693 Zenbakia 2015-01-07 / 2015-02-04
Eduardo Txillida.
Pedro Txillidaren eta Carmen Juantegiren hirugarren semea zen. 18 urterekin, 1942an alegia, ikasketak hasi zituen Madrilgo ETSAM arkitektura eskolan, Unibertsitate Politeknikoaren fakultatean. Urte gutxi geroago bere arkitektura ikasketei utzi zien, futbolean jokatzeko.
1942-1943 denboraldian, Real Sociedad taldean atezain aritu zen, Espainiako futbol ligako bigarren mailan, aita klubeko lehendakari zela. Denboraldi hartan Realak lehen mailara igotzea lortu zuen, baina Txillidak, beste jokalari batekin talka eginda, belauna txikitu zuen, eta bizi osoan izango zuen lesio haren ondorioz utzi egin behar izan zuen futbola. Orduan, 19 urte besterik ez zuela, artearen munduan murgildu zen buru-belarri.
1947an Madrilgo Arte Ederren Elkartean marrazten hasi zen. Garai hartan, marrazki naturalarekin etxekotu zen. Gero, berak esaten zuen bezala, ezker eskuarekin marraztea erabaki zuen, eskuina izan arren, erresoluzio figuratiboa bere trebetasun fisikoaren menpe izan ez zedin. Bere lehenengo pieza eskultorikoak garai hartakoak dira.
Gero, Parisa aldatu zen, 24 urte zituela, 1947an, eta hiri horretan bere lana garrantzia hartzen hasi zen, kritikari batzuen esanetan. Bere lehenengo eskulturak igeltsuzkoak ziren, Louvre museoaren eskultura greziarrek asko hunkitu zutelako.
1954-1955ean eman zion hasiera Amets ingudea sailari (hamazazpi eskultura, 1954. eta 1966. urte artean eginak) eta Dardarra burdinean, Utsune soinudunak harri eta burdinean, Suaren goraipamena, Musika ixilla, Burni ikara, Txoriaren izpiritua, etab. burdinean, sortuko ditu. Orobat, Mugarri Zurrumurru sorta egin zuen (zazpi pieza dira, bost burdinean eta bi altzairuan). Berna (1955), Madril eta Rouen (1957), Paris, New York, Chicago, Venezia eta Pittsburgh (1958), eta Madril, Kassel, Paris, New York eta Minneapoliseraino (1958) iritsiko dira bere erakusketak. 1957an Graham Foundation saria lortu zuen.
Burdina erabat utzi gabe, zura hautatzen du Txillidak 1959an. Berak aitortzen duenez, burdina baino arinagoa izango zen material bat nahi zuen, betetasuna eta hustasuna adierazteko. Horrela hasiko da osatzen Abesti Gogorra saila (lau zurezko pieza eta bostgarrena, granitozkoa). 1959an erabiliko du lehen aldiz altzairua, Mugarri Zurrumurru IV obran. 1967 urtean hasiko zen, burdina erabat baztertu gabe, beste materialak erabiltzen. Sariak ere ugariak dira urte hauetan: Kandinsky saria (1960) Carnegie (1964), Wilhelm Lehmbruck eta Nord-Rhein Westfalen (1966, Alemaniako garrantzitsuena), eta Art Institut (1966).
[+] Informazio gehiago