66 Zenbakia 2000-02-11 / 2000-02-18

Gaiak

Tolosa: Gerra aurreko ikastola (1922-1936)

DRABASA, Izarne GOIKOETXEA, Bakartxo

Tolosa: Gerra aurreko ikastola (1922 1936) Tolosa: Gerra aurreko ikastola (1922 1936) (Eusko Ikaskuntzako Ikastaria 1 kuadernotik ateratako artikulua) Bakartxo Goikoetxea Urdanpilleta eta Izarne Drabasa Arrue Lan hau Tolosako Euskal Ikastolaren bizia aztertzen saiatu da, 1922ren haseran jaio zenetik 1936ko guduak hil zuen arte. Eta beraz komeni delakoan gaude, urte haietan ze egoera bizi zen bere inguruan, Tolosan hain zuzen ikustea. Garai hartan Tolosa herri handi eta aberatsa zen. Papel industri asko zuen eta jende asko zetorren lanera. Merkataritzak ere pisu handia zuen. Urte haietan Tolosan bi talde azaltzen zaizkigula esan dezakegu: karlistak eta euskalzaleak. Udaletxean gehiengoa karlistek zutenez euskalzaleen ekintzei, gehienetan behintzat, uko egiten zieten. Horregatik, ikastola sortu zenean Udaletxeak ez zuen inongo laguntzarik eman, alderantziz, trabak jarri baizik ez zuen egiten. Hala eta guztiz ere Euskal Eskola bat sortzea lortu zuten, hamalau urte irekia egonaz. Kalean erdal giroa nagusi zela esan daiteke eta giro hau ikusirik, eta ondorioz euskara jasaten ari zen beherakada eta haur euskaldunak irakaskuntzan bere ama hizkuntza baztertuaz erdaraz ikasi beharra zutela konturaturik, Tolosako euskalzale talde bat arazo larri honek irtenbide bat behar zuela konturatu zen: Euskal Eskola. Kontrako giro honetan jaio zen ikastola. 1. 1.1. 1.2. 1.3. 1.4. 1.5. 2. 2.1. 2.2. 3. 1. GORRITIKO IKASTOLA (1922 1928) 1.1. Bizitza Tolosako ikastola 1922. urtean Urtarrilaren 9an sortu zen Tolosako Felipe de Gorriti plazan. Euskal Herri mailan Tolosako ikastola izan zen sortu zen lehenengotakoa eta hauek izan ziren sortzailek: Ramón Larrañaga, Doroteo Ziaurriz, J. Antonio Irazusta, Pepe Eizagirre, Periko Laskibar, Isaac López Mendizabal, Jose Mª A.girre "Lizardi", Antonio Mª Labayen, Luis Sesé, Elosegi, Patrizio Orkaiztegi, e.a. Urrats ugari eman ondoren lekua, andereñoak eta lehendabiziko ikasleak bilatu zituzten. Eusko Ikaskuntzarilaguntza eskatu zitzaion eta honek laguntza eskeini zion diru aldetik ezik. Euskal Ikastolako oroipena 1928 1.2. Deskripzioa Gela bakarra zen eta bertan egoten ziren adin guzietako haurrak, bakoitza bere andereñoaren inguruan. Gela oso argitsua eta handia omen zen eta erdi erdian "txokolatera" deitzen zioten egurrezko estufa bat omen zegoen. Estufa hau tela metalikaz inguraturik zegoen haurrak erre ez zitezen. Ondoren, inguru guzian aulki borobil bat, haurrak, hotza egiten zuenean, bertan eseritzeko. Batez ere, haur txikienak izaten ziren aulkian eserita egoten zirenak. 1.3. Irakaslegoa Irakasleak honoko hauek izan ziren: M.ª Dolores Arbilla Mendizabal eta Juanita Goikoetxea. M.ª Dolores Arbilla izan zen lehenengo andereñoa maistra karrera bukatu berria zuelarik. Nahiz eta Juanita Goikoetxeak berarekin lan egin, bera izaten zen beti buru. M.ª Dolores Arbilla Mendizabal 1897. urtean Apirilaren 9an Tolosan jaio zen eta zazpi senide zituen. Oso gaztea zelarik umezurtz geratu zen eta bere senideekin batera Doroteo Ziaurriz medikuaren etxean bizitzen jarri zen. Urte batzuetan Bilboko etxe batetan institutriz bezala egon zen. Baina Tolosan ikastola ireki behar zutenean M.ª Dolores Arbillak maistra titulua zuenez, Bilbotik etortzeko eskatu zioten ikastolako andereño izan zedin. Gaur egun Hernaniko zaharren etxean dago bere 90 urte inguru gainean dituelarik. Lehen esan dugun bezala M.