633 Zenbakia 2012-07-13 / 2012-07-20

KOSMOpolita

Akuarela safaria (III/III)

SARRATEA, Lola

Akuarela safaria (I/III)

Akuarela safaria (II/III)

Argi-astean ongi gosalduak hiru autotan eltzearen pareta jaisteko prest gaude. Ihintzez blai, lainoak hartua dago Ngorongoro, ia urte osoan horrela ernatzen da.

Bidexka estua eta zakarra da, gure automobilak ibili baino trostan egiten du. Ez da erraza eltzearen zola deskribatzea. Batez ere ez dudalako horrelakorik egundaino ezagutu, ezta antzekorik ere, emozio handia dagit.

Baratza borobila eta zelaia da, hogeita zortzi kilometroko diametroa dauka eta bertan badaude hiru aintzira, bat gazia, bi geza, ibai bat eta akazia baso bat, bertzeak bertze. Goizean lainoz estalia, ematen du eltze bat taparekin. Eguerdi aldera lainoak zulatu dira eta eguzkiak laku gazia ispilu balitz zilarrezkoa bihurtu du, ertzean marra arrosa bat, flamenkoak dira. Aldiz, laku gezak urdin ilunak dira. Eta hipopotamoen eraginez haien bazterrak beltza hartzen dute.

Jirafek ezin dute eltzearen erroitza jaitsi, hanka luzeak dituztelako.

Ilustrazioa: Lola Sarratea

Ngorongoron orain arteko ibilaldian ikusi ditugun animalia guziak, jirafak izan ezik, bizi dira. Jirafek ezin dute eltzearen erroitza jaitsi, hanka luzeak dituztelako. Hemengo piztiek ez dute gizonen beldurrik, ez dute ehiztaririk ezagutu.

Pikondo berde ilun erraldoiak txori koloretsuz beteak. Kanaberatan bele eta zozo elkarrekin. Ur-paduran ahate, antzara eta piruak arrantzan, Arranoak haratustel bila hegaletan. Milaka txori koloretsu artottiki eta gari mokoka.

Belarra horixka dago, milaka zebra eta ñu jaten ari dira. Bufalo kafre talde bat etzanda, deskantsuan. Errinozeronte beltz bat bere umearekin bazkan, haren ondoan txori txuri lirain bat belar izpi artean.

Elefante zahar bat, ur liliak eta kimu beratzak jaten. Ez da eltzetik aterako, bertan hilko da. Haginak galdu ditu eta ezin du belarra matxikatu. Gertu elefante hilerri bat dago hezurdura zuriz estalia.

Lehoi familia bat ehizara atera da, bortz dira, bi eme, ar bat eta bi ume. Lehoi-aldea astiro belai gurutzatzen ari da. Aitzina begira.

Ostruka ar bat emea erakartzeko dantzan ari da, bat batean dantza bertan behera utzi eta ihes egin du.

Zebra bat buru tente adi dago. Ostruka ezkutatzen ikusi du.

Handik gutira zebrak bere susmoa ziurtatu du, lehoi aldea heldu da.

Zebrak irrintzi batekin taldea abisatu eta denak batera lauoinketan ihes egin dute. Eta haien gibeletik ñuak.

Lehoiak jaramonik egin gabe, astiro, baldar, lerroz lerro zelaia gurutzatzen ari direla bistan galdu ditugu.

Ilustrazioa: Lola Sarratea

Kotxeak gelditu eta isil-isilik gaude.

Heldu dira lehoiak, gure automobilaren ondo-ondotik pasa dira, lau metrotara ikusi ditut. Arra liskarrean ibilia ematen du, itsuski zauritua dago.

Nire lagunak eroak bezala argazki egiten, ni berriz, kaiera eskuetan ahal dudan moduan marrazten.

Lehoiak jaramonik egin gabe, astiro, baldar, lerroz lerro zelaia gurutzatzen ari direla bistan galdu ditugu.

Ostrukak lasaitu direla ematen du eta hurbildu gara ia berriro arra dantzan ikusten dugun. Eta ikusi ere... ostruka arrak isats azpian harako poltson zuri bat dauka, isatsa haizemaile modura astinduz emearen aitzinean dantza egiten du. Ikuskizun txit ikusgarria da, edertasun handiko balet bat. Emeak muzin egiten dio baina arrak ez du amore ematen eta dantzan ikusi dut zuhaizka batzeren gibelean bikotea ezkutatu den arte...

Belaia senda belarrez betea dago, inarra loretan, krabelinak eta izpilikua ere. Kamamila eta erromeroa, anisa, ezki-orea eta berbena, ziapea eta jengibrea eta denen usainaren ufada bakarrean erle eta liztor lanean.

Badira ere lore apaingarriak. Bioletak, bitxiloreak, kuku prakak, lirioak, hiazintoak, kaktus erraldoiak armiarma sarez beteak. Arrosak zuhaitz gora eta kolore guztietakoak. Huntz-hostoz estalitako zuhaitzetan huntzak altxapean. Intxaurrondo eta urritzetan katagorriak adarrez adar.

Lerai akazia basoraino ailegatu gara. Basoa estua eta itzala da, eta akaziak erraldoiak. Tximinoek adarrez adar ate-morroi masaien baso sakratua zaintzen dute. Egundaino inork ez du ezta adar bat ere basoan mozten. Guda handian datoga eta masaien hilotzak akazien oinetan ehortzi zituzten eta hilerri profanazio bat lirateke.

Hemengo piztiek ez dute gizonen beldurrik, ez dute ehiztaririk ezagutu.

Ilustrazioa: Lola Sarratea

Eguerdian gelditu gara turistentzako toki babestu batean bazkaltzera. Automobiletatik ateratzeko toki bakarra da. Eltzean gauden arrotz guztiak elkarrekin gaude. Gehienak ogitartekoa eskuan.

Txori beltz alde bat arrapaladan gainera etorri zaigu. Turisten jakia maite dutela, eta erne ibiltzeko gomendio eman digu gidariak, ogitartekoarekin batera txoritzarrek hatz bat kentzen ahal ligukeelako. Tankera oldarra hartu diegu eta lasterka sartu gara automobilean.

Bazkal ostean eguzkia apaltzen hasi da, lurrak lanbroa dario, hotz eta heze giroa sumatzen da. Parkean egoteko dugun baimena arratsaldeko lauretan amaitzen da, beraz ez dugu denbora gehiegi eta mantso-mantso abiatu gara irteerara.

Animaliak gaua pasatzeko egokitzen ari dira: belar jaleak hausnarrean daude, taldeka, lerrotuak, batzuk etzanda, bertze batzuk zutik elkar euli garbitzen. Zebrak marra nahasian buru tente beti adi, gertu ñuak arriskua aise nozitzeko. Hiena eta arrano lepo soilak lehoi bazkariaren arrastoak garbitzen.

Eguzkia bere eguneroko adioa egiten hasia da, urrunean masai mutilak arratsaldero bezala eltzetik ateratzeko behiak bildu dituzte. Bihar goizean sartuko dira, mendetan eguna joan eguna etorri egin duten modura.

Bide ertzean legio-nabarra etzanda, lo dago.

Aldapa gora, eltzearen pareta basotsua jada lainoak hartzen ari da. Gibelat beha baratza desitxuratzen ikusten ari naiz. Eta begiek malkoz betetzen ari zaizkit. Badakit ez dudala berriz etortzeko aukerarik izanen. Munduan den lekurik ederrenean egon naiz, eta libre sentitzen naiz. Kaieraren orriak bete ditut. Zakutoa sentsazioz gainezka, naiz eta pisu aise daramat. Zanzibar

Uztailak 18: Arushako aireportu aldera goaz, hegazkina hartu eta Zanzibar irlan geldituko gara, bertan hiru egun eginen ditugu. Urrunean Klimanjaro mutur beltz, kaskazuri ageri da.

Zanzibar Tanzanian dago, Hindiko ozeanoan dago 1.600 kilometro karratu dauzka eta miloi bat biztanle. Swahili herria da. Stone Town du hiriburua. Zuria, gorria, beltza. Ederra. Hiru egun egonen gara uhartean. Itsas gorarekin batera ailegatu gara. Ura epel epela dago eta gazia da. Hartu dugun ostatuak, hondartzan ederki kokatua, arrunta bada ere luxuzko terraza dauka. Zuhaitz erraldoi batzuen azpian etzanda egoteko hamaka batzuk dauzka. Zernahi fruitu zuku bertan lau sosetan hartzen ditugu. Otorduak ere hantxe lagun batekin eginen ditut. Itsaskiak eta mariskoa, arroza eta barazkiak, iltze-kanela eta nahi haina espeziekin hornituak jaten ditugu.

Zebrak marra nahasian buru tente beti adi.

Ilustrazioa: Lola Sarratea

Ilunabarra gozoa da. Haize epel iltze-kanelaz lurrinduak ferekatzen gaitu. Itsasbehera hagitz handia da, itsaspadurak pare bat kilometro hartzen ditu. Bertako emakumeek itsas belarrak biltzen ari dira. Hauek kotoizko jantzi luzeak daramatzate, zango erdiraino sartzen dira uretan, oihal bustiek gorpuari atxikitzen zaizkie eta zein lamina sentsualek itsasoko arrantzaleak erakartzen dituzte. Area zuri-zuria da; honen bazterra koralezko arrokek babesten du, non itsaso esmeralda lehertzen da. Ederra eta aberatsa da benatan tokia, itsas belarrak mila koloretakoak dira, barraskilo polit eta molde anitzetakoak daude, belakiak, koralak...

Uztailak 20: Bi egun hondartzan egon ondoren Harrizko Irira joan gara. Shangani merkatari auzoan hartu dugu ostatu. Hiriko alde zaharreko kale estuetan denda anitz daude eta jendez lepo. Denen gainetik Meskiten minareteak zerurantz. Oraindik esklabo tratanteen jauregi ospetsuen aztarnak begi bistan daude, esklaboak biltzeko erabiltzen zituzten aretoenak ere. Mendetan izan baitzen Zanzibar esklabo saltzen zituzten munduko merkaturik handiena. Hiria bizia da, arraza eta sinesmen guzietako jendea dago. Norbera bere modura jantzia, badira masaiak haien soineko eta apaingarri bereziekin, soineko arin eta sentsualekin jantzitako emakume afrikarrak, gizonezkoak soineko zuriz jantziak, edo galtza bakeroekin, era bat beltzez estalitako emazteki islamiarrak... eta turistak, hauek nola nahi apainduak: gaizki, noski.

Swahili gizartea mestizoa da, bi munduren gurutzatze bat. Afrikako mendi eta landetatik bantuak ekialdeko kosta aldera hurbildu ziren. Denbora berean itsasoz persiarrak, arabiarrak, indiarrak... ailegatu ziren haien kulturarekin. Elkarrekin hasi ziren bizitzen eta bakoitzak berea ondokoarekin konpartitu zuen. Harrigarria badirudi ere herri bat sortu zen. Bantu afrikar hizkuntza mintzatzen zuten ekialdeko kultur islamiar batean.

Swahiliak gaur egun berrogeita hamar miloi hiztun dauzka, naiz eta, aldi berean bertze ehun bat hizkuntza ere bizi-bizi iraun.

Zanzibareek kai bazterrean parke batean afaltzen dute. Hainbat txosna moduko aretoak jartzen dituzte eta bertan sukaldariek prestatzen dute janaria. —Eta, ze janaria! Familia osoak joaten dira bertan jatekoa erosi eta eserleku publikoetan eserita afaltzera.

—Zer iruditzen zain hemen afaltzen badugu? – Galdetu diot nire lagunari.

—Ba, bai zergatik ez? – Gogotsu erantzun dit hark.

