661 Zenbakia 2013-03-13 / 2013-03-27

Gaiak

Bizenta Mogel, euskaraz idatzi duen lehen emakumetzat hartuta

AUÑAMENDI EUSKO ENTZIKLOPEDIA

Emakumeak Euskal Herriko historian

Bizenta Antonia Mogel Elgezabal Azkoitian jaio zen 1782an, han aita sendagile baitzebilen. Gaztea zela aita hil zitzaiola, bera eta Juan Jose neba Markinara joan ziren osaba Juan Antonio apaiz idazlearengana. Ikasketak egin zituen osabarekin, latina irakatsi zion eta idaztera animatu zuen; irakasle ibili zen Adiskideen Elkartean. Eleuterio Basozabalekin ezkondu zen eta Abandon hil zen 1854an.

Bizenta Antonia Mogel Elgezabal.

Argazkia: Bidegileak

Euskaraz idatzi zuen lehen emakumetzat hartua izan da, eta hain zuzen, emakume idazlea eta ikasia izateagatik azalpenak eman behar izan zituen.

Bizenta Mogelen idazlanik ezagunena Ipui onak (1804) da, baina beste lanik ere egin zuen: Gabonetaco cantia Bizkaitar guztientzat (1819) izeneko kantuaren egilea izan zen, Mahn-en antologian jasoa; Espaiña-ko Gotzai-buruaren Artzai idazkia (1820) euskaratu zuen; eta Ulibarri arabarraren testuak orrazten ere lagundu zuen.

Ipui onac liburua Esoporen berrogeita hamar alegiaren itzulpena da, hitz lauz, eta liburuaren amaieran osabaren beste zortzi alegia jaso zituen, neurtitzetan emanak. Alegiez gain, beste zenbait testu biltzen dira, hala nola, sarrera gisa “Don Victor Munibe ta Aranguren-gori” egindako eskaintza eta “Iracurle euscaldunari” egindako hitzaurrea. Osabaren alegien aurretik, berriz, “Adigarria” izeneko oharra dago. Gainera, liburuak hiztegia dakar amaieran, bi ataletan zatitua: Bizentaren alegiei dagokiena, bata, eta osabaren alegiei dagokioena, bestea. Liburuak oso harrera ona izan zuen eta berrargitarapen ugari ezagutu ditu; gainera, alegia batzuk argitaratu ziren Manterolaren Cancionero delakoan eta zenbait aldizkaritan.

[+] Informazio gehiago