67 Zenbakia 2000-02-18 / 2000-02-25

Gaiak

Donostiako Ikastolen sorrera

IRAETA USABIAGA, Ainara

Donostiako Ikastolen sorrera Donostiako Ikastolen sorrera * Ainara Iraeta Usabiaga "Orixe" izan zen legeztapen ofiziala lortu zuen Donostiako lehen ikastola 1970. urteko irailaren 8an hain zuzen ere. 9 urte arteko 80 ikaslerekin eta 4 andereñorekin hasi zuten lehen ikasturtea. Legeztapen hau lortzeko ordea, isiltasunean eta klandestinitatean Elbira Zipitriak eginiko lan azpimarragarria ahaztezina da. Emakume horrek ikasleei ezezik andereñoei ere irakasten erakutsi zien, Gipuzkoako lehen ikastoletako andereño eta bultzatzaile gehienak "Elbiraren eskolakoak" ziren. Muñoatarren ikastolan hasi zen Elbira Zipitria andereño lanetan 1926. urtean, magisteritza ikasketak burutu ostean, Donostiako Alde Zaharreko Ikatza Kalean zegoen lokal batean. Baina 1936. urteko guda hastean, erbestera alde egin behar izan zuen emakume zumaitarrak; 1939. urtean, Saratik Donibane Lohitzunera joan zen eta bertan bizi izan zen 1942. urtean Donostiara itzuli zen arte. Elbirarekin praktikak egiten urtebete egon zen Karmele Esnal andereñoaren hitzetan "Elbira euskal irakaskuntzan lan egiteko nahiarekin itzuli zen, baina jende asko oraindik kanpoan zen eta ikasle batekin hasi behar izan zuen". 1946. urtean ikasle talde bat osatzea lortu zuen Elbirak, eta bere etxean, Donostiako Alde Zaharreko Fermin Calbeton 26an, ikastola antolatu zuen. Elbiraren ikastolaren arrakasta zela eta, laster laguntza eskatu behar izan zuen haur kopurua hazten ari baitzen. Elbiraren eskolako andereñoak Klandestinitatean martxan zen ikastolak zuen arrakasta ikusita, Elbira, andereño berriak behar zirela ohartu zen eta Itziar Arzelus andereñoari laguntza eskatu zion. 1950 51 ikasturtean, Itziar 3 eta 4 urteko haurrei euskaraz irakasten hasi zen, eta Elbirak 5 urtetik gorakoekin jarraitu zuen. 1952 53. urteetan beste bi gaztek praktikak egin zituzten Elbiraren ikastolan; Karmele Esnal eta Jone Forkada ziren bi andereño hauek. Lehenengoak 1955. urtean lokal bat alokatu zuen Donostiako zentroan eta ikastola berria irekizuen bertan. Karmelek adierazten duen moduan, "Elbiraren ikastolan praktiketan ari nintzela, haur kopurua izugarri handitu zen eta ume guztiak ez ziren Donostiako Alde Zaharreko lokalean sartzen. Erdialdetik ume asko etortzen zirela ikusi genuen, beraz, Pedro Egaña kalean lokal bat alokatu eta zazpi ikaslerekin hasi nituen klaseak". 1955. urtetik aurrera, haurrei klaseak emateaz gain, urtero urtero andereño bat izaten zuen bere ikastolan praktikak egiten eta hauek ostean, ikastola berriak irekitzen zituzten. Karmeleren hitzetan, "ikasketak amaitu nituenean ez nekien ezer irakaskuntzaz eta Elbirak irakasten erakutsi zidan". 1956an, Mari Karmen Mitxelena egon zen Elbirarekin ikasten eta Donostiako kaian ireki zuen ikastola, 1957. urtean Carmen Lasartek egin zituen praktikak, eta ondoren, Angel kaleko bere etxean ireki zuen ikastola. 1960. urtean Pasaiako ikastola hasi zen lanean, 61ean Campanario kaleko ikastola, 1962. urtean Hernaniko "Urumea" ikastola eratu zen eta horrela zerrenda luzea, ikastola guztiak Elbirarekin praktiketan ibilitako andereñoek bultzatuak. Karmeleren hitzetan "euskara garai honetan gaixo zegoen eta guk euskara mantentzen lagundu nahi genuen, galdu ez zedin. Horregatik ireki genituen ikastolak, umeei euskaraz ikasteko aukera zabaldu nahi genielako". Ikastoletako irakaskuntzaren berezitasunak Donostialdean urte hauetan sorturiko ikastolek ez zuten izenik ez egoera legalik, guztiz klandestinoak ziren eta klase partikularretako akademien itxurapean ezkutatzen zuten bere lana. Elbirak bere etxeko egongelan, lurrean eserita, ematen zituen eskolak. Honez gain, materialearen eskasia izugarria zen, ez baitzegoen euskaraz erakusteko libururik ez eta inongo materialik. Etxeetan, gerra baino lehen argitaratutako liburu gordeak erabiltzen ziren, edo idazteko makinaz kopiak egiten ziren neska mutilek erabiltzeko. Elbirak, gainera, Europan zehar irakaskuntzak bizi zuen egoeraren berri izaten zuen, pedagogiaren inguruko ikerketa eta gogoetak ezagutzen zituen.Guzti honek eragin zuzena izan zuen ikastoletako irakaskuntzan eta garai hartan gaztelerazko eskoletan guztiz ezezagunak ziren metodoak erabili zituzten andereño horiek. 1969tik "Orixeren" sorrerara 1968 eta 1969 urteetan egoera aldatu egin zen, "Cartilla de Escolaridad" edukitzea derrigorrezkoa bihurtu zelako. Ordurarte, ikastolan ikasitako haurrek 9 urterekin Ingresoko azterketa gainditu behar zuten eskoletan onartuak izateko. Baina 1968. urteko uztailaren 19an, Gipuzkoako gobernadore Zibilak Oltra Moltó jaunak zabaldutako zirkularrean, edozein irakaskuntza eskolak baimena behar zuela agintzen zen. Eusko Ikaskuntzako "Cuadernos de Sección / Educación" liburuan, Xabier Aranburuk 1988an Mari Carmen Mitxelena andereñoari egindako elkarrizketa batean azaltzen den moduan, "1967 68, ikasturtean arazo gogorrak izan genituen "Cartilla de Escolaridad" hasi baitziren eskatzen eta guk ezin genuen eman. (...) Ikastola batzu, Elizaren babespean legeztapenaren bidean jarriak ziren eta "Cartilla de Escolaridad" en beharra inposatuko zela ikusi genuen. Legeztarioaren bidea beharrezkoa zen. Elbirari ez zitzaion batere gustatzen, ikastolaren eta euskararen eskubideak galeran aterako zirela pentsatzen baitzuen, baina egia esan, ez zegoen beste irtenbiderik. Horrela Miren Teresa Aleman, lehen Antiguo eta Añorgan ari zena, Koruko Aldanondo, Konstituzio Plazan zegoena, Elbira eta laurok bildu ginen eta "Orixe" ikastola eratzea erabaki genuen. Garaian esan ditudan arazo eta oztopoak gainditu eta legeztapena lortzeko bide bakarra, Elizaren babesa hartzea zen. Orduan Donostiako Santa Maria Elizara jo genuen; parrokoaren laguntza jaso eta bera jarri genuen ikastolaren titular bezala. 1970. urtean legeztapena iritsi zen eta era honetan, lau andereñoak hasi ginen "Orixe" ikastolan. Hasieran, lehen bezala, 9 urte arteko haurrekin, plangintza berrian, oinarriazko 3ª arte. Gero poliki poliki hasi ginen oinarrizko laugarren kurtsoa eransten eta gero bostgarrena". Ainara Iraeta Usabiaga, kazetariaOharra: Argazkiak Eusko Ikaskuntzako "Cuadernos de Sección/Educación" liburutik atereak izan dira, hain zuzen ere, Xabier Aranburu Puentek idatzitako artikulutik. Euskonews & Media 67.zbk (2000/ 2 / 18 25) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria