647 Zenbakia 2012-11-21 / 2012-11-28

Gaiak

Jose Zameza Elejalde, konposatzailea eta kapera-maisua

SALABERRI, Sabin

SALABERRI, Patxi

Jose Zameza Elejalde (Aramaio, 1726 - Antequera, 1796)

1796ko uztailaren 31n, Loiolako San Inazioren jai egunean, Jose Zameza Elejalde konposatzaile eta kapera-maisua zendu zen Antequeran. Haren bigarren mendeurrenaren karietara, 1996ko maiatzaren 21ean, Oreretako XXIV Musikaste-ren baitan, Peñaflorida Kaperak, Jon Bagües-ek zuzendua, haren Dixit Dominus eta Laudate Dominum moteteak interpretatu zituen Oreretako Aita Kaputxinoen elizan. Une hartan Jose Zameza ia zeharo musikari ezezaguna zen eta ez zen ikerketa askirik hartaz. Areago, Musikasteko egitarauko oharretan Leintz Gatzagan jaioa zela adierazten zen eta ez zen aipamenik egiten haren jaiotegunaz. Egun, ordea, badakigu Josep Millan Zameza Elexalde Aramaion jaio zela eta Zalgoko Martin Deunaren eleizan bataiatua izan zela 1726ko uztailaren 4an.

Eskuarki, Zameza bera da bere jaioturte eta jaiolekuari buruzko datuen inguruko akats eta isiltasunen erruduna. Izan ere, 1759an Antequerako Eliza Kolegialeko Musika-kaperarako oposaketetara aurkeztean, Salinas de Lénis [sic] hiribildukoa dela dio eta Madrileko biztanle. Eta Antequeran 1796ko ekainaren 25ean sinatutako testamentuan ere Antonio Zameza jaunaren eta Mariana Elejalde andrearen seme dela aitortzen du, gurasoak, bera bezala, Salinas de Lenis gipuzkoar hirikoak zirelarik. Ez du jaiotegunari buruzko daturik eskaintzen.

Antonio Zameza Biana eta Ana Maria Elexalde Pujana 1715eko apirilaren 23an ezkondu ziren Leintz Gatzagan. Zazpi seme-alaba izan zituzten, haietako hiru Leintz Gatzagan: Andres (1715.12.09), Maria Kontzeziana (1718.04.27) eta Maria Madalena (1720.09.11); eta beste lauak Aramaioko Ibarran: Maria Ignazia (1723.07.18), Joseph Millan (1726.07.04), Gabriel (1728.04.09) eta Joseph Joakin (1731.03.22). Orduko azturen ildoan, zertxobait aldaturik agertu ohi dira haien deiturak: Zameza, Zamesa, Samesa... Elexalde, Elejalde...

Zamezaren lanak ahotsetan interpretatzeko dira, gehienetan musika-tresnaren batez lagundurik.

Argazkia: CC BY - Matthew Trudeau

Zerk bultzatu zuen Zameza Elexalde familiaren egoitza Gatzagatik Aramaiora eramaten? Lan-arrazoiak? Zein zen Antonio Zamezaren lanbidea? Ez dago argi, bestalde, zergatik ezkutatu zuen Jose Zamezak bere jaiotza-data eta aizundu zuen jaiolekua.

Oso gutxi dakigu Jose Zamezaren bizitzaren eta prestakuntzaren lehen urratsez, ez eta Antequerako Kolegiatako kapera-maisu izateko lehiaketetara aurkeztu aurretik izandako jarduera profesionalaz ere. 1759tik aurrera, berriz, ugariago dira datuak, Mª Teresa Díaz Mohedoren ikerketetan ikus daitekeen bezala. Granadako Unibertsitateko irakasle horrenak dira La capilla de música de la Iglesia colegial de Antequera en la segunda mitad del siglo XVIII. El magisterio de José Zameza y Elejalde doktore-tesia (Antequera, 2004) eta Joseph Zameza y Elexalde: Maestro de capilla en la Colegiata de Antequera (1759-1796)” delako artikulua (Revista de Estudios Antequeranos 10, 1997, 373-382).