ª Dolores Arbilla izan zen lehenengo andereñoa eta hasera batetan bakarrik aritzen zen. Baina urtetik urtera haur gehiago biltzen zirenez, laguntzaile baten beharra zegoela ikusten zuen eta Juanita Goikoetxeari laguntza eskatu zion. Juanita Goikoetxea 1912.urtean Gaztelun jaio zen eta gaur egun Ormaiztegin bizi da. 1.4. Ikaslegoa Ikastola lehenengo aldiz ireki zenean lau haur bakarrik hasi ziren: Miren eta Imanol Brau anai arrebak eta Izaskun eta Andoni Larrañaga anai arrebak hain zuzen ere. Ikastola aurrera jarraitzeko haur gutxi zirela eta urrengo egunetan haur bila ibili ziren haurkopuru handiagoa lortu arte. Eta berehala osatu zuten talde handiago bat: Miren, Elitxu eta Imanol Brau, Izaskun eta Andoni Larrañaga, Elosegitarrak, Urkizu, Paskual Sorrarain, e.a. Haurren adina 3tik 9 bitartekoa zen eta bai neskak eta bai mutilak onartzen ziren garai hartako eskola mixto bakarra izanik. 7 8 urterarte dena euskaraz ikasten zuten eta 8tik 10 urte bitartean erdaraz, batxilerra egiteko prestatu behar bait ziren. 1.5. Materiala, Ordutegia eta Administrazioa Garai haietan materiala lortzea oso zaila izaten zen, euskaraz idatziriko materiala batipat. Erabili ziren liburuak Isaac Lopez Mendizabalek eginikoak ziren, hau da, Xabiertxo, Umearen laguna eta Martin Txilibitu. Liburu hauez gain Enciclopedia liburua erabiltzen omen zuten. Lehenago aipatu ditugun liburuak, Isaac Lopez Mendizabalek eginikoak alegia, irakurtzen ikasten ari zirenek eta ikasi berria zutenek erabiltzen zituzten batipat. Idazketa eta irakurketa batera irakasten zieten eta horretarako Umearen laguna liburuaz baliatzen ziren batez ere. Txikienak berriz, abesti eta jokuak izaten zituzten ikasbide. Ikastolako haurrak Maria Dolores Arbilla eta Juanita Goikoetxea andereñoekin (1930). Bestalde, erlijioak garrantzi handia zuela esan beharra dago eta horretarako Kristau Ikasbidea erabiltzen zuten egun guztian zehar ahaztu gabe. Ordutegi aldetik gaur egun erabiltzen denaren oso berdintsua zela esan daiteke. Bai arratsaldez eta bai goizez gauza berdinak egiten omen zituzten: lehendabizi abestu, gero otoitzak ikasi, ondoren irakurketa idazketa eta beste zenbait gai, adinaren arabera lantzen zituzten eta bukatzeko berriko abestu egiten omen zuten. Bazkal ondoren haur txikienak "txokolatera" inguruan zegoen aulkian eresi eta lokuluxka bat botatzen omen zuten. Ordubetez, gutxi gora behera, lo egin ondoren, zaharrenek abestu egiten omen zuten txikienak esna zitezen. Administrazio aldetik, Antonio M.ª Labayenen ardurapean zegoela esan dezakegu. Tolosako talde batek hilero kuota bat ordaintzen zuen etaAntonio M.ª Labayenen aginduz Xebe Peña etxez etxe ibiltzen zen kuota kobratzen. Bakoitzak ahal zuena ordaintzen zuen bere borondatez. Argi eta garbi ikusten da tolosar talde honek euskararekiko zaletasuna eta aurrera ateratzeko gogoz jokatzen zuela. Azkeneko juntako presidentea Antonio M.ª Labayen izan zen eta idazkaria Elosegi. 2. MACAPILAC MILITARRA ETA IKASTOLAREN BERRIREKITZEA (1929 1936) Primo de Rivera garaian, Madrildik Tolosara Macapilac gobernuko ordezkari bezala bidali zuten. Gorritiko plazako ikastola parean zegoen Hostal Ereñaga omen zuen ostatuz. Bere iritziz, ikastolan politika egiten zen eta gainera, parean lo egiten zuela eta, goizero haurren zaratekin (berak zionez abestu beharrean uau uau egiten zuten) ezinezkoa zitzaion lo egitea. Bi arrazoi hauengatik itxi arazi zuen ikastola. Noski, Madrildik ere ez zuten begi onez ikusten ikastola. Itxi arazi bezain laister, Antonio M.ª Labayen, Isaac Lopez Mendizabal, Patrizio Orkaiztegi eta Azkue jauna haserre bizian berarengana hitzegitera joan ziren. Azkenik, berriro irekitzea lortu zuten. Berrirekitze hau nolatan lortu zen jakin nahiean, bi bertsio ezberdin aurkitu ditugu: l. M.