1. Afasiologiaren aro klasikoa
“Afasia” hitza burmuineko lesio baten ondorioz gertatzen diren hizkuntza arazoei deitzen zaie. Afasian, hizkuntza modalitate desberdinak kaltetu daitezke, hala nola: ahozkoa, idatzizkoa, keinu hizkuntza, ekoizpena, ulermena, ... Gainera hizkuntza atal berezi batzuk kaltetu daitezke soilik: fonetika (hots, soinuen ahoskera); semantika (hots, hitzen esanahia). “Afasiologia” afasiari buruzko ikerketa lanei deitzen zaie. Gertakari hau aztertuz, 19. mendeko neurologoek (Broca, 1861; Wernicke, 1974), urrats handi bat egin zuten neurozientzien ikuspegitik: batetik burmuineko kalte batek hizkuntza arazoak eragiten zituela erakutsiz, hizkuntzaren gaitasuna burmuinak duela manatzen ulertzen zen; bestetik, manifestaldi (edo “sintoma”) afasikoak mota ezberdinetakoak izan zitezkeela erakutsiz, hizkuntzaren gaitasuna maila desberdinetako azpi-prosesuez antolatzen zela ulertzen zen ere.
2. Afasiaren kanpoko faktoreak
Afasia “hartutako hizkuntza arazoa” dela ere erraten da, burmuineko lesioak eragindakoa delako eta ez delako hizkuntza garapeneko arazo bat. Hots, afasia burmuineko lesioaren ondorioa da; gaixo afasiadunaren hizkuntza normalki garatu zen bere haurzaroan. Gainera, ingurumen linguistikoaren arabera, izan liteke istripua baino lehen gaixo afasiaduna elebidun edo eleanizdun izatea. Eta kasu askotan, gaixo afasiadunaren bi hizkuntzak kaltetuak badira ere, gerta daiteke afasiaren ondorioak maila ezberdinetakoak izatea hizkuntza batean ala bestean (Pitres, 1895). Adibidez, batzuetan gaixoaren ama-hizkuntza (lehenik ikasitakoa) ager daiteke gutien kaltetua baina beste batzuetan, gutien kaltetua den hizkuntza da istripu garaian gaixoak gehien erabiltzen zuena, nahiz eta bere ama-hizkuntza ez izan. Gertakari hauei “Riboten legea” (lehen hizkuntza = gutien kaltetua) eta “Pitresen legea” (gehien erabilia = gutien kaltetua) deitu zaie. Gure belaunaldian, maiz gerta daiteke heldutasunean eta haurtzaroan erabiltzen diren hizkuntzak ez beti berdinak izatea (adibidez, euskaraz haurtzaroan eta heldutasunean euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez). Kasu elebidun edo eleanizdunen azterketak, kanpoko faktoreek —hala nola ingurune soziolinguistikoak— afasiaren bilakaeran eragina zutela aditzera eman dute. Jabekuntza adinak bai eta ikaste prozesuek (hots, nola ikasiak diren hizkuntzak: etxean ala ikastegian; inplizitoki ala esplizitoki) memoria prozesu desberdinak ere inplikatzen dituztela erakutsi dute zientzia kognitiboetako ikerketa lanek. Memoriari loturiko azpi-prozesu horiek burmuinean banatuak direnez, elebidunen hizkuntzak ezberdinki kaltetu daitezke lesiogunearen arabera (Ullman, 2004; Paradis, 2001). Ondorioz, burmuinaren funtzionamendua baldintzatzen dituzten kanpoko alderdiak ere (ingurumen linguistikoa; ikaste-ereduak) kontuan hartu behar dira ikerketa afasiologikoan.
3. Barneko faktoreak
Bestalde, 20. mende erditsutik, afasiaren azterketa linguistikoak egiten hasten ziren hizkuntza-barneko faktoreek (hots, gramatika) sintoma afasikoak baldintzatzen zituztela erakutsiz (Alajouanine, 1939; Jakobson 1963). Hizkuntzalarien ekarpena ikerketa afasiologikoan aldarrikatzen hasi zen, ondoko arrazonamendu logikoari jarraikiz: afasian hizkuntza bada kaltetua, beraz hizkuntzaren egituran adituak direnen jakintza beharrezkoa da (Jakobson, 1963). 20. mende erditsutik aurrera, hizkuntzalaritzak ekarpen handia eskaini dio ikerketa afasiologikoari: luzaz eredutzat hartu zen “Lichteim-Wernicke-Geschwind” izeneko hizkuntzaren arkitektura neurokognitiboaren eskema alde batera uztea eta horren ordez, eskema finago bat definitzea ahalbidetu du (Sahin, Pinker & Halgren, 2009). Konparatu hemen azpian, ezkerrean 150 bat urtez eredutzat hartu den eskema, eta eskuinean gaur egun hizkuntzaren neurozientzia kognitiboetan onartzen den eskema finagoa (Hickock and Poeppel 2007; Hagoort and Poeppel, 2013):
NB: Bi eskema hauek, Hagoort and Poeppel (2013)-tik hartuak dira.
