66 Zenbakia 2000-02-11 / 2000-02-18

Gaiak

Pagoarte, euskal artearen laborategia

IRAETA USABIAGA, Ainara

Pagoarte, euskal artearen laborategia Pagoarte, euskal artearen laborategia * Ainara Iraeta Usabiaga Aspalditik zuen Anton Mendizabalek euskal artea eta kultura garatzeko gune bat sortzeko ideia, baina 1.997ko urrian eman zioten ekimen honi behar zuen bultzada. Imanol Irigoien, margolari eta poeta, eta Anton eta Mikel Mendizabal anaiak, lehenengoa eskultorea, eta bigarrena bideo ekoizlea, elkartu eta Oiartzungo Ergoien auzoko Poligono Industrialean Pagoarte Kultur Elkartea zabaldu zuten. Hiru urte hauetan beste bi bazkide batu dira, Xabier Mendarte margolaria eta Maite Arratibel, berriztatzaile artistikoa. Anton Mendizabalek azaldu digunez "Pagoartek bi alde ditu: batetik Pagoarte osatzen dugun kide bakoitzaren lan pertsonala, bakoitzak bere bizibidea izanik, eta bestetik, Pagoarte Kultur Elkartea, bazkideen artean sortu dugun bilkura. Azken honetan erakusketak eta ekitaldien antolaketa eta programazioa bazkideek egiten dugu eta Kutxak, Eusko Jaurlaritzak, Diputazioak eta Oiartzungo udaletxeak finantzatzen dute". Eskultorearen hitzetan, "Pagoarte Kultur Elkartearen helburu nagusia euskal kultura indartzea eta bultzatzea da, giro artistikoa duen gunea garatzea". Sorkuntza eta esperimentazio munduan oinarritua dago Pagoarteren aktibitate nagusia eta kreazio hau serioski hartzen duten gazteei behar duten bultzada eta laguntza ematea da beste puntu garrantzitsu bat. Honetarako artista gazteen lanak ezaguna den beste baten artearekin batera aurkezten dituzte, bigarrenak jendetza erakartzen bait du gazteen ezagutza erraztuz. Sormen lanaz aparte, arte eta kultura hau ezagutzeko erakusketak ere antolatzen ditu Oiartzunen kokatua dagoen kultur elkarte honek. Baina erakustaldi hauek ere bereziak dira. Pagoarteko bazkide den Antonek dioenez, "guri ez zaigu erakusketa arrunt bat interesatzen. Esperimentazio lana izan behar du edo bitxitasuna behar dute izan bertako erakusketek, sorkuntza indartzeko asmoz". FRONTALDI "Ezkerrez txokora". 1994 50 x 35 x 34 zm. Aritza Euskal Kulturarenarlo ezberdinen nahasketa Esperimentazioaren atal honetan, euskal kultura osatzen duten baina bananduak egon diren alor ezberdinak elkartzen dituzten esperientziak jarri ditu martxan Pagoarte Kultur Elkarteak. Hala nola, "bertsolaritza eta poesia batu genituen. Andoni Egaña bertsolari ezaguna eta Harkaitz Goikoetxea bertsolari gaztea elkartu genituen Harkaitz Cano idazlearekin eta musikari batekin". Jose Luis Zumetaren erakusketa ere berezia izan zen. Koadro bakarra erakutsi zuen margolariak baina koadro hura Gernika izan zen, zazpi metroko zabalera eta hiru metro eta erdiko altuera duen artelana. Beste esperimentazio bat bertso pelota saioa izan zen, kirola eta bertsolaritza nahastuz. Orain Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkartearen lanak daude Pagoarteko erakusketa aretoan ikusgai. Euskal Herriko ipar eta hegoaldeko argazkilariak elkartu dira eta erakunde sortu berriaren lehen erakusketa antolatu du kultur elkarteak. Pagoarte sortu zen momentutik, argi zuten promotoreek bere lanaren zabalkunde eta dibulgazioak zuen garrantzia. Antonen hitzetan, "orain bidea jorratua dago eta gizarteak Pagoarte ezagutzen du, baina hasieran ez zen hala izan. Horregatik hasieratik hedabideekin akordio batzu lortu genituen eta bertan egiten diren ekitaldiek jarraipen egokia izan dute". Etorkizuneko erronken protagonistak: gazteak Orain arte bertako kideek izan dute elkartearen ardura eta lana; Pagoarte Kultur Erakundearen antolakuntzan jende gazteak ekimena hartzea da etorkizuneko erronka nagusia. Oiartzunen bizi den eskultorearen ustetan "gaur egun Pagoarte normalizazio fase batetan dagoela esan daiteke, eta orain antolakuntza berria behar du, gestio berri bat. Gazteen parte hartzea eta ekimena beharrezkoa da. Euskal kulturaren sormen eta ezagutzan gazteen lana ezinbestekoa da". Euskal artea gaur Artea gaur egun ikuspuntu komertzial batetik ezagutzen dugu gehienok, museo eta galeria handietako obrak ikuskizun modura jasotzen ditu gizarteak Anton Mendizabalen ustetan. Baina honetazaparte, artea beste modu batetara ulertu eta egiten dutenak ere badaude. Gabezi handia somatzen du euskal gizartean eskultoreak, artearen planteamendu herrikoia falta dela uste baitu. "Alde batetik, gazte euskaldunek artea uler dezaten eskoletan ez da hezkuntza egoki bat ematen. Beraz, arte didaktika berri bat garatu behar da eta haurrei artea ulertzen eta bertan parte hartzen erakutsi behar zaie. Bestalde, herri instituzio mailan dezente gehiago egin behar da eta modu inteligenteago batean egin behar da, koordinaketa hobetzea beharrezkoa da". Herritarrei zuzenduriko erakusketek eranskinak behar dituztela uste du Mendizabalek, jendeari bertan erakusten dena ulertzen lagundu behar baitzaio, artea hurbildu eta ikuslearen partehartzea dinamizatu. Honen adibide Anton Mendizabalek Ordiziako Barrena Kulturetxean antolatu zuen erakusketa; artistak erakusketara hurbiltzen zirenei bere lanaren emaitzak zuen esanahia eta zergatia azaltzen zien, nahiz haur nahiz nagusiei. Honez gain, bertan materiale ugari jarri zituen ikusleen esku Anttonen lanek sortarazten zietena islatu nahi izanez gero, beraien obrak sortzeko aukera emanez. Arrakasta izugarria izan zen eta Anttonen artelanak espontaneoki sortutako obren artean izkutaturik geratu ziren. Ikusleek artea ulertu eta beren obrak sortu zituzten. Ainara Iraeta Usabiaga, kazetaria Argazkiak: Ainara Iraeta Oharra: Artelanen argazkiak Anton Mendizabalek Ordiziako Barrena Kultur Etxean egindako erakusketaren aurkezpen liburutik atereak dira. Euskonews & Media 66.zbk (2000/ 2 / 11 18) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria