
Gaiak
Euskararen sustapenerako adostasun sozial berriak: azterketa soziolinguistiko bat Nafarroan
Eremu urriko hizkuntzek, gizartean duten zeregina zalantzan jartzen duten eztabaidak jasan behar izaten dituzte maiz. Arazo hau oso hedatua dago munduan zehar, nahiz eta itxura edo intentsitate-maila desberdinak hartu hizkuntzen, gizarteen edo garaien arabera.
Euskarak ere arazo hori bera du. Gogoan izan behar da EAE, Nafarroa eta Iparraldeko herritarren % 56 euskara sustatzearen alde dauden bitartean, % 44 ez daudela alde (ez alde ez aurka, edo aurka); eta Nafarroan, % 33 alde daudela eta % 67 ez (VI. Inkesta Soziolinguistikoa, 2016). Beraz, euskara sustatzeko adostasun sozial plural berriak sortzeko edo birsortzeko beharra orokorra dela esan liteke.
Arazo hori Nafarroatik aztertzeko, ikerketa soziolinguistiko bat burutu da 2017an, Eusko Ikaskuntzak, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak sustatua eta Xabier Erize soziolinguista nafarrak zuzendua, talde bikain batekin elkarlanean.
Lanaren helburu orokorra nafar gizarteko euskarari buruzko adostasun eta desadostasunen oinarri diskurtsiboak argitzea izan da. Eta, horri lotuta, bi helburu espezifikoak izan dira: Nafarroako herritarrek euskararen inguruan dituzten nahi eta behar desberdin erantzuteko gai izanen diren adostasun berrien proposamenak identifikatzea etorkizunari begira; eta euskarari buruzko oinarrizko desadostasunak eta hurbiltzeko balizko aukerak identifikatzea.
Parte-hartzaileak Nafarroako gizartean erreferenteak diren 24 lagun izan dira. Parte-hartzaileen aukeraketa oinarrizko hiru irizpideri jarraituz egin da: (i) gizarteko aniztasun linguistiko eta ideologiko politikoa ahalik eta leialtasun handienarekin islatzea, ez bakarrik euskaratik hurbileko sektorea, (ii) sentsibilitate desberdin guztiak goi mailako kualifikazioa duten pertsonek ordezkatuta egotea, eta (iii) genero parekidetasuna egotea. Pertsona hauek maila pertsonalean aritu dira, eta ez dute konpromisorik hartu, ez haien artean ez gizartearen aurrean. ¡Mila esker guztiei!
Ikerketa ekimen berritzaile eta asmo handikoa izan da, bai euskararen ikerketa soziolinguistikoaren alorrean, bai Nafarroako hizkuntza politiken alorrean. Okerrik ezean, ez da aurkitu hau bezalako ikerketen aurrekaririk ez euskararen literatura soziolinguistikoan ezta nazioarteko literaturan ere.
Abiapuntua izan da aitortzea euskarari buruzko nahiak eta beharrak handiak edo oso handiak izaten ahal direla batzuengan eta urriak edo hutsalak besteengan, eta erdietsitako adostasunek bi aldeak asetzea lortu beharko luketela.
Halaber, garrantzitsua da azpimarratzea proiektu honetan espresuki planteatu dela pertsonei buruz hitz egitea, eta ez hizkuntzei buruz abstraktuki hitz egitea, “euskararen beharrak” edo “gaztelaniaren beharrak” aipatuz, nahiz eta hori egin ohi den hizkuntzei buruzko eztabaidetan.
Hipotesia hau izan da: abiapuntuan desberdintasun ideologiko, linguistiko eta bizipenei dagozkienak eta eztabaida sozialeko giroa gertatzen badira ere, elkargune plural egoki bat eratzen bada, ikerketan parte hartzen duten pertsonak euskararen inguruko oinarrizko adostasunen proposamenak identifikatzera iritsi daitezke.
Metodologia adituen talde-dinamikekin egindako ikerketa soziolinguistiko kualitatibo bati dagokiona izan da, eta diskurtsoen analisiarekin eta inkesta soziolinguistikoen ustiaketarekin konbinatu da. Edozein kasutan, nabarmendu behar da metodologia modu originalean pentsatu dela lan honetarako, aurrekari falta kontuan hartuta.

Ikerketa ekimen berritzaile eta asmo handikoa izan da, bai euskararen ikerketa soziolinguistikoaren alorrean, bai Nafarroako hizkuntza politiken alorrean.
Hiru kontzeptuk zeharkatzen dituzte ikerketa hau eta bere azterketa: (i) euskararen sustapenaren ondorioetan bidezko interesa duten aldeen arteko elkarrizketa (stakeholder engagement), (ii) diskurtso sozialak, eta (iii) erresonantzia soziala, euskara sustatzearen aldeko sektoreen eta gizarte orokorraren artekoa.