4. Afasiologia eta hizkuntza aniztasuna
Azpimarratzekoak dira ere 20. mende bukaeratik ikerketa afasiologikoan egiten hasi diren hizkuntzen arteko konparaketa lanak (Menn and Obler, 1990). Afasiologia klasikoan aztertuak izan ziren hizkuntzak familia berekoak edo hurbilekoak ziren : indoeuropearrak, erromantzeak eta germanikoak, gehienbat. Hala ere, egoera horrek sintomatologia afasikoaren azkerketa asko murrizten zuen jakinez eta hizkuntza bakoitzaren ezagaurri gramatikalek sintoma afasikoak baldintzatzen dituztela (Nespoulous, 1999). Ondorioz, hizkuntza multzo mugatu baten oinarrian aurreratu ziren hipotesia gehienak beste hizkuntzetan ere egiaztatzen diren aztertzea da ikerketa afasiologiko konparatzailearen helburua, neurozientzia kognitiboen ikuspegitik (Pourquié 2011, 2013). Adibidez, Broca afasia agramatikoan, aditz jokabidea kaltetua dela frogatu da hizkuntza anitzetan eta sintoma hau forma desberdin bat hartzen duela hizkuntzaz hizkuntza (Bastiaanse, 2002). Euskaraz, inglesez bezala, agramatismoan batzuetan aditz-jokabidea ez da ekoiztua (adibidez “gizona ateratzen” / “gizona ateratzen da”-ren ordez; “the man leave” / “the man leaves”- en ordez erratea); aldiz gaztelaniaz, eta beste hainbeste hizkuntzatan, hau ez da gertatzen (“El hombre sal-” / “El hombre sale”-ren ordez), gaztelaniaren ezaugarri gramatikalek ez dutelako huts mota hori gertatzea ahalbidetzen. Eta txineraz, aditz jokabiderik ez bada, orduan afasia agramatikoa ez ote da gertatzen? (Packard, 1990) Askotariko manifestaldi hauek amankomunean zer duten definitzeko balio du ikerketa afasiologiko konparatzaileak.
5. Ondorioak
Laburbilduz, gaur egungo ikerketa afasiologikoak esparru bat baino gehiago bateratzen ditu eta afasiaren azterketak diziplinartekotasuna eskatzen du, ondoko irudiak irudikatzen duen bezala:
1. irudia. Ikerketa afasiologikoaren diziplinartekotasuna.
NB: Irudi hau Pourquié (2017)-tik hartua da.
Irudi horrek eskuinetik ezkerrera erakusten du burmuineko hizkuntzaren eremuetan gertatzen den lesio batek urradura kognitibo bat eragiten duela eta horrek hizkuntzaren ekoizpen edo ulermeneko zailtasunak eragiten dituela gaixoarengan. Marrak munduko hizkuntza aniztasuna sinbolikoki erakusten du : urradura kognitiboaren azaleko manifestaldiak nahi eta nahiez hizkuntza baten ezagaurri gramatikalen filtrotik pasako direla adierazi nahi du. Hiru geziek gaixoaren gaitasun eleanizduna erakutsi nahi dute.
Euskal gizartea hala da: gaixo euskaldun guziek erdaraz badakite. Batzuek ongi, beste batzuek gutiago. Azken egoera horretan, larri izan daiteke gaixo euskalduna erdaraz bakarrik aztertzea, berez istripua baino lehen bere hizkuntza erabiliena edo jaiotzetik bere hizkuntza euskara baldin bada. Gainean aipatu dugun bezala, hizkuntzaren jabekuntza-adinak eta hizkuntzen erabilpen maiztasunak eragin dezakete afasiaren kaltearen larritasuna. Gizarte elebidun asko daude munduan eta elebitasuna kontuan hartzea arlo kilinikoan aldarrikatzen da (Kopke eta Prodhomme, 2009). Hala eta guziz ere, gaur egun, gaixo afasiadun euskaldunak ez dira modu estandarizatu batean aztertzen euskarari egokitutako azterketa tresnen eskasagatik. Bidean dagoen tresna berri batek oztopo horri aurre egingo diolakoan dihardute ikerlariek, Europa mailan. Eta proiektu horren barnean, euskarazko egokitzapena egiten ari da (Munarriz eta Pourquié, bidean; Fyndanis et al., 2017)
21. mendean afasia zerbitzu neurologotik kanpo ere aztertzen dela erakusteko xedea zuen artikulu horrek. Gainera, hizkuntzen arteko konparaketak eta eleanizdunen azterketak neurozientzia kognitiboen ikuspegitik balio handikoak direla azaldu nahi zuen. Euskaraz ikerketa afasiologikoa garatzen ari da (Erriondo, 1995 ; Erriondo eta Laka, 2001 ; Laka, 2003 ; Ezeizabarrena eta Laka, 2006 ; Pourquié, 2011, 2013, 2017a, b ; Adrover et al. 2011 ; Munarriz 2015a,b ; 2016 ; 2017 ; Arantzeta et al. 2017). Zalantzarik gabe, ikerketa eta gizarte mailan ondorio baikorrak ekarriko ditu, orain arte arlo horretan guti aztertu den hizkuntza baten datuak argitara emanez, bai eta euskaldun afasiaduneri beren ama-hizkuntzan eta hizkuntza erabilienean aztertuak izateko parada eskainiz.
Erreferentziak:
Alajouanine, T., Ombredane, A. & Durand, M., (1939). Le Syndrome de Désintégration Phonétique dans l’Aphasie. Paris: Masson.
Adrover-Roig, D., Galparsoro-Izaguirre, N., Marcotte, K., Ferré, P., Wilson, M.A., & Ansaldo, A.I. (2011). Impaired L1 and executive control after left basal ganglia damage in a bilingual Basque-Spanish person with aphasia. Clinical Linguistics and Phonetics, 25(6–7), 480–498.
Arantzeta, M., Bastiaanse, R., Burchert, F., Wieling, M., Martinez-Zabaleta, M., & Laka, I. (2017). Eye-tracking the effect of word order in sentence comprehension in aphasia: Evidence from Basque, a free word order ergative language. Language, Cognition and Neuroscience.
Arantzeta, M. (2017). Sentence comprehension in monolingual and bilingual aphasia: Evidence from behavioral and eye-tracking methods. Groningen, NL: Groningen Dissertations in Linguistics (GRODIL). ISBN: 978-90-367-9635-4.
Bastiaanse, R., Rispens J., Ruigendijk, E., Rabadán, J. & Thompson, C.K. (2002). «Verbs: Some properties and their consequences for agrammatic Broca’s aphasia. » Journal of Neurolinguistics, 15, 239-264.
Köpke, B., & Prod’homme, K. (2009). L’évaluation de l’aphasie chez le bilingue: une étude de cas. Glossa, 107, 39–50.
Broca, P. (1861). Remarques sur le siège de la faculté du langage articulé, suivies d’une observation d’aphémie (perte de la parole), Bulletin de la Société Anatomique 6 : 330-357.
Jakobson, R., (1963). Essai de linguistique générale. Tome I. Edition de Minuit, Paris.
Hagoort P. & Poeppel D. (2013). The Infrastructure of the Language-Ready Brain in Language, Music, and the Brain, edited by Michael A. Arbib. Strüngmann Forum Reports, vol. 10, J. Lupp, series ed. Cambridge, MA: MIT Press.
Hickok, G. & Poeppel, D. (2007). The cortical organization of speech processing. Nature Reviews Neuroscience, 8, 393-402.
Erriondo Korostola, L. (1995). Afasiko elebidunen hizkuntz trebetasunen azterketa (PhD Dissertation), Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, tesis y disertaciones académicas. Bilbao: Servicio de Publicaciones de la UPV-EHU.
Erriondo Korostola, L., & Laka I. (2001). Aphasia manifestations in Basque. Journal of Neurolinguistics, 14(2–4), 133–157.
Ezeizabarrena, M.J., & Laka, I. (2006). Itzuleraren hipotesia: Jabekuntza eta afasiaren erkaketa. In B. Fernández & I. Laka (Eds.), Andolin gogoan. Essays in honour of professor Eguzkitza (pp. 367–382). Bilbo: EHUren argitalpen zerbitzua.
Fyndanis, V., Lind, M., Varlokosta, S., Kambanaros, M., Soroli, E., Ceder, K., Munarriz, M. PourquiéM.... Howard, D. (2017). Cross-linguistic adaptations of The Comprehensive Aphasia Test : Challenges and solutions. Clinical Linguistics & Phonetics, 31(7–9), 697–710 Laka, I. (2003). Agramatismoaren sintomak euskaraz, in J. M. Makatzaga & B. Oyharçabal éditeurs IKER 14 (I) Euskaltzaindia/Real Academia de la Lengua Vasca/Académie de la Langue Basque Bilbao.
Menn, L. & Obler, LK., (1990). Agrammatic Aphasia, A cross-language narrative sourcebook, Amsterdam: Benjamins.
Munarriz, A. (2017). The influence of structural distance in cross-linguistic transfer: a case study on Spanish-Basque bilingual aphasia. In Bellamy, K.; Child, M.; Muntendam, A. & Parafita Couto, M. C. (Eds.), Multidisciplinary approaches to bilingualism in the Hispanic and Lusophone world. Amsterdam: John Benjamins.
Munarriz, A. (2016) Afasia hizkuntzaren antolaketarako Erakusleiho Aphasia: a window into the organisation of language, EKAIA Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzi Eta Teknologi Aldizkaria, (30).
Munarriz, A. (2015a). Hizkuntzen antolaketa burmuin elebidunean: gaztelania-euskara elebidun afasiko baten kasu-azterketa. UPV/EHU.
Munarriz, A. (2015b). Irudikapen fonologikoa gaztelania-euskara afasia elebidunean. In Ezeizabarrena, M. J. & Gómez, R. (Eds.), Eridenen du zerzaz kontenta. Sailkideen omenaldia Henrike Knörr irakasleari (1947-2008). Bilbo: UPV/EHU, 437-456.
Munarriz, A. Ezeizabarrena, M. J. & Gutierrez-Mangado, M. J. (2014). “Differential and selective morpho-syntactic impairment in Spanish-Basque bilingual aphasia”. Bilingualism: Language and Cognition, Vol.19, 810-833.
Nespoulous, J-L, (1999). Universal vs Language-Specific Constraints in Agrammatic Aphasia: Is Comparatism Back?, Language Diversity and Cognitive Representations, edited by Catherine Fuchs, Stéphane Robert.
Packard J.L., (1990). Agrammatism in Chinese, in Agrammatic aphasia: a cross-language narrative sourcebook . Vol. 1-2. Vol. 3: Control subjects . Menn, Lise / Benjamins.
Paradis, M. (2001). Bilingual and polyglot aphasia. In BERNDT, R.S. (Ed.), Handbook of Neuropsychology, 2nd edition, 69-91. Amsterdam: Elsevier Science.
Pourquié, M. (2017a). Afasiaren azterketa hizkuntza ezberdinetan neurozientzia kognitiboaren ikuspegitik. EKAIA Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzi Eta Teknologi Aldizkaria, (31).
Pourquié, M., Nespoulous, JL (2017b, in press). On linguistic properties of verbal number systems: A cross-linguistic study of number transcoding errors observed in a Basque-French bilingual patient with aphasia. Lingua.
Pourquié, M. (2013). Verb processing in Basque and French agrammatic aphasia: A “post lexical access” deficit. Aphasiology, 27 (12), 1472–1510.
Pourquié, M. (2011, Tesi lana, argitaratugabea). Approche neuropsycholinguistique du traitement des verbes dans l’aphasie agrammatique. Etude translinguistique de cas : basque et français Laboratoire Jacques Lordat, Unité de Recherche Interdisciplinaire Octogone, Université de Toulouse-Le Mirail, France.
Sahin, N. et al., (2009). « Sequential Processing of Lexical, Grammatical, and Phonological Information Within Broca’s Area » Science 326, 445.
Ullman, M. T. (2004). Contributions of memory circuits to language: the declarative / procedural model. Cognition, 92 (1–2), 231–270.
Wernicke, C., (1874). Der aphasische Symptomenkomplex. Eine psychologische Studie auf anatomischer Basis. Breslau: M. Cohn et Weigert.