, gazteak euskarara erakartzeko eta harekiko barne sentimendua lantzeko, hizkuntza lagun giroko harreman pertsonaletara eramateak duen garrantzia azpimarratu dute. Hala, proposamen gehienak gazteen aisialdira bideratu dituzte, nahiz eta eskola girorako zein mundu digitalerako ere planteatu dituzten iradokizunak.
Halaber, gazteen artean euskara sustatzeko bidean, euskararekiko atxikimendua duten gazteekin lan berezia egitea proposatu dute. Batetik, gazte horien bakardade sentimendua gainditzeko eta ahalduntze linguistiko prozesuak abian jartzeko, saretze lana egiteak duen garrantzia azpimarratu dute; eta bestetik, gazte horiek gainontzeko gazteentzako erreferente bilakatzeak izan dezakeen potentziala era azpimarratu dute.
Aldi berean, euskaraz eskaintzen diren ekimenetan gazteen arteko komunikazio hizkuntza euskara izateak dakartzan erronken gainean ere aritu dira eragileak. Horrela, partaideen artean kontzientzia soziolinguistikoa sustatzeko aurre-lanketa bat egitea aproposa litzatekeela agertu dute eta baita ahozkotasuna zein erregistro ez formala lantzeko zein sortzeko metodologia berritzaileak saiatzea.
Amai dezagun esanez…
Hurrengo urteetan euskal hiztunen goranzko joera mantenduko dela dirudi. 2036rako ume eta gazteen %83,4 euskalduna izatea aurreikusten da (Baztarrika eta Erize, 2016); baina goranzko joera horrek erabileran ere isla izan dezan, funtsezkoa da han eta hemen garatzen diren diagnosiak oinarri hartzea. Ikerketa honek agertu dituen emaitza asko ez dira berriak; hala ere, zenbait ideia konfirmatu ditu eta lanean jarraitu ahal izateko nondik jo behar den jakiteko argibideak ere agerian utzi ditu. Bilboko gazte gehienak euskaratik urrun samar sentitzen diren arren, foroko partaideen eta eragileen iritziz hauek euskarara erakartzea posible da euskarak gazteen bizitza ludiko sozialaren parte izatea lortzen baldin badu. Hortaz, esparru horretan euskararentzako ekimen berriak garatzea funtsezkoa da. Beraz, jarri ditzagun indarrak horretan!
[1] Erakunde parte-hartzaileak honako hauexek izan ziren, Bilboko Udaleko Euskara, Kultura eta Gazteria sailak, Azkue Fundazioa, Kafe Antzokia, Bilboko Konpartsak, Ibarrekolanda BHI, Soziolinguistika Klusterra, AEK, Euskaltzaleen Topagunea, Artez Euskara Zerbitzuak eta Elhuyar Fundazioa.
[2] Ikerketaren emaitza, txosten osoa.