695 Zenbakia 2015-03-04 / 2015-04-01
Boterea, diskurtsoa eta subjektibotasuna. Nikaraguarren migrazio esperientzia Nafarroan tesiaren laburpena.
Tesi-zuzendaria: Kepa Fernandez de Larrinoa
Elkarri lotua den eta elkarren menpean bizi den mundu globalizatu honetako migrazio-gertaerak badituzte ezaugarri berriak beste garia batzuetako eta leku batzuetako mugitzeekin. Emigrazio eta immigrazioa betikoa izan arren ez dirudi historiatik ikasi dugunik egoera hauek modu egoki batean kudeatzen, justizian eta parekotasunean oinarritutako jendarteak eratzeko. Merkatuek helburu utilitaristekin eragiten dituzte migrazioak eta politikariek neurri murriztaileak aplikatzen ahalik eta etekin gorenak atera ditzaten bai batzuk bai besteek.
Nikaraguan kolonizatuak izan ziren eta neokolonizazioaren menpe jarraitzen duten populazioak, beren herrialdean burututako borrokak fruiturik eman ez dutenean, egoera ekonomiko eta soziala hobetzeko asmoz, kolonizatzaile horiekin dituzten lokarriei jarraituz migratzen dute. Lehenengo Ameriketako Estatu Batuetara, geroago Espainiar estatura, nahiz eta hurbiltasunagatik baita Ertamerikako beste herrialde batzuetara ere joan. Datu ofizialek diotenez gaur egun bertako biztanleriaren % 13 atzerrian bizi da, baina ziur aski gehiago ere izan daiteke.
Politika neoliberalaren menpe dagoen herri txiki honetan, beste askotan bezala; desoreka ekonomiko handiak sortu eta mantentzen dira, eta horrek biztanleak jatorriko herrialdetik aterarazi ditu, beren herrialdean betoa jarria duten aukeren bila. Ustezko erabaki askeen azpian edo gainean prozesu kolonialetan errotutako, egiturazko elementuak aurkituko ditugu, mendekotasun horiekin zerikusia dutenak.
Nikaraguarren presentzia Nafarroan prozesu berria dugu, azken 15 urteetakoa hain zuzen ere. Talde txikia beste etorkin batzuekin alderatzen badugu, gutxiengo bat gutxiengoen artean baina esanguratsua lagin moduan hartzeko eta Europaz kanpoko immigranteen egoera aztertzeko, Europar Batasunaren barrutik etortzen direnek beste kategoria batean sartzen bai dira Atzerritarren Legearen arabera eta horrek eramaten gaitu etorkin guztiak zaku berdinean ez sartzera eta berezitasun horiek aztertzera. Politika neoliberalaren menpe dagoen herri txiki honetan, beste askotan bezala; desoreka ekonomiko handiak sortu eta mantentzen dira.
Argazkia: CC BY - V
Nikaraguar gehienek, beste migrante askok bezala gaur egun, lehenengo urteak iritsierako jendarte honetan modu irregularrean edo paperik gabe pasako dituzte. Hau izango da mendebaldeko gobernuek probokatutako egoera bat, etorkin hauek baliogutxitzeko eta otzantasuna gorpuzteko, botere mekanismo bat etorkinak diziplinatu eta manupean edukitzeko. Prozesu horretan, arauz kanpo eta susmagarriak izatearen erru-sentimendua barneratzen da migratu duten pertsonengan; logika horretan, baldintza duinak eskatzeko eskubiderik ez duten langile gisa agertzen dira, garai hauek menpekotasun-onespenaren ikastaldiak bihurtuz. Ondorioz, pertsonarik indartsuenek, sendoenek eta saiatuenek soilik lortuko dituzte beren hasierako helburuak.
Irregulartasuna esplotazioaren oinarri bihurtzen da. Paperik gabekoak mantentzea onura ekonomikoak ateratzearen helburuari atxikia dago, lan diskriminazioa instituzionalizatuz, eskulan merke, baliagarri eta erabilgarri bihurtzeko taktika, maila sozialak finkatzeko estrategia. Honen osagai izango ditugu hedabideetako eta erakundeetako diskurtsoak, mezuak, balorizazioak, immigrazioa “arazo” ekonomiko edo sozialtzat hartuz edo liskarrekin lotuz, kopurua mugatzearen beharra behin eta berriro azalduz eta “etxekoak” lehenengo garen ideia azpimarratuz, ekonomia globalizatua dagoen garai hauetan, jendearen eskubide unibertsalak, justizia eta demokrazia alde batera utziz.
Alteritatea edo bestetasuna, kolonizazio prozesu, mendekotasun, inposaketa eta ukazio-harremanei loturik dago. Etnozentrismotik abiatuz harreman asimetrikoak normalizatu ditu eta paternalismoa bultzatu kristau baloreetatik abiatuz baina “besteen” gutxiestea justifikatuz “gu” bezalakoak izan artean. Legeari jarraitzen zaio bai, hartutako neurriek eragiten dieten herrialdeen parte-hartzerik eta onespenik gabe sortutako legeari; eta, ondorioz, ikaragarri areagotu da, azken mendeetan, herrialde aberatsen eta txirotutakoen arteko distantzia eta desberdintasuna.
Etorkinen mendekotasuna forma askotakoa da gure jendartean. Gehienetan migrazio-prozesuarekin berarekin hasiko da (pasaportea edo bisa ematen dion funtzionarioarekin). Bizirik irauteko, bere egoera arautzeko, ezkutatzeko eta oreka psikikoari eusteko, instantzia sail baten menpe geldituko da; enpresariak edo enplegu-emaileak, administrazioak, abokatuak, elkarteak eta GKEak, talde konfesionalak, beren etnia-sareko kideak eta beste, behar izango dituzte irregulartasun epe hori gainditzeko, eskubideen logika mesedeen eta indar harremanen logikan gelditzen delarik, erakundeen betebeharra talde humanitarioen esku utziz eta autonomi eza areagotuz.
Nabarmentzekoa da migrazioen feminizazioa. Nikaraguakoari dagokionez Nafarroan kolektiboaren %77a emakumezkoa da. Gehienak etxeko lanetan eta zaintzetan aritzen dira, irregulartasun indize handiak izanik. Hor agertzen zaigu gure jendartearen eskaera eta gabezia, zainketa lanak emakume eta gizonen artean partekatze ezarengatik.
Baina, nahiz eta immigrazioari oro har eta emakume immigranteei bereziki lan eskuaren merkantilizazioak balioa kendu, lan etnografikoa egiterakoan ikusi da migrazioak nikaraguar emakumeak, indartzen dituela, haien auto-estimua areagotu egiten dela independentzia ekonomikoaren bitartez, autonomia finkatu eta, erabakitzeko gaitasuna sendotu egiten dela, eskubideak izateko eskubideaz jabetzen direlako. Herrialdetik ateratzeak, begiak ireki arazten dituelako, zaintza lanetan ezinbestekoak direla konturatzen direlako, eta iritsiera jendartean jatorrizkoan baino segurtasun sozial eta ekonomiko gehiago aurkitzen dutelako.
Aipatzekoa da pertsona hauen malgutasun kulturala egoera eta erronka berriei aurre egiteko. Esan daiteke talde honetako emakumeak eta gizarte-maila xumekoak hobeto hornituta daudela gizonak eta erdi-mailako klasea baino, migrazioak dakartzan bizi-baldintza gogorrei aurre egiteko. Erdi-mailakoen nortasuna astindua gertatzen delako, zenbait lanek haientzat adierazten duen prestigio ezari eta umilazioari aurre egin behar dietelako; eta horrek zaildu egiten ditu aurrerapen ekonomikoak ekartzen dituen onurak.
Ikerketan azaltzen da iritsierako jendarteko gizarteratze prozesuan migratuen identitatea aldatzen doala. Pertsona horiek, mugatuak izan arren beren asmoak beste leku batzuetan jaio izateagatik, eta, horretaz gainera, jendarte berrian asimilazio eta bazterketa prozesuei aurre egin behar izan, ikertua izan den taldearen migrazio-esperientziak, oro har, balantze positiboa du, nahiz eta ez egon gatazka eta bidegabekerietatik libre. Alde batetik ongizate-estatuarekiko sentitzen duten nolabaiteko “miresmena” dago eta ematen diren hobekuntza azkarrak lanaren ondorioz. Bestaldetik aurkituko ditugu familiarengandik urruti egotearen atsekabeak eta arrazakeriak sortzen dituen erresuminak. Nikaraguakoari dagokionez Nafarroan kolektiboaren %77a emakumezkoa da. Gehienak etxeko lanetan eta zaintzetan aritzen dira.
Argazkia: CC BY - Ángel Raúl Ravelo Rodríguez
Gure jendartea aurretik ere kultur-anitzekoa izan arren immigrazioak aniztasun hori ageriagoan jarri du. Ikerlanean kulturartekotasunaren onurak azpimarratzen dira. Taldeen arteko harremanetan oinarritzen den eredua izanik, betiere, aniztasunaren aitorpenetik abiaturik eta bakoitzaren berezitasunak errespetatzen direnean, taldeen arteko harreman hauek menpekotasunik gabeko negoziazioan finkatzen direnean.
Kulturartekotasunaz hitz egiteak inklusioaz mintzatzea ere dakar. Baina ikusten da inklusioa edo integratzea ezinezkoa dela erabateko herritartasunera jotzen ez denean, bazterketa kategoriak eraikitzen dituen Atzerritarren Legea dagoenean, lehen aipatutako debaluazio mekanismo guztiak abian daudenean eta bertako biztanleriak horretan duen erantzukizuna bere gain hartzen ez duenean. Bertakotzean bi aldeak daude inplikaturik, negoziazio harremanak beharrezko izanik, baina harreman hauek asimetrikoak direnez asimilazio prozesuak bultzatzen direla ikusten da, besteari eskubide asko ukatuz, kultura hegemonikoaren arauak inposatuz.
Lotura historikoetan oinarritutako gizarte eraikuntza berrian, immigranteak, botere mekanismoek ezartzen dituzten kontrolguneei zirrikituak aurkitzen dizkiote. Kulturartekotasun eremu txikiak eratzen doaz iritsierako jendarteko etnozentrismoaren aurrean, diskurtso ofizialen gainetik joan etorriko negoziazioak burutuz eta ezarritako indarkeriari aurre eginez. Egunerokotasunean gizarte sareek eraikitzen dira eta jendarteko diskurtso eta erakunde edo komunikabideen diskurtsoen arteko mugak apurtu neurri batean eta eremu batzuetan. Boterearen dispositibo guzti horiek eragina izan arren bi herrialdeen arteko ezberdintasunak alderatzean jakitunagoak egiten ditu mekanismo hauetaz konturatu eta beraietatik babesteko. Sendotasun handia agertuko dute zailtasun handiko garaiak gaindituz eta hauetatik indartuak ateraz. Michael Foucaulten zion moduan diziplinaren bitartez gorputzaren indarra gehitu egiten da termino ekonomikoetan, baina ikerketan ikusten da ez dela gutxitu egiten termino politikoetan neurri batean, berak zioen bezala. Kulturartekotasunak bizkortu egiten dituelako harremanetan jartzen diren taldeak eta horregatik erakundeek saiatuko dira kultur-aniztasuna indartzen, ghettoetara bultzatuz, begi bistan dauden demokraziaren gabeziak ukatuz.
Kulturartekotasuna izango da ba bidea Euskal Herrian bizi dugun diglosiaren aurrean, kultur hegemonikoaren aurrean, etorkinak euskarara hurbiltzeko modua. Erakundeen aldetik ez da etorri hurbilketa horren sustatzerik, jendarteak eta honen jarrerak etorkinekiko, errazten edo zailtzen dute etorkinen motibazioa edo interesa euskararekiko. Foucaulten zion bezala laguntasuna da botereari eragozten diona, boterearen kontroletik ihes egiten duena, lagunen arteko sareak, elkartasuna eta afektibitatea lokalizatzeko zailak direlako. Beharrezkoa da beraz kultura-esentziak deseraikitzea nagusitasun-konplexuaren ondorioa direlako, pentsamenduaren eta jarreren dekolonizazioa, parekotasunean harremantzeko.
Bestaldetik norbanakoa bezala, irtenbide positiboa baldin bada immigrazioa, eta bere ingurukoei onurak ekartzen badizkie ere, esan behar da jatorrizko herrialdearentzat ez duela onura handirik ekartzen migrazioak. Egitura ideologiko eta ekonomiak eta genero arteko bereizketak ere berdin segitzen dutelako. Iritsierako jendartean onura ekonomikoak ekartzen ditu immigrazioak, bai, baina, klase, etnia eta genero arteko bereizketak mantendu egiten dira.