Zazpi urte bete dira 2010ean Gasteizko Letren Fakultatean Literatura, zinema eta mendiari buruzko jardunaldiak egiten hasi zirenetik, eta badirudi euskal arlo akademikoan mendiek interesa piztu dutela ordutik hona. Oraintsura arte jorratu gabeko ikerketa eremu berri bat zabaltzen ari den adierazgarri da, halaber, 2015/2016 ikasturtean EHU/UPVk eta UEUk elkarrekin antolaturiko mendizaletasunaren inguruko ikastaroa; zoritxarrez, egitasmo horrek ez du jarraipenik izan. Euskal Herria orokorrean eremu menditsu batean kokatua egonik, harritzekoa da erakunde akademikoetan hain berandura arte ez sumatzea herritarren artean oso hedaturik dagoen zaletasun bat. 1975ean, Euskal Mendizale Federazioak argitaratzen duen Pyrenaica aldizkarian, zale bat kexu zen ea zergatik ez zegoen Jon Bilbaoren bibliografian euskarazko mendi literaturako liburuen aipamenik. Ordutik aurrera, erakunde publiko nahiz pribatuek lagundu egin dituzte euskarazko mendi literaturako argitalpenak, baina 1970eko hamarkadaren amaieran bertan unibertsitate publikoan hizkuntzaz eta literaturaz arduratzen den fakultatea sortu arren, beste hiru hamarkada igaro beharko ziren literaturaren arlo berezi honek ikerlari eta irakasleen arreta jasotzeko. Europan, aldiz, XIX. mendearen amaieratik aurrera gutxienez, mendiarekin zerikusia duten idatziek izan dute literaturaren ikasketen barnean lekutxo bat; kontuan izan behar metropoli handienetan oso erroturik egon dela mendizaletasuna, baita irakasleen artean ere, edo batez ere. Are gehiago, XIX. mendetik aurrera, jakintzaren hedapenak eta mendizaletasunak harreman estua daukatela uste izan da.
De Saussure genevarrak bultzaturiko Mont Blanc mendiaren igoera XVIII. mende amaierako mugimendu ilustratuaren garaipentzat jo zen. Kant filosofoak berak goraipatu zituen naturalista suitzarraren igoerak, eta Europaren gailurretik Zientziaren iluminazioa hedatzen irudikatu zuen: zientzia-gizonak goialdetik kontenplatzen zuen dibertsitatean osotasuna. Zirrara iraultzaile horrek erakarri zituen erromantikoak Alpeetara, ia-ia suitzarren eredu errepublikanoak beste. XIX. mendearen erdialdean, eliteko ikastetxe garestietan eskolatuak ziren goi mailako britainiarrek jarraituko zieten erromantikoei. Zientziaren aurkikuntzak alde batera utzita, sportsman britainiarrek beste jarrera bat izango zuten mendiarekiko; aurrerantzean, indar fisikoa eta adimena erabilirik, gailurrera iristen lehena izatea eta gainerako kideak aurreratu eta gailentzea izango zen helburua. Gailur altuenak zapaldurik zeudenean, bide zailenei ekingo zieten. Alpine Clubeko mendizaleek euren igoerak klubaren buletinean jasotzen zituztelarik, estilo akademikotik gertu zegoen idazteko modu bat garatu zuten. Mendearen bukaerarako, berriz, narrazioen corpus handia sortu zenez, harrezkero bazegoen mendizaletasunaren historia jarraitzeko baliabide bat. Esan daiteke mendizaletasunaren historiak pizten zuen interesetik iritsi zirela aztertzera mendiak garai diferenteetan literaturan izan duen irudia.
Henri Beraldi frantziarrak, zazpi liburukitan bildu zuen Cents ans aux Pyrénées obra monumentala.
XX. mendea hastean, Oxfordeko Magdalen Collegen ikasi zuen Coolidge alpinista iparramerikarrak mendiarekin zerikusia zeukaten testuak bildu eta frantseseratu zituen. Bere antologian sartu zituen, adibidez, suitzarrek XVI. mendean mendi esplorazioez idatziriko hainbat testu, edo Nafarroako errege-erreginen ahaidea zen François de Foix Candale apezpikuak Midi d’Ossau mendia igotzeko egin ei zuen saiakeraren kontaketa. Henri Beraldi frantziarrak, berriz, zazpi liburukitan bildu zuen Cents ans aux Pyrénées obra monumentala; Ramond de Carbonnières lehen pirinieista erromantikoaren obretatik abiatuta, Beraldiren ikerlanean jasotzen dira Pirinioen inguruko literaturako obra nagusien iruzkinak. 1912an, apur bat geroxeago, Oxforden egin ziren mendizaletasunaren inguruko lehen jardunaldiak. Unibertsitate horretako Bodleian liburutegiaren barne dagoen Oxford Mountaineering Library delakoak aditzera ematen du akademiko ingelesek gaiarekiko izan duten interesa. Lehen Mundu Gerraren ostean, berriz, mendi literaturako obren irakurketa ideologikoagoa eta politikan zentratuagoa egin zen. Esaterako, Douglas Freshfield legelari ingelesak de Saussureren bizitza Genevako giro iraultzailean kokatu zuen, naturalista suitzarraren joera liberal moderatua goraipaturik. 1930ko hamarkada gatazkatsuaren hasieran, Claire-Éliane Engel frantsesak Parisko Sorbonan literatura konparatuaren arloan mendi literaturari buruzko lehen doktorego tesia burutu zuen; Ilustraziotik aurrera mendiaren aurkikuntzan, mendiarekiko sentimenduaren garapenean eta europar zibilizazioaren funtsatzean frantses eta britainiarrek izan zuten eginkizuna azpimarratu zuen. Bi hamarkada gerago, Engelen ildoari jarraituta, europar zibilizazioaren bilakabideak sentsibilitate estetiko berri baten sorrerarekin izan ei zuen harremanaren gaiari ekingo zion Marjorie Hope Nicolson estatubatuarrak, eta antzerako interpretazioak egin dituzte gaur egun ere hainbat ikerlarik, hala nola Cambridge unibertsitateko Robert MacFarlane irakasle britainiarrak.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren mendi literaturaren ikerketak jauzi egin zuen mendizaleen klubetatik eta museoetatik unibertsitate mundura. Mendearen azken laurdenean sortu izan dira, batez ere, mendi literaturaren inguruko jardunaldiak, festibalak eta sariak. Aipatzea merezi du Leedseko unibertsitatearen inguruan 1987tik aurrera antolatu zuten International Festival of Mountaineering Literature; jardunaldi horietan eskaintzen ziren The Boardman Tasker Prize for Mountain Literature sariko epaiaren argibideak, eta jardunaldien emaitzak Orogenic Zones liburuan bildu ziren. Antzerako jardunaldien emaitzak bilduz, ordutik hona hainbat artikulu bilduma argitara eman dira, adibidez, Françoise Bessonen gidaritzapean Toulouseko unibertsitatean 56 ponentzia jasotzen dituen lan mardula argitaratu zen 2010ean. Ikerketa-egitasmo batetik sortu zen urte bi geroago alemaniar ikerlarien Heights of Reflection: Mountains in the German Imagination from the Middle Ages to the Twenty-First Century liburua; mendiaren sentimendua, Ilustraziotik aurrera garatu den pertzepzio berri baten ondorioa baizik ez dela dioen teoria ezeztatu nahi izan zuen egitasmo horrek.
XX. mendearen azken laurdenetik ugaritu egin dira bibliografia lanak, aipagarriak dira Neate (1980), Yakushi (1984), Colett (1986) edo Labarere-k (1986) argitara emandakoak, eta bereziki azpimarragarria da Yakushi japoniarraren lana: 800 orrialde inguruko bibliografia honek 4.500 libururen berri ematen du, horietatik 800 japonieraz idatziak.
Azken aldian, akademikoek idatziriko dibulgazio lan ugari sortu da “narratiba akademikoa” deritzan generoan. Ikerketa akademikoan ohikoak eta beharrezkoak kontsideratzen diren zenbait prozedura kritiko alde batera utzi eta modu libreagoan tartekatu dira irakaslearen bizipenak eta eguneroko jarduera akademikoen emaitzak; azken finean, genero hau ez da larregi aldentzen Ilustraziotik aurrerako naturalisten ibilaldien kontaketetatik edo saiakeretatik. Craig (1995) edo Gifford (2004) britainiarrek eta Marshall (2003) edo Slovic (2008) iparramerikarrek ibilaldi nahiz eskaladen narrazioekin elkartu izan dituzte mendi literaturaren inguruko hausnarketa sakonak.
Mundu mailan mendi literaturaren ikerketak izan duen bilakaerari buruzko azalpen labur hau amaitzeko, karrera akademikoaren baitan, masterreko tesina nahiz doktoregoko tesi ugari argitaratu dira Engelek Sorbonan berea defendatu zuenetik hona. Azken urteotan, Ipar Amerikan batez ere, asko ugaritzen ari dira mendi literaturaren inguruko ikerketak; diziplinartekotasuna da nagusi halako ikerketetan eta dirudienez badira zenbait gai ikertzaileei bereziki erakargarriak egin zaizkienak: erromantikoen mendizaletasuna, espedizio handien narrazioen irakurketa postkolonialista, mendizaleen idatziak eta generoa, etab.
Horrela laburbil daiteke Euskal Herritik kanpo ikerketak izan duen bilakaera, itzul gaitezen gurera. Gorago aipatu ditugu unibertsitatean azken aldian sortu diren egitasmoak, baina aurretik ere badauzkagu zenbait aurrekari. Miguel de Unamuno filosofo bilbotarrak XX. mendearen lehen hamarkadetan mendian eginiko ibilaldiak paisaia humano eta fisikoa interpretatzeko baliatu zituen. Ondo ezagutzen zuen bere garaiko ikertzaileek idazten zuten literatura akademikoa; Unamunorengan eragin handia izan zuten, adibidez, Bagnères-de-Bigorren 1901ean sorturiko Société Ramond elkarteko kide zen Élisée Reclus geografo anarkistaren obrek. Pirinioetako ur eta mendi osasungarriek balnearioetara erakarririk, britainiar ugarik parte hartu zuten elkarte bearnotarrean, eta kide fundatzaileek Alpine Cluben buletinean ere idazten zuten sarri. Elkartearen buletinean kolaborazioak egiten zituen Wentworth Webster apaiz mendizalearen lanak ospetsuak dira gurean; oinez egiten zituen ibilaldiak mendialdean in situ informazioa jasotzeko baliatzen zituen batzuetan. Unamunorengan sumatzen dira jakintsuen elkarte horietan publikatzen ziren idatzien oihartzunak. Aiako Harritik Euskal Herria oinpean kontenplatu zuen Reclusengandik jaso zuen, adibidez, euskara eta euskal kultura zibilizazioaren korronte nagusian desegin behar zirelako ideia, edo historian zehar mendiaren pertzepzioak bilakabide bat izan duen teoria. Garaiko giroan antzerako ardura existentzialak zeuzkan Kataluniako Joan Maragall idazlearekin ere partekatzen zituen Unamunok hainbat gauza; menditik eginiko ibilaldiak lurraldea eta herria ezagutzeko eta ezagutarazteko aitzakia ziren biontzat. Unamunoren analisia, ordea, arlo akademikotik abiatu arren, unibertsitatetik kanpoko ekimena da, aisialdiko zaletasun batekin eta dibulgazioko literaturarekin erlazioa duena gehienbat.
Haritz Monrealen Mendi literatura liburua.
1920ko hamarkadan, Cambridge eta Salamancan ikasi zuen Manuel de la Sota getxotarrak ere, Euskal Mendizale Federazioko presidente hautatu zutelarik, Pyrenaica aldizkarian mendi literaturari buruz idatzi zuen nahiko, baina beharbada garrantzitsuagoa da aldizkariari eman zion norabidea. Zuzendari zela, aldizkarian egin ziren atzerriko idazleen aipamenak, eta haien eragina sumatzen da Sotaren eta beste artikulugile batzuen idatzietan. Ekimen hau ere ezin da berez arlo akademikoarekin zuzenean erlazionatu, baina hastapentzat jo daiteke bederen.
Hurrengo hamarkadak, ia XXI. mendera arte, antzuak izan dira mendi literaturaren ikerketan. Gorago zehaztu ditugun unibertsitate eremuko ekimenetatik landa, aipatu beharko genuke Claude Dendaletche naturalista-antropologo lapurtarrak Pirinioetako literaturari buruz egin dituen bibliografia lanak (2005 eta 2010). Amaitzeko, norabide aldaketa honen barne sartu beharko dugu artikulu honen egileak 2017an argitara eman duen Mendi literatura liburua; Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak publikatua, unibertsitate berean defendaturiko doktoregoko tesi batean du oinarria. Itxarotekoa da arlo akademikoan joera berri baten adierazle izango direla azken aldiko ekimen horiek guztiak, eta etorkizunean ikerlan gehiago burutuko direla.