661 Zenbakia 2013-03-13 / 2013-03-27

Gaiak

Garibayren 480. urtemugan

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Martxoaren 9an 480 urte betetzen dira Esteban Garibay Zamalloa Arrasaten munduratu zela. Hobe esanda, izen-abizen horiekin ezagutuko genuena jaio zen, itxura denez mondrautarrari ez baitzitzaion egokia iruditu aitaren abizenen ordena eta tokiz aldatu zituen, garibaitarrak jantziagoak eta jatorri sendoagokoak zirelakoan. Detailetxo hori nahikoa litzateke, bere bizitza osoan bazterrak astintzen saiatu zen gizonaren nortasun zailaren erradiografia egiteko.

Esteban Garibay gizon kontrobertitua izan zen bere garaian eta egun ere historia ikerketetarako langai zabala izaten jarraitzen du. Era guztietako teorietarako meatze ederra dela esan genezake, historialari euskaldun haren eginak eta esanak ikerleen emozioak eta sentimenduak mugiarazten baitituzte, inor axolagabe utzi barik.

Garibay gizon integroa izan zela diotenen kontrako aldean badira den-dena interesen araberako ikuspegitik burutu zuela defendatzen dutenak. Arrasatearraren lana arbuiatzen dutenen alboan aurkituko ditugu goratzen duten goi ikerlariak ere. Historia ez da, bai zera!, zientzia zehatza eta enfokearen angeluan milimetro-milaren diferentzia emanez gero jasotako irudiak aurpegi desberdina azalduko du beti. Kristalaren koloreak eta ikuslearen begiak hamaika bertsio diferente eskain ditzakete, infiniturantz.

Esteban Garibayren omenez egindako monumentua Arrasaten.

Esteban Garibayk gizon praktikoa izan nahi zuen arren, errealitatea da zalantza eta korapiloetan endredatu zuela bere bizitza. Arrasate bere jaioterriko baserri-girotik Toledo inperialera egin zuen salto, sarerik gabe. Eta gauzak ez zitzaizkion, berak pentsatu zituen bezain ongi atera. Felipe IIaren gortea suge pozoitsuen kabia zen eta Garibayk ez zuen lehenean tiroa ongi kalkulatu.

Sendia eta lagunak sakrifikatu zituen, zer ekar ziezaiokeen ere ez zekien lantegi zalantzagarriaren atzetik abiatzeko. Porrot ekonomikoa eta ofiziokoen harrikadak jaso zituen bere “Compendio Historial”aren ordainaz. Eta jaioterritik alde egin behar izatea, betiko. Nahiz eta historialariak beti eraman zituen bere bihotzean Arrasate, Gipuzkoa eta euskal gogoa.

Garibayk harremanetarako dohain berezirik ez zuenaren seinalea da, hamaika goi kargudunen ezaguna izan arren, azkenik gehienek bizkarra eman ziotela. Aita Mariana bere aitorleak berak ere, buruz burukoan hitz lausengarriak luza ziezazkiokeen baina arrasatearra alde egitean gogorrak idatz zitzakeen haren teoriak gutxietsiz. Aita Mariana jesuitaren bi bertsio desberdinak ziren: aitorle gisa eta, jakina, historialari bezala eskainitakoak.

Felipe II erregea ere, bere hoztasunetik, inoiz ez zen Garibayren alde modu garbiz mintzatu. “Gaur bai, bihar ez” jarraikian mugitu zen espainiar monarka, Garibayrengandik morrontzako keinurik itxienak besterik jaso ez zuena. Giro zalantzagarri hartan, Garibayk ezin zuen gortesauengandik adorezko hitzik espero. Eta etsipen horrekin bizi behar izan zuen. Burua altxatu ezin etorkizunari begira eta atzean buruturikoak ez ziola aterik zabaltzen jakitun. Testuinguru horretan nekez eraiki zezakeen Garibay historialariak bere lanerako behar zuen giro lasaia.

Dena den, kontsiderazio guztien gainetik, Esteban Garibayk bideak ireki zituen historiografia ozta-ozta agertzen ari zen aroan. Bere lan erraldoian denetarik aurkituko ditugu: bikain eta zintzo islatutako pasarteak, eta ameslari (agian) interesatuarenak. Balizko jokaera horrek, nolanahi ere, ez dio kendu arrasatearrari goi espainiar historialarien artean egoteko meritu eta eskubidea.

Segituko dute idazten Garibayri buruz oraingo historialariek eta teoria denak, lehen ikuspegian kontrajarriak izateraino heltzen direla irudi litekeen arren, osagarriak direla adostu genezake bigarren irakurraldian. Garibayk ez zuen irizpide bakarrerako bidea jorratu. Azken finean, kristau zahar, euskaldun, gortesau eta Jainkoaren beldur izateaz gain historialaria baitzen.