695 Zenbakia 2015-03-04 / 2015-04-01

Gaiak

Euskal elizaren historia

ARBELBIDE, Xipri

Lehen giritinoak

Duela 2000 urte, Euskaldunak kurutzatzen ziren gutartean zeuden erromatarrekin, funkizionario, soldado eta beste. Hor gaindi ibili dira Euskaldunak bereziki armadetan, hala nola Erroman, Augusto inperadoaren zaindari berezien taldean, bainan ere Eskozian eta Holandan : Cohortes Vasconum. Horietan badira giristinoak kurutzatuzituztenak eta konbertitu zirenak. Zeledonio eta Emeterioa martirioak, III. mendekoakdira. Beleian daukagu munduko kurutze zaharrena : gezurrezkoa dela diotenek ez dute behin ere frogatu hala denik.

Beren artean biltzen ziren, batzu besteen etxeetan, Pauloren giristinoak bezala. Gero dira etorri obispoak eta elizak, hauk, etxeak bezala lehenik lurrez, gero zurez.

Giristinoak minoria bat baizik ez ziren. Mendez mende da herria giristinotu. XIV. mendean oraino errausturik ehortzi zituzten hilak Eiheralarreko harrespil batetan. Ondoko mendean Barbazan Iruñako apezpikuak aipu ditu « Judu, mahometar eta bestepaganoak. » Gure elizak zurezkoak izan dira luzaz Elexabeitiakoa bezala. Bide luzea

Zer heinetaradino ziren giristino, apezak analfabetoak zirelarik ? XIII. mendean bi aldiz aurkitu ditugu 4 kalonje analfabeto Iruñako katedralean ! Barbazan apezpikuak atera zuen 12 orrialde egiten zuen dotrina liburu bat... apezendako ! Gaurko haurrek gehiago badakite !

1100 irian Arnalt Santxo bat dueluan ari izan zen konte kaskoin batekin, Sordeseko monastegian Jainkoa otoiztu ondoan. Etsaia hil zuen. Jainkoari eskerren bihurtzeko kaskoa hartu zion, sudurra, mihia eta barabilak moztu eta esker onez, denak eskaini zizkion Sordeseko elizan Jainkoari. Ez Otsozelaiko laminei, giristinoa baitzen eta egiazko Jainkoan sinesten ! Trentoko kontzilioa

Trentoko kontzilioarekin ziren gauzak aldatzen hasi, seminarioak sortu baitziren apezak formatzeko : Baionakoa lehenik 1722an. Lehen katixima ere ordukoa dugu, Leizarraga protestantarenaren ondotik! Andalusiako mahometarrek lehenago izan zuten arabierazkoa bai eta Mekzikako indioek nahualtezkoa!

Nolako apezak ziren ? Tarragonako atxapezpikuak egin zuen Nabarrako itzulia 1295an : emazte batekin bizi ziren 450 apezen izenak ematen ditu. 1625an Gonzalez del Castillo Kalagorriko apezpikuak Erroman erran zuenaz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zernahi apez beren emazte eta haurrekin bizi ziren.

Apezpikuak ez ziren hobeak : 7. mendean, Eauzeko apezpiku ziren Palacius eta Sidocus, aita semeak. Izendatuak izan ondoan, badira agerraldi bat edo beste baizik egin ez dituztenak. Rochefort d’Ailli bat ez omen da behin ere agertu Baiona bere diosesan XVI. mendean ! 1838an Ribes Kalagorrikoaren arabera, 30 urte hartan apezpikurik ikusi ez zuten parropiak baziren.

Horiek denek erakusten digute uratsez urrats, emeki emeki garela aurreratzen. Gizarte bat ez da egunetik biharrerat aldatzen. Eta gelditzen zaigu oraino bide... Zuhaitzaren fruituak

Donamartiko elizan oso ongi ikusten da bost aldiz handitua izan dela mendeetan barna.

Arte horretan ere sineste berriak eman zuen fruiturik. Fruituetarik jujatzen baita zuhaitza Jesusek erran duenaz. Gorago aipatu Arnalt Santxoren urteetarik eta orain arte zer ez da aldatu ! Beharrean zirenetaz ardura izan duen lehena izan da Eliza. Ospitaleak sortu ditu, pobreentzat, gaixoentzat, beilarientzat. Estadoak gaixoak bere gain hartzea, oso gauza berria da. Gu haurek ezagutu ditugu, etxez etxe zebiltzan serorak, pikurak egiteko, gaixoak artatzeko. Nihon ez zen Estadoak pagatu erizainik. Esker onez, kilo bat lursagar, bi arroltze edo pinta bat esne ematen zitzaien. Herrietako neska eskolak, mojek sortuak dira, XIX. mendean eta hor ere musu truk aritzen ziren.

Irakaskuntza, Elizaren gain izan da duela mende bat arte. Monastegi eta katedralen itzalean sortu dira lehen eskolak eta gero herriko elizaren babesean. Ordenagailurik gabe prefosta. Afrikako mezkitetan ikusi ditugun oholak iduriko zerbait zuketen beren tresna bakarra, garaiko umeek.

Unibersitateak Elizari zor dizkio Euskalherriak, Oñatin 1571an sortu zuen hartarik hasi eta gaurkoetarat : Deustu XIX. mendean, Opus 1952ean. XX. mende ondarrekoa baizik ez da publikoa. Iparraldean, nekazaritza lizeo guziak Elizarenak dira. Publikorik ez da.

Nahiz batere ez den haren saila, ekonomiari ere ekarpen handiak egin dizkio Elizak. Denek ezagutzen dute Arrasateko kooperatiben sarea, bainan XX. mende hastapenetik sortua zuten Nabarran nekazari kooperatiba eta kutxen sarea Bitorinao Flamarike eta Antonio Ioldi apezek.

Beren herritik kanpo lan ederrik egin dute Euskaldunek ; nork ez ditu ezagutzen Loiolako Iñaki, Jatsuko Frantses, Juan Zumarraga, Gazteizko Frantses ? Eta zenbat misiolari 1339n Mongolian hil zen Paskual Bitoriatik eta Iñaki Elakurria, gure azken martiriorat? Salterra Bizkarraz, Ghandik erran zuen, Gure erlisionea barnatik eta alderdikeriarik gabe ikertu duen lehen europearra da. 1961an, 7681 apez, fraide eta moja bazen munduan barna hegoaldeko lau probintzietarik. Azpimarratzekoa da 200 kardinaletarik zazpik izen euskalduna dutela eta Eliza zaharberritzeko Frantses Aita Sanduak hartu zazpi kardinaletarik bi, euskaldun umeak direla Errazuriz eta Madariaga, hau delarik denen buru.

Hogeigarren mende erdian izan da gorenean gure Eliza. Indalezio Prietok zuen erraten : A ! Si todos catolicos españoles o la mayor parte de ellos fueron como ustedes ! Sozialista baten ahotik ez da gutiestekoa. Garonatik Ebro hegoalderateko eremua euskalduna zen.

Ez ziren patar guziak ordoki. Oroit Frankok Jefe Nacional de Prentsa y propaganda izendatu zuela Fermin Izurdiaga apez Nabartarra. Hemen Eskualduna astekaria Alemanen alde eman zen. Lehenago, Independentzia lortu zutelarik, Kubatik lekuak hustu zituen Saenz de Urturi hango apezpikuak, bere giristinoetaz zioela : Veo en ellos a los enemigos de mi patria, los que la han humiliado y abofetado.

Bainan Mateo Muxika, Antonio Pildain, Antonio Añoveros bezalakoen izenak dira geldituko historioan. Bai eta apez langileena edo Conversaciones Católicas Internacionales sortu zituen Carlos Santamariarena. Beherakada

Bururatzeko galdera bat : zerk egin du horrelako beherakada hoin epe laburrik barne ? Munilla, Izeta eta Aillet apezpiku berriek ? Beherakada lehenagokoa da. Ez ote Amurizak kantatzen baitzuen Eleiza pobrea denontzat hobea, gaur nornahik badaukala delako kotxe luzea, ez baitu Betelem eta Jesusen Berri Onarekin deus ikustekorik...

Euskal elizaren historia