Nabarmentzekoak dira parte-hartzaileen interakzioa gidatu duten irizpideak: entzutea; entzuna sentitzea; errespetatzea; errespetatua sentitzea; arrazoiak zein sentimenduak edo emozioak aintzat hartzea; bestearen tokian jartzea; adostasunak bilatzea.
Helburuen eta hipotesiaren betetze maila oso handia izan da. Lanak ebidentzia enpirikoen bidez erakutsi du elkarrizketarako borondatea badagoela eta euskarari buruzko pentsamendu, sentsibilitate edo lehentasun desberdinak dituzten pertsonek akordioak lortzen ahal dituztela. Garrantzitsua da azpimarratzea ikerketan ez dela nabarmendu gizartean hain zabalduta dagoen ideia bat, zeinak esaten baitu euskarari buruz dagoen gatazka dela-eta adostasunetara heltzea ia ezinezkoa dela.
Azterketaren emaitza nagusia da parte hartu duten pertsonek lortu egin dutela euskarari buruzko oinarrizko eduki batzuk adostea. Honela laburbildu daitezke:
- “Erdal eta euskal hiztunen arteko errespetua, bi hizkuntzak gureak baitira; eta euskara babestea eta sustatzea”.
- Planteamendu horrek, itxuraz xumea lirudikeen arren, proiektuan bertan sortutako euskarari buruzko diskurtso berri eta partekatua laburbiltzen du eta ez dago aurreko literaturan dokumentatuta edo identifikatuta, eta bide informalagoetan ere ez.
- Proiektuaren balorazio oso positiboa, ezberdinen arteko elkarrizketarako eta kontsentsurako metodologiagatik, eta horrelako elkargune pluralekin segitzeko gogoa: “Asko gustatu zait pertsona desberdinekin egotea eta denon artean hitz egitea. Elkargune hau bikaina da, segitu behar da saio gehiago egiten gauza hauei buruz hitz egiteko eta oinarrizko adostasunak sortzeko”.
- Oinarrizko balio linguistiko partekatuen marko iraunkorra: euskara babestea eta sustatzea, borondatezkotasunetik abiatuta: “Inposaketari ihes egitea, eta euskara borondatezkotasunez, gradualtasunez eta errespetuz sustatzea”; “epe luzera balio izaten jarrai dezaketen euskarari buruzko aurrera begirako kontsentsuak, adostasun zabaletan oinarritzeagatik sozialki eta politikoki iraunkorrak izatea, atzera egiteko tentaziorik gabe”.
Aurrekoan sakonduz, ikerketan agertu diren adostasun eta desadostasun gehienak Sustatzea/Oztopatzea eta Borondatezkotasuna/Inposaketa bi ardatz kontzeptualen inguruan artikulatzen dira:
Adostasuna lortu duten edukiek sustapenaren eta borondatezkotasunaren ezaugarriak biltzen dituzte (euskararen sustapena borondatezkotasunarekin) eta polo horietatik gertu kokatzen dira bakoitzari dagokion ardatzean. Bestalde, parte-hartzaileek (guztiek edo batzuek) inposiziotik edo oztopatzetik hurbilekotzat hartutako edukiek desadostasuna eragin dute: euskararen sustapena inposaketaz egitea, zein euskara oztopatzea.
Ikerlan honetan, emaitzak bezain garrantzitsua izan da prozesua bera: ezberdinen arteko errespetuzko elkarrizketaren prozesua.
Azterketa honek inplikazio sozialak izaten ahal ditu eta etorkizunean baliagarria izaten ahal da eragile linguistikoentzat (Administrazio publikoak, oposizioa, erakunde sozial eta akademikoak, norbanakoak...) euskara edo eremu urriko beste hizkuntza batzuk sustatzeko hizkuntza politikak diseinatzerakoan; gaian bidezko interesa duten alde desberdinen arteko elkarrizketan oinarrituta, herritarrekin bat datozen erresonantzia sozial zabalak lortzeari begira.
Ikerketak gizartean funtziona lezaketen planteamenduei buruzko zantzuak ematen ditu, eta funtzionatzeko zailak liratekeenei buruzkoak ere bai. Hala eta guztiz ere, horrek ez du esan nahi identifikatutako adostasun horiek gaur egun existitzen direnik dagoeneko gizartean esplizituki. Etorkizunean izaten ahal duten gauzatze maila hizkuntza-politiken eragileek beraiek zein herritarrek egiten dituzten aukeren araberakoa izanen da, ingurune soziala ere kontuan hartuta.
Aurrera begirako ikerketetan, azterketa honen ikuspegian sakontzea komenigarria litzateke. Alegia, gizartean dauden profil linguistiko eta sentsibilitate ideologiko-politiko guztiak ordezkatzen dituzten pertsonekin egitea, azterketa horiek gizartearen ahalik eta islarik leialenak izan daitezen, ez euskaldunen edo euskaran interesa dutenen isla soilik. Euskarari buruzko lanetan ez da oso ohiko ikuspegia izaten, baina azterketa honetan oso emankorra izan da.