680 Zenbakia 2013-12-25 / 2014-01-08
Lantxo labur honetan Joxemiel Barandiaranek Ataungo euskararekiko izan zuen estimua azaltzen saiatuko naiz, bertako berezitasun batzuk azalduz; hau da, Ataungo euskarari eta, bide batez, Euskarari egin dion ekarpena aipatuz.
Euskaltzain izendatzeko, batik bat, herri-euskararen inguruan eginiko bilketa izan zen meriturik handiena. Jakina da Euskal herri osoan jasotako esaunda eta ipuinak tokian tokiko euskalkian transkribatzen zituela. Eta karguak bultzatuta burutu zuen Hitz batzuek eta beren esan-nahiak, gehienak Ataunen erabiltzen ditugunak eta hiztegietan, batez ere Azkuenean, ageri ez direnak1 izeneko lana.
Horretarako, herriko berri-emaileez baliatu zen; tartean bere ama Maria Antonia Aierbe Dorronsoro, hain zuzen, Peruenezar baserriaren ondoko Aldakotxo edo Markesane izeneko baserriko alaba. Euskal Herrian zehar euskalki guztietako esaunda edo kontu zaharrak jatorrizko euskaraz jaso eta argitaratu zituen; beste batzuen artean, lekuko gisa hara bakar batzuk: Ataun (G), Zeanuri (B) , Zigoitia (A), Leitza (N), Sara (L), Urepele (BN) eta Altzai (Z).
Peruenezar baserria.
Baditu, ordea, hainbat arlo, bere lanetan txertatutik diren arren berezko balioa dutenak; hara, nola, toponimia: Esaundetako leku-izenak: Artiñe, Telletxealde, Urrutsua, Layoa, Lauztiazpi, Erroiondo, Jentilbaratza, Muskia, ... Adibidez, Contribución al estudio de la casa rural y establecimientos humanos. Pueblo de Ataun. 1924. izeneko ikerketan 70 leku-izen: Akotain, Izarre, Sabiaga, Arrate, Keiñuestrata, Olatza-aitze, Etzui, Artari, Markesane, ... Sara Iparraldeko herriaren izena ezarri zion Ataungo bere bizitoki berriari. 1916an Jentilbaratzako gazteluaz (bere lehendabiziko ikerketa) egindako lanetik hasita, etengabekoa da Euskal Herri osoko toponimiagintzari egin dion ekarpena. Horrezaz gain, Ataun bere jaioterria aztertzeko betarik ez zuenez, Joan Arin Dorronsoro laguna bultzatu zuen ikerketara. Honek 8.000 leku-izen jaso eta kokatzea lortu zuen.
Osagarritzat, aipa ditzagun bere egunerokoak2, 1917an hasita idatzi zituenak, Ataungo euskaran idatziak hain zuzen. Beroriek bi ezaugarri dituzte: bata, bere buruari hika hitz egiten dio eta halaxe idazten du. Eta bestea, erabiltzen dituen aditzak dagoeneko galtzear daudenez, izugarrizko balioa dute euskararen ikerkuntzarako. Horretarako, 1981 eta 1982ko bakar batzuk hautatu ditugu lagintzat.
Egunerokoak, 1917an hasita idatzi zituenak, Ataungo euskaran idatziak daude. 1981
Ilbeltza
21ª : Gaur etorri zaieatzak (zaizkidak/zaizkit). 22ª : Etorri zataak/ zatâk (zaidak/zait). 30ª : Egin nai zeetuk (dizkik/ditu) / Etorri zaiutzak (zaizkiguk/zaizkigu)
Otsaila
11ª: egin zeetuia (egin dizkiate/dituzte). 14ª: Emen izan deat/deat (diat).
Epailla
9ª. Arratsaldean adierazi zeate (zidatek). 13ª. Berak ekarri zeak (zidak/dit) 19ª. Auek egin diitzeen (dizkiaten/dizkidaten)
Jorraila
... eraman natxoia (nautek/naute) 24ª: Ba-giñuztân (giñuztean/ginen)
Uztailla
31ª eraman gatxêtuk (gaituk/gaitu)
Urria
10.ª. oso ondo artu gatxetuia (gaituztek/gaituzte). Eskerrak eman zeeat (zieat /diet).
Agorra
27ª. eragozpen bat izan diia (dute)
Egunerokoek bi ezaugarri dituzte: bata, bere buruari hika hitz egiten dio eta halaxe idazten du. Eta bestea, erabiltzen dituen aditzak dagoeneko galtzear daudenez, izugarrizko balioa dute euskararen ikerkuntzarako.1982
Garagarrilla 1ª. banatxebillek (banabilek/banabil)
Abendua 31ª. zorion-agur asko artu zeetuat dizkiat/ditut).
Solaskideekiko euskaran, erregistro ezberdinak erabiltzen zituen. Neuk entzuten nizkionak hauexek dira: ezezagunei zuka, familiakoei hika (iloba Martin Auzmendi), herriko gizonezko oso ezagunei hika, iloba Pilarri hika (honek osabari berorika):
Zeiñ onan?
Ekatzan jostorratza, neonek sartuko zonat arie ta!
Ze esan diñ?
Nun jarri den?
Arratingoa etoi al den?
Non itzenan?
Beraz, euskarari Barandiaranek eginiko ekarriaren emaritxo bat besterik ez da; bada zer aztertua.
1 Piarres Lafitte’ri omenaldia in Iker. Nº 2. Bilbo: Euskaltzaindia, 1983, 189-204 or.
2 1981 eta 1982ko egunerokoak edo Vademecumak.
Lotutako artikuluak