Plastikozko platertxo bana hartu eta txosnaz txosna itzuli bat egin dugu. Ez da erraza aukera, arrozak, barazkiak, bildots errea, oilaskoa, olagarro, txipia eta txipiroiak plantxan. Otarrain eta otarrainxkak...

Lagunak ukondoz besoan eman dit, bildots errearen gainetik lastozko haizemaile batekin euliak nola uxatzen ari diren seinalatuz.

—Begira ezan hori....

—Bai, ikusi dinat. Lasai, lasai, hau Afrika dun neska... – Gogoarazi diot, eta irribarretsu jarraitu dugu.

Belarra horixka dago, milaka zebra eta ñu jaten ari dira.

Ilustrazioa: Lola Sarratea

Nik arrain errea eta txipia, plantxan egindako barazkiekin hartu dut. Platera gainezka esertzeko toki bat bila ari garela, emakume batek keinuka deitu digu, burua estalia dauka, baina ez aurpegia; senarra bi alaba eta adineko emakume batekin dago eta tokia egin digute eserlekuan.

—Where do you come from? – Sinpatiaz galde egin digu.

—Europa... europarrak gara... – Biek batera erantzun diogu.

Musulmanak dira, gustura egon gara berbetan, erdi ingelesez, edo keinuka, baina elkar ulertu dugu. Jakin-minez eten gabe ari zaizkigu galdeka. Zein den gure lana, bakarrik joanak garen, nor den gure jainkoa... Edadeko emakumeak gure senarrak nor diren galdetu digu. Guk ez dugula senarrik erran diogunean, harrituta gelditu da, gaztena berriz, ia irriz lehertu da. Neskatikoek gure apaingarri eta eskuek ukitzen dizkigute. Gizona irakaslea dela erran digute, emaztea etxekoandre, haurrak ingelesez eskolan ikasten ari direla, swahili eta familiako betiko hizkuntza ere badakizkitela.

Ia iluntzen hasi denean, besarkada batekin anfitrioiek agurtu eta sentsazio on batekin hotelera abiatu gara.

—Ongi afaldu dinagu. – Ezta? – Erran dit lagunak.

—Bai halaxe dun, agian, baso bat ardo faltan sumatu dinat... Baina musulmanek ez diten alkoholik edaten hortaz... Akuna matata

Uztailak 21: Goiz jaiki gara, uhartean gure azken orduak dira, eguerdian hegazkina hartzekoak gara, eta hotelean galdetu dugu ia badagoen edozer interesgarria goizean ikusteko. Arraina enkantean ateratzen dutela eta ikusgarria dela erran digute eta hara joan gara goizeko zazpitan. Hiriko kaleetan jende guti dabil, kale garbitzaileren bat, gizonezkoak lanera, meskitetara, haurrak eskola aldera, baina bezperen ikusitakoarekin deus parekorik. Ez dago turistarik, ile hori bakarrak gu biok gara, ez gaituzte begiratu ere egiten. Arrandegia, edo arraina enkantatzen duten aretoa, hiri erdigunetik gertu dago, areto beltz erraldoi bat da. Arrantzaleek gabez arrantzatutako arraina oraindik bizirik dakarte, garraio mota guziak erabiliz. Bizkar gainean, bizikletaz, esku gurdiz. Ezpata arraina buztanetik helduta arrastaka... Aretoaren erdian dago baskula, ezinezkoa haraino ailegatzea. Oihu-erausia itzala da, jasan ezina. Arrantzaleek iritsi ahala lurrean mukurutzen dute arraina, txipiroiak, sepiak, olagarroak, hauek ihes egin nahian espaloian zehar... Usaina hagitz pisua eta sakona da. Ehunka gizon izerditan, oihuka, elkar bultzaka. Gizon larru beltzak, kaska motz, handiak, sendoak, gerrauntzitik gora gehienak biluzik, besoak gorantz... antzinako garai bat iradoki didate... Akuarela safaria (I/III)

Akuarela safaria (II/III)