Aurreko ekimenetan bezalaxe, honako lan honek bi xede nagusi ditu: batetik, ikusgarria gerta daitekeen produktua eskaintzea aparteko irudiak erabiliz; bestalde, udaberritik udazkenera bitartean esanguratsuak ditugun 25 ospakizun horien deskribapen soila burutzeaz gain, ezaugarri eta oinarri nagusiak erakutsi nahi dira. Harreman eta lotura horien bitartez, jendeak euskal festa giroak bizi izan duen aniztasuna eta muina bereganatu ahal izango du.
San Prudentzioko festak, Kaxarranka, Pastoralak, San Juan eguneko sua, .... horiek guztiek Euskal Herriko lurretan barrena eraman gaituzte festaz festa, ospakizun anitzetan murgilduz, ohitura zaharrak erakutsiz eta sentipen berriak sorraraziz.
Hondarribiko Alardea Non eta noiz
Hondarribia – Irailak 8 Zer gertatzen da
Bidasoa ibaiaren behe arroa guda zelai izan da, bete betean behin eta berriro, luzaroan, Europan leku gutxi bezala. Hondarribia herrian agerikoa da horren aztarna. Harresietan, oroitzapenetan eta setio eta inbasioei buruzko hamaika kronikatan. Baina batez ere, guda zelai izatearen oroitzapena irailaren 8ko jai nagusian islatzen da. Danbor eta txilibituen doinuari jarraiki, gaztadoreen konpainiak dira lehenak segizioan euren artilezko kasko ikusgarriekin. Kale Nagusi dotorea gune paregabea da segizioa ikusteko. Jasokundeko eta sagarrondoko Andre Mariaren parrokia atzean utzita, konpainiak arma plazara iritsiko dira, bertan Carlos V. aren jauregiaren aurrean jeneralak soldaduak ikuskatuko ditu.
Alardea berretsi ostean, jai giroko segizioa zaindariaren tenplurantz abiatuko da, aspaldian egindako promesa betez. Irailaren 8an Hondarribiko herriak 1638. urtean Guadalupeko Ama Birjinari egindako promesa berritzen du. Uda hartan pairatu zuen setio amaitu zela eskertzeko egin zion, alegia.
Mahats-bilketaren festa Non eta noiz
Laguardia – Irailak 12 Zer gertatzen da
Errioxaren eskutik ardoen produkzioa arte bilakatu da. Lan geldoa, pazientzia handikoa eta arduratsua da ardogileek urte osoan aurrera daramatena, ardo goxoa gure ezpainetara eramaten dugunean burutzen dena. Horren guztiaren ondorioz, 1993tik hasita, urtero ospatzen da mahats bilketaren hasiera. Eskualdeko herrietan txandaka egiten den festaren bidez, erritu bilakatu da mahatsa biltzeko eta lantzeko zeregina. Beti ere, ardo uzta berriari begira.
2012 honetan, mahats-bilketaren festa Lapuebla de Labarcan ospatuko da datorren irailaren 16an.