Jose Zamezari buruzko albiste-urritasun hori, dena den, Burgos eta Santo Domingo de la Calzadako katedraletako eta Errioxako Brioneseko elizako agiritegietako datuekin aberastu daiteke. Hori dela eta, badakigu, haur zelarik, Burgosko Gurutze Santuko ikastegian izan zela kantore, eta musika-prestakuntza erabatekoa jaso zuela bertan. Oso oroitzapen ona gorde zuen prestakuntza-garai hartaz, izan ere, hilburukoan klausula bat utzi baitzuen “Burgosko Gurutze Santua ikastegira, non ikasle aritu baitzen, bere partituren eskuizkribuak bidal zitezela” aginduz.

Harrigarri gerta daiteke Aramaioko haur bat, Leintz Gatzagan ahaideak dituena, Burgosko ikastegi batean abeslari azaltzea eta bertan “musika-prestakuntza erabatekoa jasoa izatea”. Ezinbestekoa da, beraz, galdera: garai hartan ez al zegoen hurbilago —Gasteizen, esaterako— musika-kaperarik edota musika-prestakuntzarako bestelako ikastegirik?

Ez da zalantzarik Zamezaren musika-norabide hartan eragin handia izan zuela Sebastian Antonio Elejalde Pujana osabak, urte haietan Burgosko katedraleko organista eta koruko zuzendaria zenak.

1748an, Burgosen bizi zela, Santo Domingo de la Calzadako kapera-maisu izateko lehiaketara aurkeztu zen Zameza, osaba Sebastian Elejalderen eraginez nonbait. 22 urte zituela adierazi zuen. Hau da, berak bazekien 1726an jaioa zela, gero horretaz testamentuan ezer esan ez bazuen ere. Ez zuen lanpostua lortu.

1748tik 1759ra bitartean Madrilen bizi izan zen. Bertan ezagutu zuen geroago emazte egingo zuen Isabel Usei andrea.

1759an Antequerako oposaketak gainditu zituen. 33 urtekoa eta lehen tontsurako elizgizona zen une hartan. Berriro dio “Salinas de Lénis” [sic] hiribildukoa dela eta Madrilgo biztanle. Ez du aipatzen inongo musika-kaperatan aritua izan denik, baina ospe handiarekin iristen da. Epaimahaiak aho batez hautatu zuen lehiakide guztien artean haren gaitasun eta trebetasun egiaztatuagatik. Horrek ageri-agerian uzten du aspaldidanik zebilela koruko maisu-lanetan.

Oso denbora gutxian irabazi zituen kolegiatako kabildoaren estimua eta begiramena, eta, areago, ezkontzeko eragozpenik ere ez zioten jarri. Horrela, 1761ean, elizgizon bilakatzeko bidea utzi eta ezkontzeko baimena eskatu zuen. Kabildoak ez zuen berehala erantzun. Izan ere, kapera-maisu kargua eta ezkonduta egotea bateraezinak ziren lehiaketa-arauen arabera. Baina kabildoak eskaera onestea erabaki zuen: “Jose jaunak lanbide hartan hiru urtez egiaztatutako esperientziaz gainera, portaera ona erakusten duelako... hala dohain moraletan nola haren ministerioko trebetasun berezian, eta, beste elizaren batean mailaz igotzea eskatuz gero, Kabildoa erabateko maisu bat gabe geratuko delako eta, ondorioz, haren eskaerari amore ematea hobe delako... askatasun osoa uzten zaio aipatu Jose jaunari hobe letorkiokeen egoera hauta dezan...”

Musika-tresnen artean organoa gailentzen da, biolin eta tronpekin batera, nahiz eta txirulak, klarinak, oboeak eta baxoiak ere badarabiltzan.

Argazkia: CC BY - olgaberrios

Bikoteak ez zuen seme-alabarik izan. Testamentuan ez da familiari buruzko aipamenik.

1768an, nonbait Antequera uzteko gogoak bultzatuta, oposaketetara aurkeztu zen Cuencan, baina ez zen onartua izan “ezkonduta zegoelako, seme-alabarik ez bazuen ere...” Hortaz, Antequerako kolegiatan jarraitu zuen heriotza iritsi arte, zeina, gorago aipatu bezala, Loiolako Inazioren jai-egunez gertatu baitzen 1796ko uztailaren 31n.

Mª Teresa Díaz Mohedok ez du zalantza-izpirik Jose Zameza Antequerako Kolegiatako “kapera-maisu adierazgarrienetako bat” bezala irudikatzean. Karguari zegozkion eginkizunekiko “antze berezia” erakusteaz gainera, musika-kapera berregokitu zuen. Kolegiatako musika-agiritegia antolatu zuen; 1763ko abuztuan “Musika-Kaperaren egokitzapen hoberako” txostena aurkeztu zion kabildoari, eta 1768an egitasmo bat ondu zuen kapera-maisuaren betebeharrak eta musikarienak -hala ahotsetan, nola musika-tresnetan- zehazten zituena.

Jose Zamezaren musika-ekoizpena ez da zabalegia. Hainbat tokitako agiritegietan gordetzen da: Malagako katedralean, Granadako Errege-Kaperan, Astorga, Burgos, Cuenca eta Santo Domingo de la Calzadako katedraletan eta Eskorialeko San Lorenzo monastegian. Horrek berak ikusarazten du noraino gainditu zituen haren ospeak Antequerako Kolegiatako harresiak.

Honatx, gordetzen diren lanen zerrenda:

Salmo Dixit Dominus, 6 eta 10 ahotsetan, biolin, oboe eta tronpekin (1750)

Dixit Dominus, 4 eta 8 ahotsetan, biolin eta tronpekin (1757)

Salve, bikondean biolinekin (1759)

Andredena Mariaren Jasokundeari, 6 ahotsetan, biolin eta tronpekin (1762)

Meza bost ahotsetan, biolin eta tronpekin

Meza lau ahotsetan

Salmoaketa Magnificat, 5 eta 8 ahotsetan, biolinekin eta biolinik gabe

Aldareko Sakramentu Santuari. O Sacrum convivium 5 ahotsetan, biolin eta tronpekin.

Aldareko Sakramentu Santuari. Lauda Sion, 4 ahotsetan, biolinekin.

Aste Santuko Erostak, biolin eta tronpekin.

Christus factus.

Salbeabost ahotsetan, biolin eta tronpekin.

Salbea lau ahotsetan, biolin eta tronpekin.

Gabon-kantak eta Aldareko Sakramentuari, Jaiotzari eta Amabirjinari Bikondeak.

Erraz atzeman daitekeen bezala, haren lanak ahotsetan interpretatzeko dira, gehienetan musika-tresnaren batez lagundurik.

Diaz Mohedo musikologoak nabarmenarazi duenez, “haren musikak garai preklasikoko ezaugarriak islatzen ditu eta xumetze-joera du maila melodiko, armoniko eta formalean; tonalitatea, kontrapuntuzko testurarik gabeko bakuntze lineala, simetriarako joerako melodiak, goitik beherako harmonia, aldaketa gabeko klabe-egiturak... Modulazioak tonalitate nagusitik hurbil dauden tonu-esparruetarantz bideratzen dira eta egituraren ikuspuntutik oso eginkizun erabakigarria jokatzen dute.

Generoak ohikoak ditu: mezak, antifonak, salmoak eta moteteak latinez; gabon-kantak, errepikapen eta kopla egiturarekin, gaztelaniaz; baita italiar eragineko Errezitatze-Ariaren bat edo beste ere.

Musika-tresnen artean organoa gailentzen da, biolin eta tronpekin batera, nahiz eta txirulak, klarinak, oboeak eta baxoiak ere badarabiltzan.

Partiturak xeheak eta zehatzak dira; halabeharrezko aldaketaren bat baino ez da at uzten”.

Diaz Mohedo musikologoak nabarmenarazi duenez, haren musikak garai preklasikoko ezaugarriak islatzen ditu eta xumetze-joera du maila melodiko, armoniko eta formalean.

Argazkia: CC BY - Roberto Cacho Sendi bereko musikariak

Ospetsuena Jose Zameza bera den arren, ez da hura familian dagoen musikari ezagun bakarra.

Aipatua dugu dagoeneko Sebastian Elejalde Pujana osaba, Leintz Gatzagan 1690eko urtarrilaren 17an jaioa dena, eta San Sebastian egunaren bezperan jaioa zelako santuaren izena daramana.

Zameza anai-arreben prestakuntza garaian, Burgosko eta Santo Domingo de la Calzadako organojolea eta koruko zuzendaria izan zen Sebastian Antonio Elejalde Pujana. Mª Teresa Díaz Mohedok La capilla de música de la Iglesia colegial de Antequera en la segunda mitad del siglo XVIII. El magisterio de José Zameza y Elejalde doktore-tesian aipatzen du Antonio Elejalderen izena, baina zerbait sumatzen bazuen ere, ez zuen egiazki frogatua Zamezarekiko ahaidetasuna. Beranduago egiaztatu zen Sebastian Elejalde eta Jose Zameza osaba-ilobak zirela.

Uste izatekoa da Sebastian izan zela Jose iloba Burgosera eraman zuena musika arloan presta zedin, eta osaba bera izan zela, orobat, 1748an, ilobak 22 urte besterik ez zuenean, Santo Domingo de la Calzadako kapera-maisu lanposturako lehiaketara bulkatu zuena.

Non formatu zen Sebastian Elejalde? Noiz lortu zituen Burgos eta Calzadako lanpostuak? Zernolako musika-prestakuntza zeraman lanpostu horietara jo zuenean? Erantzunik gabeko galderak, oraingoz.

Halaber, musikari aipagarria izan zen Joakin Zameza, Joseren anaia, berau ere Aramaion jaioa eta 1731ko martxoaren 22an Zalgoko Martin Deunaren elizan bataiatua. Ezaguna da organista izan zela Errioxako Brionesen, non ordurako, diru-saria medio, oso gutiziatua bilakatua baitzen lanpostua. Bertako musika-ondareari erreparatuz gero, kalitate handiko organista eta kapera-maisu askoren jokalekua izan bide zen 1562tik aurrera.

Brioneseko eliz artxiboko 1874ko fabrika-liburuan jasotzen denez, 1754an, 1733tik ordura arte organista izandako Ventura Castillo hiltzean, lanpostua betetzeko lehiaketa-deialdia plazaratu zen. Puntuaziorik hoberena lortuta, Joakin Zameza Elejalde aukeratu zuten lanposturako. Organoarekin laguntzeko eta konposatzeko gaitasuna ez ezik, “erdiko tenore” gisa entonatzekoa ere bazuen irabazleak, Santo Domingo de la Calzadako katedraleko kapera-maisua eta lehiaketa hartarako examinatzailea zen Andres Blas-en iritziz. Datu-urritasuna

Tamalgarria da hain datu gutxi izatea kronologikoki europar musikaren hotsandiko unean bertan bizi zen familia musikal interesgarri hartaz. Johann Sebastian Bach eta Georg Friedrich Händel oraindik bizirik zeudela jaio eta formatu zen Jose Zameza. Franz Joseph Haydn, Wolfgang Amadeus Mozart eta Ludwig van Beethoven bizirik zeudela jardun zuen bere lanbidean. Haren osaba Sebastian eta Joakin anaia ere musika-garai berezi hari atxikirik aritu ziren.

Baina oso gutxi eta urriak dira pertsonaia hauen bizitzari buruz ikertu ahal izan diren datuak. Lehenago aipatutako agiritegiek, batik bat Burgos eta Santo Domingo de la Calzadako katedraletakoek, oraindik aski ikertu ez den dokumentazio handia eta aberatsa gordetzen dute beren baitan.