ª Teresa de Silva, eskolen arduraduna, laguna zuten eta laguntza eske joan zitzaizkion. Nahiz eta Valladolidekoa izan ikastola bere ardurapean hartzeko eskeini zuen bere burua. Honela, ikastola berrireki ahal izan zen eta Macapilac era honetara "konforme" geratu zen. 2. J. Antonio Irazusta, "Xuxupe", Errepublika garaian diputadu izandakoa eta Joxe Eizagirre E.A.J.ko senadorea afaltzera Zeru Aundira joaten ziren. Hemen, Macapilac ezagutu, lagun egin eta hoien bitartez lortu zen ikastola berrirekitzea. Gure ustez, biak izan zuten ikastola berrirekitzeko orduan zerikusia, ez dago zihurtatzerik batengatik edo bestengatik izan zenik. Azkenik, Macapilac en gainetik eta Madrilgo gobernuaren gainetik ikastola eta euskara irabazle geratu ziren. 2.1. Gorritiko Ikastolaren berrirekitzea Azkenik, esan dugun bezala, ikastola berrirekitzealortu zen eta berriro urrats berdinak jarraitu zituen. Beraz, bigarrez aldiko ikastola hau, gerra zibila iritxi arte egon zen zabalik. 2.2. Laskoraingo Ikastola Gorritiko ikastolan haur guztientzat tokirik ez zegoenez, Laskorain kalean beste gela bat ireki zen. Gutxi gora behera 1930 1931 garren urtean ireki eta gerra zibila etorri zenean itxi zen. Laskorain kalean Iztuetatarrak karrozeria zuten etxe berean lehenengo bizitzan zegoen ikastola. Gela bakarra zen, luzexka eta handia. Ikasgelaren ondoan, gela txiki bat zegoen eta ikasgela eta gela txiki honen arteko paretean lehiatila txiki bat, bertatik haurrei zinea botatzeko. Haseran esan dugun bezala, gela bakarra zegoen baina denboraldi batetara, goiko etxebizitzan beste gela bat alokatu beharra izan zuten bertan zaharrenei klaseak emateko (batxilerrerako prestatu behar zutenei hain zuzen) hilero hamabost pezeta ordainduz. Laskoraingo ikastolan lau andereño ibili ziren: Ixidora Mokora, Inaxi Munita, Miren Brau eta Modesta Segurola, nahiz eta buru M.ª Dolores Arbilla izan hemen ere. Hauetatik aparta ere, beste hiru andereño ere ibili omen ziren baino asignatura jakin bat irakasteko: Maria Rezola, Teresa Saizar eta Pilartxo Sansinenea. Ixidora Mokoroa tolosarra da eta gaur egun Parisen bizi da. Mokoroatarrek garai hartan liburu denda txiki bat zuten eta bertan ikastolarako behar zen materiala saltzen zuten. Inaxi Munita Tolosako andereño izan ondoren monja sartu eta denbora asko pasa zuen Txinan misiolari bezala. Zenbait artikulu ere idatzi omen zituen. Miren Brau tolosarra dugu eta andereño izan aurretik ikasle izan zen ikastolan, nahiz eta titulorik ez izan. Gaur egun Madrilen bizi da. Modesta Segurola tolosarra da eta gaur egun Oiartzungo konbentu batetan bizi da. Ikaslegoari buruz datu zehatzik nahiz ez izan Gorritiko kopuruaren arabera 40 50 bat izango zirela pentsatzen dugu. Adin aldetik, hemen ere, 3tik 9 bitartekoak ziren bai neskak eta bai mutilak. Ikastola honetara etortzen ziren haurrak nahiz eta Tolosanbertakoak izan, inguruetako auzokoak ziren gehien bat, hau da, Txaramakoak eta Amarotzekoak. Amarotzeko papelerako nagusiak, Luis Sesek, autobus bat prestatu zuen inguru haietako haurrak ikastolara eramateko. Material aldetik, Gorritiko ikastolan izendatutako berbera da. Baina handienak Lutelestia ere erabiltzen zuten. Erdaraz ikasteko, itzulpen asko egiten omen zituzten, Xabiertxo erdarara itzuli batipat. 3. GERRA AURREKO IKASTOLAREN AMAIERA 1936. urtean gerra zibilaren ondorioz, ikastola itxi egin zen. Gerra honen ondorioz diktadura ezarri zenez, euskara eta berarekin erlazionaturik zegoen guzia zanpatua izan zen. Bestalde, aurkitzen zituzten euskal papel eta liburu guztiak erre eta txikitzen zituzten. Beraz, horregaitik, lan hau egiterakoan, ezer gutxi aurkitu dugu idatzirik. Laskorain Ikastola 1997. Baina egoera larri hauek jasan arren, 1967. urtean oraindik diktaduraren menpean, ixilean ikastola ireki zen, hain zuzen gaur egungo Laskorain Ikastola. Bakartxo Goikoetxea Urdanpilleta eta Izarne Drabasa Arrue, Azkeneko bi argazkiak Auñamendi Entziklopediatik ateratakoak dira. Euskonews & Media 66.zbk (2000/ 2 / 11 18) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria