734 Zenbakia 2018-10-24 / 2018-12-02

Gaiak

Euskararen biziberritzea edota euskaraz garatu nahi duen komunitatea?

MANTEROLA GARATE, Ibon

Euskararen Etorkizuneko Eszenatokiak Elkarrekin Eraikitzen” (e5) egitasmoan parte hartzea esperientzia oso aberasgarria izan da. Euskaraz garatu nahi duen komunitatearen gaineko hausnarketak partekatzeko aukera eman du eta bide horretan, ekarpenak dimentsio askotakoak izan dira. Lehenik eta behin, uste dut e5 egitasmoak euskararen komunitatea bera indartu duela, aukera eman baitigu euskararen komunitateko askotariko eragile eta kideei mahaian bildu eta komunitatearen inguruko diagnostikoak eta aurrera bideak partekatzeko. Puntu honetan, egitasmoak badu ñabardura garrantzitsu bat, polizentrismoa eta sinkronizazioa kontzeptuekin azaldu izan dena (Irizar, 2017). Batetik, komunitatearen garapenaz zer esana duten eta komunitatearen garapena ahalbidetuko duten eragileak asko eta izaera ezberdinekoak direla azpimarratzen da, bakoitzari bere eragin esparruak aitortuta (polizentrismoa). Bestetik, eta aurrekoari lotuta, ez da bilatzen komunitateko eragileen eta kideen arteko iritzi eta posizio uniformerik, baizik eta posizioen sinkronizazioa, hau da, eragileen ahaleginak bateratuak izatea, baina eragile bakoitzak ahal duen neurrian. Elementu hauek kontuan hartuta, e5 egitasmoaren prozesua bera, parte hartzearen metodologiari dagokionez, ekarpena izan daiteke euskararen komunitatearentzat.

Bigarrenik,  bereziki azpimarratu behar da “euskararen biziberritzea” hausnarketen foku izatetik, “euskaraz garatu nahi duen komunitatean” arreta jartzera pasa garela. Hainbat galdera interesgarritara eraman gaitu posiziondu berriak: zer da euskaraz garatu nahi duen komunitatea? Ikuspuntu metodologikotik, nola aztertu komunitate horren gaur egungo egoera, etorkizunerako jomugak eta jomuga horretarako garapen bideak?

Egitasmoaren fokua komunitatean jartzea e5 egitasmoko parte hartzaileoi zer pentsatua eman digun elementua dela esango nuke. Saiatu gara arreta ez jartzen euskararen egungo egoeran, ezta hemendik 20 urtera euskararen egoera prospektibo batean ere. Hau da, arreta gune nagusia ez dira izan hiztunen portzentajeak, euskararekiko jarrera positiboen portzentajeak edo D ereduan matrikulatuta dauden ikasleen portzentajeak. Kontuan hartu ditugu datu kuantitatibo hauek, eta beste mordo bat ere bai, baina datu horiek euskararen komunitatearen garapenari ze ekarpen egin diezaioketen interpretatzen saiatu gara.

Dena dela ere, hizkuntzatik komunitaterako foku aldaketa honek ez du hizkuntzaren garrantzia gutxiesten. Izan ere, komunitateak garapena euskaraz egin nahi horretan, hizkuntza bera ere garatuko du, ezinbestean. Har dezagun euskal eskolaren adibidea: euskararen komunitatea garatzeko asmoz, euskarazko eskolatze sistema hedatzen hasi zen, poliki-poliki, orain 50 urte inguru. Hedatze prozesu hark, hizkuntzaren prestigioa hobetzea ekarri zuen, hiztun kopurua eta erabilera-esparruak ugaritzearekin batera. Garapen hau egin ahal izateko, ezinbestekoa izan zen, eta gaur egun hala da oraindik, hizkuntza bera garatzea, izan ere, besteak beste, testuliburuetara egokitutako testu-generoak, terminologiak eta abar sortu behar izan ziren, eta dira. Edo irakasleen prestakuntza aurrera eramateko askotariko baliabide didaktikoak garatu behar izan dira, eta horrek hizkuntzaren corpusa garatzea ekarri du.

Zer da, ordea, hizkuntza komunitatea? Non daude komunitatearen ertzak, baldin badauzka behintzat? Nor sartzen da, eta beraz, nor ez, gaur egungo euskararen komunitatean? Ala Euskal Herriko biztanle guztiak (diaspora ahaztu gabe, noski) ote dira euskararen komunitateko kide? Hizkuntzaren arabera mugatzen den giza-taldea izanik hizkuntza komunitatea, hizkuntzaren ze dimentsioren arabera defini liteke komunitatea? Hauek, edo antzekoak, e5 egitasmoa ondu ahala sortu eta erantzun behar izan ditugun galderak dira. Erantzun bila, aukera bat izan zitekeen hizkuntza konpetentziaren irizpidea erabiltzea komunitatea definitzeko orduan. Horrela, euskaraz dakitenek osatuko lukete euskararen komunitatea. Euskaraz hitz egiten dakitenek edota hitz egiten ez, baina euskaraz ulertzen dakitenek. Irizpide honi dagokion datu kuantitatiboa ematearren, esan beharko genuke, 2016ko inkesta soziolinguistikoaren arabera (Eusko Jaurlaritza, 2016), Euskal Herriko biztanleen  %44,8 liratekeela euskararen komunitatea osatzen dutenak (biztanleen .4 euskaraz hitz egiteko gai dira, eta %16.4, hitz egiteko ez, baina ulertzeko bai). Inkestan “Erdaldun” deitzen direnak (%55.2), ez lirateke euskararen komunitateko kide.

Bigarren aukera bat izan zitekeen hizkuntza gaitasunean ez, baizik eta erabileran jartzea arreta. Hau da, euskaraz hitz egiten dutenak lirateke euskararen komunitateko kide. Adibide gisa datu kuantitatibo batzuk ematearren, inkesta soziolinguistikoaren arabera, biztanleen %16.5 lirateke komunitateko kideak, hau da, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenak. Edo kale-neurketaren arabera, berriz, biztanleen %12.6 lirateke komunitateko kideak, alegia, euskaraz kalean aritzen direnak.

Gaitasunaren eta erabileraren irizpideak erabilita, euskararen komunitatearen garapena ahalbidetu duten eragile asko komunitatetik kanpo geratuko lirateke. Bai kuantitatiboki, eta baita kualitatiboki ere. Euskaraz ulertzeko gai izan gabe ere, ikastolen, gau eskolen, hedabideen eta gainontzekoen sorreran eta sustapenean ibili zirenak ez ote ziren euskararen komunitateko kideak orain dela 50 urte inguru? Edo gaur egun D ereduaren etengabeko matrikularen hazkundea ahalbidetzen duten guraso asko eta asko, euskaraz apenas ezer ulertzen ez dutenak, ez dira euskararen komunitatea garatzen ari D ereduaren aldeko bere hautuarekin?  

Galdera hauek, eta antzekoak, mahai gainean izan ditugu e5 talde eragilean, eta erantzunerako bidea Paula Kasaresen (2014; 2017) lanetan topatu dugu. Nafarroako (zehazki, Iruñeko eta Iruritako) familietan haurrak euskaraz nola hazten diren ikertu du Kasaresek, haurren euskarazko sozializazioa ahalbidetzen duten ideologia, estrategia eta praktika linguistikoak identifikatuta. Hizkuntzan ardaztutako hizkuntza komunitatearen definizioak dauzkan mugak azaltzen ditu Kasaresek (2017: 41) :

“Duela hiruzpalau hamarkada ez bezala, haurrak euskaldun bilakatzen diren inguruneen aniztasunak hizkuntzan guztiz ardazturik ez dagoen hizkuntza-komunitate kontzeptura eraman behar gaitu”.

Kasaresek azpimarratzen du saihestu egin behar dela hizkuntza komunitatearen gaineko ikuspegi homogeneizatzailea, dela euskara gaitasunean oinarritua, dela euskararekiko atxikimendu edo jarrera mota batean oinarritua (2014: 102):

“Nire idurikotz, egun haurrak euskaldun hazteko bidean inplikatutako subjektuek euskararekin eratu dituzten askotariko harremanen aniztasunak euskal komunitatearen balizko irudikapen homogeneoa pitzatu eta hizkuntzari guztiz loturiko adigaia baliatzea ezinezko bihurtzen du.”

Hizkuntzari erabat lotua den ikuspegiaren mugak agerian uzterakoan, Kasaresek garatzen duen ideia da “komunitate” deituko diogun giza-taldeko kide guztiek ez dutela euskara modu berean partekatzen, alegia, ez dagoela hor euskararekiko harreman “zurrun eta mugiezina” (2014: 106), kide guztiei aurrez emana eta denek berdin bere egin dutena. Aitzitik, komunitateko beste kideekiko elkarrekintza jardueretarako baliabidea da euskara. Jarduera den aldetik, kide bakoitzak, bere subjektibotasunetik abiatuta, askotariko gaitasun, praktika eta atxikimenduak garatuko ditu euskararekiko.

Gasteizko e5 kongresuari erreferentzia eginez, esango nuke Jacqueline Urlak (2018) ere antzeko bidetik jo zuela: azpimarratu zuen hizkuntza biziberritzeko plangintzen egungo teorizazio batzuek hizkuntzaren jarduera-dimentsioan ipintzen dutela fokua, eta ez hainbeste hizkuntzaren beraren sistema gramatikal-lexikoan. Hiztunengan oinarritutako hizkuntza plangintzaren teoriari erreferentzia eginez (Makoni & Pennycook, 2005), aldarrikatu zuen hizkuntzarekiko askotariko gaitasun, praktika eta atxikimenduak dituzten hiztunengan oinarritu behar dela hizkuntzen biziberritze teoria. Urla berak nabarmendu zuen moduan, E5 egitasmoaren ikuspuntua, komunitatearekiko ikuspegi malguan ardaztua, guztiz bateragarria da hiztunengan oinarritutako hizkuntza biziberritze teoriekin.

Denborak esango du nolako ibilbidea egiten duen hizkuntzaren biziberritzea komunitatearen garapenari ardaztua proposatzen duen ikuspegi teoriko-metodologikoak euskararen biziberritzearen inguruko teorizazioetan.

 

Bibliografia

Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua & Euskararen Erakunde Publikoa (2016). VI. Inkesta soziolinguistikoa. Euskararen eremu osoa. https://www.irekia.euskadi.eus/uploads/attachments/9954/VI_INK_SOZLG-EH_eus.pdf?1499236557 [Azken kontsulta: 2018-10-29]

Irizar, M. (2017). Euskara biziberritzeko ibilbidea: azterketa kritikoa. In J. Goirigolzarri, X. Landabidea & I. Manterola (koord.), Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktika berriak birpentsatzen: Bilbo: UEU.

Kasares, P. (2014). Euskaldun hazi Nafarroan: euskararen belaunez belauneko jarraipena eta hizkuntza sozializazioa familia euskaldunetan. Bilbo: Euskaltzaindia.

Kasares, P. (2017). Euskararen transmisioa. Berrikuspena hizkuntza-sozializazioaren paradigmatik. In J. Goirigolzarri, X. Landabidea & I. Manterola (koord.), Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktika berriak birpentsatzen: Bilbo: UEU.

Makoni, S. & Pennycook, A. (2005). Disinventing and (Re)Constituting Languages. Critical Inquiry in Language Studies, 2:3, 137-156.

Urla, J. (2018). “Speaker-Centered” Design of Language Planning. Hitzaldi gonbidatua. Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen (e5) kongresua. Gasteiz: 2018-10-19.

Ibon Manterola (UPV/EHU)
ELEBILAB ikertaldea & Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedra
e5 egitasmoko talde eragileko kidea