658 Zenbakia 2013-02-13 / 2013-02-20

Gaiak

Genero irudikapenak espainiar zineman (1936-1982): ereduak eta pitzadurak

RINCÓN DÍEZ, Aintzane



Nerea Arestik zuzendutako tesia. Historia Garaikidea Saila. EHU/UPV1

Genero irudikapenak espainiar zineman (1936-1982): ereduak eta pitzadurak izenburua daraman doktorego tesian, Frankoren diktaduraren hasieratik 1982. urtera arte nagusi izan ziren feminitate eta maskulinitate ereduen azterketa egin dut. Zinemak eredu edota identitateen eraikuntzan izan duen, eta oraindik duen, eragina abiapuntutzat hartuta, garai bakoitzean ekoiztu ziren pelikulak erabili ditut oinarrizko iturri gisa. Izan ere, zinemak imajinario kolektiboa islatzeko gaitasuna ez ezik, bere eraikuntzan aktiboki lan egiteko duen ahalmena ere nabarmendu dut.

Zinemak modu aldakorrean erregimenaren bilakaerarekin bat zetorren emakume eta gizon kontzeptua irudikatu, imajinatu eta definitzen lagundu zuen eta hori da, hain zuzen, ikerketa lan hau osatzen duten zortzi kapituluetan zehar ikertu dudana.2

Raza (José Luis Sáenz de Heredia, 1942).

Lehengo kapituluan ekoizpen zinematografikoa baldintzatu zuen araudiaren fase ezberdinak aztertu ditut, erregimenaren eraldaketekin erabateko lotura izan zuen bilakaeraren inguruko balorazioa eginez. Ondorengo bi kapituluetan, diktaduraren lehenengo bi hamarkadetako oinarri diskurtsibo eta eredu identitario normatiboen azterketan murgildu naiz.

Bigarren kapituluan bereziki “gurutzadako pelikulak” aztertu ditut. Narrazio hauetako eredu familiarrak nazioaren alegoria bezala funtzionatu zuen eta, bere baitan, gorputz sexuatu bakoitzari egokitu zitzaizkion betekizunei erantzuten zioten gizon eta emakumeak, feminitate eta maskulinitate abertzalearen erakusgarri bezala agertu ziren. Honela, ama heroiko-aren eta gudari matxino-aren irudien esangurarekin batera, berauek eskaini zituzten irakurketa alternatiboak ere azterkertu ditut. Hirugarren kapituluan, 40ko eta 50eko hamarkadetan zehar sexu-harremanek eta amodio-kontuek izan zuten tratamenduari jarri diot arreta. Azterketa honetarako, endredozko produkzioak, neskatila topolinoa-ren irudia eta 50eko hamarraldian ugaldu zen zinema neorrealistaren adibideak landu ditut. Figura eredugarri eta antitetikoen azterketarekin batera, sexu-harreman eta portaerei itsatsi zitzaizkien esanahi politikoak ere baloratu ditut.

La ciudad no es para mí (Pedro Lazaga, 1966).

Laugarrenetik seigarrenera doazen hiru atalburuek ikerketa lanaren muina osatzen dute. Kapitulu hauetan desarrollismoa-ren garaia (1960-1975) eta zinema-pantailetan erabat berri —zenbaitetan apurtzaile— bezala agertu ziren feminitate eta maskulinitate irudien esanahiak aztertu ditut. Garai honetan protagonista izan ziren aldaketa ekonomikoek, diskurtsiboek, sozialek eta, neurri txikiagoan, politikoek eragin nabarmena izan zuten genero harremanetan —eta alderantziz—.

Laugarren kapituluan, paleto-aren eta aitona on-puska izena eman diodanaren pertsonaien bidez, zinemak diktaduraren bilakaeraz egin zuen irakurketa landu dut. Narrazio hauek, orainaldi oparoa eta zoriontsua irudikatuz, etorkizun baikor bat iragarri zuten. Era berean, testuinguru berri horretara egokitzen zen gerraosteko iraganaz irakurketa berria proposatu zuten. Bosgarren kapituluan erabateko bilakaeran zeuden arketipo femeninoak aztertu ditut. Batez ere bi irudien inguruko analisia egin dut atal honetan. Alde batetik, seme-alaba eta senarraren zaintzaz gainera, kontsumo-eredu berriei lotua zegoen edertasun kanon berriengatik ere arduratua zegoen etxekoandre eta ama zoriontsuaren eredua. Bestetik, nerabezaroan zegoen neskatila yeye-a, emakumeen etxekotasun eta ezkontza etorkizuna zalantzan jarri gabe, agindu tradizionalenen eraldaketa eragin zuena. Seigarren kapituluan kontaketa turistikoak eraiki zuen identitate nazional berritua aztertu dut. Gai hau jorratzeko, 60ko hamarkadako Spain is different lemarekin batera, Marisol (Josefa Flores) aktoresaren filmografiari arreta berezia eskaini diot. Aisialdi industria honen genero dimentsioan ere murgildu naiz, turismoaren kontaketak eraiki zituen irudi ezberdinen esanahiak aztertuz: feminitate atzerritarraren ordezkari zen eta sexu harremanetan libreki aritzen zen emakume suediarra, honekiko erabateko oposizioan, amatarra eta birjina bezala ageri zen emakume espainola, macho ibericoa eta rodriguez-a.

Zazpigarren eta zortzigarren kapituluetan Trantsizio garaian murgildu naiz urte horietako zinemagintza aztertuz. Zazpigarren kapituluan zineman eman zen destape fenomenoa landu dut, produkzio horietan sexualitateak izan zuen tratamendu berriari arreta berezia jarriz. Euforiazko eta ziurgabetasunezko testuinguru hartan, hamarkadetan zehar isilarazitako eta laidoztatutako gorputzek protagonismo berezia izan zuten garaiko zinema-pantailetan. Irudikapen hauek ere toki berezia merezi izan dute. Zortzigarren kapituluan Función de noche (Josefina Molina, 1981) pelikularen analisia egin dut. Filman Lola Herrera aktoresak egin zuen kontaketa ardatz harturik, diktadura garai osoaren inguruko hausnarketa egin dut. Era berean, Trantsizio garaiko esperientzia femeninoaren —baten— ikuspuntutik burututako gogoeta landu eta demokraziarako prozesuak emakumeen bizitzan izan zuen esanahiaren inguruko balorazioa egin dut.

La trastienda (Jorge Grau, 1975).

Osorik hartuta, diktaduraren bilakaerarekin batera eman zen arketipo femenino eta maskulinoen eboluzioaren analisia egin dut: Itxuraz ñabardurarik baimentzen ez zuten nazional-katolizismoak itsatsiriko gerraosteko gorputzetatik, desarrollismo garaian emandako marjina horien zabaltzerantz, Trantsizio garaian ugaldu ziren haustura-elementu garrantzitsuen loraldira iritsi arte. Bilakaera honetan eta identitateen eraikuntzan zinemak izan zuen eragina landu dut.

Dena den, zinea ez dut bakarrik eredu jakin batzuen inposaketarako mekanismo tresna bezala ikusi. Bere baitan, kontatzen dituen narrazioetan edo proiektatzen dituen irudi idealetan, pitzadurak ere zabaltzen dira. Horregatik, eredu normatiboen azterketarekin batera, garai bakoitzean narrazioek eta irudiek eskaini zituzten irakurketa alternatiboak ere landu ditut, hizkuntza filmikoaren monolitismoa zalantzan jarriz.

Tituluan laburbildurik dauden bi ideia hauek, irudiak eta pitzadurak, dira lan honen protagonistak. Zinemak proiektatutako femeninitate eta maskulinitate eredugarrien analisi bat da. Eta era berean, narrazioetan dauden, eta zenbaitetan diskurtso hegemonikoari huts egiten dioten zirrikitu horiek ere bilatu eta aztertu ditut.

1 Jatorrizko izenburua: Representaciones de género en el cine español (1936-1982): figuras y fisuras. 2012. urteko uztailaren 15ean izan zen defentsa. Lan hau José Javier Díaz Freirek zuzen duen EHUko “La experiencia de la sociedad moderna en España 1870-1990” (EHUk finantzatua. GIU 08/15)izena duen Ikerketa Taldeak aurrera daraman proiektuaren baitan kokatzen da. http://www.experienciamoderna.com

2 Kapituluak: 1. Zinema eta politika Espainian (1939-1982); 2. Ama heroien eta gudari matxinoen eraikuntza gurutzadako zineman (1939-1949); 3. Endredozko zinema eta “neskatila topolinoak” (1940-1959); 4. Paleto-zinema eta amets desarrollistaren kontaketa (1960-1970); 5. Etxekoandre eta ama zoriontsua, eta neskatila yeye-a zinema desarrollistan (1960-1973); 6. Anatomia nazionalaren berregitea Marisol eta macho ibericoa-ren bidez (1960-1975); 7. Trantsiziozko gorputzak eta destape zinema (1975-1982); 8. Frankismoari begira Función de noche (Jofina Molina, 1981).