680 Zenbakia 2013-12-25 / 2014-01-08

Gaiak

Esperientzia pertsonal bat: “Euskal Herritik-Del país de los vascos”

SAN SEBASTIÁN, Koldo



1973 aldean hasi nintzen joaten On Joxe Migel Barandiaranek Nafarroako Unibertsitatean ematen zituen eskoletara. Bi ikasturtetan joan nintzen. Deigarri egin zitzaidan “nola” kontatzen zituen gauzak. Zein hurbiletik. Bizi egiten zituelako itxura hartzen genion. Orduan ez nintzen konturatu, baina zinez lehen eskuko iturriak erabiltzen (edo erabiliak) zituen kasu askotan. Gauzek “ia horrela” izaten jarraitzen zuten. Urte asko geroago ohartu nintzen pertsona adindun batzuek “bizi izandako” istorioak kontatzen zituztela bizitasun batekin... Laurogeita hamar urtetik gorako agure arratiar batekin gertatu zitzaidan: “On Martin Txistularije, Urkiolako abadearen” istorioa kontatzen zuen, berak urrutira entzuten baitzuen ehiza txakurrari deitzen ziola. “Mateo Txistu”-ren elezaharraren bertsio partikularra zen hura. Desberdintasuna zera zen, berak “bai ezagutzen zuela” apaiz ehiztaria. Eta zoaz hari ezetz esatera!

Kontu hoiek gustukoak nituen nik eta gogoan nuen beti zer ez ote zuten egingo Barandiaranek, Azkuek, Aita Donostiak... baldin eta grabazio baliabideak beren esku izan balituzte. Egia da, 1920ko urteen hamarkadan, Manuel Maria de Ynchaustiren saio bat izan zela. Geroago ere izan ziren beste obra batzuk, hala nola “Au Pays des Basques” (1930) filma, Maurice Champreux-ena. Gaur egun bitxi bat da baina egunen batean historiaren atze oihala kontatu beharko da.

Urte askoan musika gehiago interesatzen zitzaidan. “Folk” musikari buruz idazten nuen desagerturiko “Disco Expres” aldizkarian eta irratsaio bat nuen Iruñeko Herri Irratiko fm-an. Eta han aparteko gizon bat ezagutzeko aukera izan nuen, gaur egun bidegabeki ahaztua: Iñaki Beobide. Antzezlea, bertsolari demen antolatzailea (Jose Mari Iriondorekin batera) eta, batez ere, ekoizlea eta are Asterix galiarraren euskal bertsioaren argitaratzailea. Bera izan zen Herri Gogoa diskoetxe gogoangarriaren arima eta bihotza. Eta hor abiarazi zuen bere lan garrantzitsuenetako bat: Herri Musika Sorta. EuskalHerriko herrietan barna ibili zen bobinadun magnetofoi ikaragarri bat aldean zeramala eta antzinako euskal kantak herrietan kantatzen ziren moduantxe grabatzen zituela.

Euskal Telebistaren sorrerak aukera izugarria ekarri zuen gure herrialdearen luze-zabalean ohitura eta tradizioak bildu eta zabaltzeko. Kamerak haran eta herrixkak ikuskatzen hasi ziren, eta grabatzen zutena erakusten. Hala, almadiazainei buruzko dokumental bat filmatzen zen bitartean, talde berak solasaldi bat izan zuen Fidela Bernat, Erronkariko euskararen azken hiztunarekin. Gero sail batzuk etorri ziren, hala nola Eguzki Lore, Iñaki Eizmendirena, edo Euskal Herritik-Del País de los vascos. Euskal Herritik esperientzia

Euskal Herritik-Del País de los vascos saila abiarazterakoan, bertan zeuden Mikel Lejarza eta Iñaki Beobide ezinbestekoa. Lehen batean, sail bat egin behar zen “gauzak gal ez zitezen”. Premisa bakarra genuen argi: ez zen ezer berriro asmatu beharrik, ezta jendea hartarako “mozorrotu” behar ere. Fidela Bernaten heriotzak, bestalde, erritmoak markatzen zituen.

Irizpide geografikoa oinarri harturik hasi ginen: Ekialdetik Mendebalera, eta etnografia, tokiko historia... bezalako gaiei buruzko dokumentazio kopuru ahalik eta handiena biltzen joan ginen. Saileko lehen kapitulua Erronkariri eskaini zitzaion. Han konturatu ginen ibarreko errealitateak ikusteko gutxi zuela geuk irakurritakoarekin (eta are hogei urte lehenago ezagutu genuenarekin): tradizioak, edo desagertuak ziren, edo halako eran eboluzionatu ziren non bitxi gertatzen zitzaizkigun

Hizkuntza irizpideari dagokionez, hori ere hainbat arazoren iturri gertatu zen. Eskualde batzuetan jadanik ez zen euskara egiten. Gero, beste kontu bat zegoen: euskalkiak, azpieuskalkiak eta are guztiz tokiko adierazpen modalitateak ere. Ildo horretatik, noiz aukeratu zitekeen, zein aukeratu: euskalkia edo batua? Leku batzuetan nahiago zuten gurekin frantsesez edo gazteleraz mintzatzea, ikusleek ulertuko ez zituztelakoan.

Gaien araberako irizpideei jarraitzea erabakirik, antzinako mesfidantzei aurre egin behar izan genien, oso ohikoak direnak ofizio batzuetan, hala nola artzain, ehiztari, arrantzale eta, jakina, kontrabandisten artean. Batzuetan, kontua zen gaur egun legez kanpo dagoen ehiza edo arrantza tresneria “berreskuratzea” edo “ez galtzea”. Kasu bitxiak ere bizi izan ditugu: erreka berean amuarrainak harrapatzen ahal zenituen edo ez, zein aldetan kokatzen zinen: legezkoa Lapurdin, legez kontrakoa Nafarroan.

Mota honetako dokumentalak aurrera ateratzeko eguraldia da zailtasun handienetako bat: haizearen norabideak usategietako ehizaren grabazioa honda dezake. Lehorteak gariaren uzta edo mahatsa biltzeko sasoia aurrera edo atzera dezake...

Pixkanaka ikasten joan ginen; lehen batean, kasu hauetan beti tokiko laguntza izatea onena zela: apaiza, alkatea, herritar ospetsua, tokiko jakituna... Halakoa ia beti ekoizlerik onena gertatzen zen. Puntu honetaraz gero, beti gogoratzen dut Nikasio Lejarzaren lana Zeanurin (Bizkaia), edo Frantxoa Daskonena Xiberuan. Bigarrenik, grabazio taldeak eratzerakoan, hizkuntzaren kontua oinarri-oinarrizkoa zen. Iparraldean, grabazio arduraduna euskaraz gainera frantsesa baldin bazekien, azkenean ia segurua zen solaskideak beren ohiko hizkuntzan mintzatzea. Hori gertatu zitzaigun Santaziko artzain batzuekin. Meteorologiari dagokionez, produkzio bat baino gehiago zabalik izatea zen onena, sail bat denean bakarrik gerta daitekeena.

Euskal Herritik-Del País de los Vascos saileko 320 dokumental grabatu ziren. Izan dira onak, txarrak eta hala-holakoak. Guztiarekin ere, gaur egun funts etnografiko interesgarri bat osatzen dute, bertan oraindik ikus baitaitezke Iruñeko Casa Casla edo Aznarez bezalako establezimenduak, itsasontzi bat eraikitzen erriberako ontziola batean, baita Bardeetako egiazko jota bat entzun ere.

Euskal Telebistari eskerrak kultura neolitikoaren (eta ondoko beste batzuen) heriotza erretratatu ahal izan da. Badaude horien puskak oraindik. Gainera, gaur ekoizpen baliabide merkeagoak daude, erabilgarriagoak eta kalitate handiagokoak. Agian unea iritsi da Jose Miguel Barandiaran Fundazioa bezalako erakunde batek, esaterako, Euskal Herritik funtsa berregin dezan, euskarri berrietan erabilgarri izateko moduan.

On Jose Migel automobilez ekarri ohi zuen iloba batek, ustez. Eguraldi ona zenean, Unibertsitateko Klinikaren aurrean uzten zuen eta paseoan jaisten zen eraikuntza nagusiraino, bertan ematen baitzituen eskolak. Egun hartan nire osaba apaiza etorria zen bisita egitera. Elkar agurtu zuten eta, joandakoan: “Hori irakasle izan nuen Gasteizko Seminarioan. Fisika ematen zigun... Bizkaitar apaizgaiek ‘Olentzero’ esaten genion, bera zetorren alde hartako istorio bat”. Hura ustegabea! “Bera zetorren alde hartako istorio bat”, tradizio zaharrenaren atal bat den hori (Bizkaikoa kasu honetan), hainbat eta hainbat aldiz grabatu duguna. Hara, Irun eta Hondarribiko arma alardeetako aginduzko turuta joaldiak bezain tradizionala.

Lotutako artikuluak