631 Zenbakia 2012-06-29 / 2012-07-06
Akuarela safaria (III/III)
Uztailak zazpigarrena du eta San Fermin eguna dela gogora etorri zait. Nafarra naizelako izanen da...
Goizeko ordu ttikietan kamioi batean atera gara Nairobitik, hamar egun iraunen du gure safariak eta beharrezko guziak gurekin daramatzagu. Rift arrail handian Kenya eta Tanzaniako Nakuru, Masi-Mara, Serengeti eta Ngorongoro parke babestuak bisitatuko ditugu. Lurralde berri bat ezagutzera noa, amets batean murgilduta banengo bezala sentitzen naiz, emozioz betea. Ikusmin handia sortzen dit ezezagunak. Bizimodu berriak, sinesmen sinestezinak, ohitura ikaragarriak, jendeen janzkera eta apaingarri bitxiak... horiek denak errespetatzen ditut gogo onez. Inongo aurreiritzik gabe. Beti horrela izan da, eta belaki batek bezala dena xurgatzen dut. Beti badago zerbait hartzeko, asimilatzeko, ikasteko: sentsazioak, koloreak, belar bustien usaina, txorien abestiak, eguzkiaren gorria eta ilargiaren zuria, nire bidai lagunen afal osteko irriak, haurren begirada inozenteak...
Gidaria, sukaldaria eta txoferra atseginak egiten zaizkit. Hamabortz lagun gara denetara eta xarmanki pasatuko dugu doike. Argazki safaria da asmoa, baina nik ez dut argazkirik eginen, akuarela kaxa eta kaiera ekarri dut, nirea akuarela safaria izanen da.
Baringo izeneko aintzira aldera goaz. Laku geza, 130 kilometro karratu handia da, Afrikan den txori-leku oparoena. Laurehun bat txori espezie bizi dira bertan. Lakua uherra da, ia ez da ikusten lurrarekin bat nahasten delako. Txoriak dira nagusi, harribitxien kolorea hartzen dute, azabatxea, korala, esmeralda, lapislazulia, karmina, kobaltoa..., horiek denak oreka perfektuan txoriak jantziz.
Goliat gartza, munduan den mota handiena lakuaren bazterrean bizi da. Bakartia, liraina eta malgua da, opera emanaldi baterako bezala apaindua, emazteki tankera ematen diot. Belusezko bizkar estalkia, setazko soinekoa, lepoa mokoraino luzea, perlaz osatutako koilarea bularreraino. Harro, ahaltsu, elegante hartzen du hegaldia.
Mattin arrantzalea, urdin berdexka, papo gorri eta lepo zuria da. Mokoa beltz luzea dauka eta ezpata bezain indartsua. Egun osoa arrantzan ematen du, buruz txorrotxioan murgiltzen da uretan eta arraina mokoan itzultzen da, txitatzen ari den bere txori lagunari jatekoa ematera.
Txori ehuleak habia egiten.
Ilustrazioa: Lola Sarratea
Txori ehuleek lan polita egiten dute, zuhaitz adarretatik zilintzan egiten dituzte habiak. Ehuna parpaila modura, sagar handi baten neurrian bukatzen dute. Binaka aritzen dira lanean, belar izpiak, koroildua... eta horrelako osagaiak ekarri eta hegaletan iruten.
Lur lehorrean oasi eder bat da aintzira. Handik hurbil bizi diren pokot komunitateko emakumeek koilaretan txorien kolore berak erakusten dituzte.
Bizi miserable xamarra pokot tribuarena. Ahuntzak zaindu eta ehizan aritzen dira. Nomadak dira; basoan fruitu lehorrak biltzen dituzte negu gorrian jateko. Ahuntz larruekin egiten dituzte etxolak, bai eta helduen soinekoak ere (nahiko politak). Emakumeek koilare ikusgarriak luzitzen dituzte bular gainean, norberaren estatusaren ezaugarri. Ez dakite arropa garbitzen. Haurrek europar jantzi zikin eta zulatuak eramaten dituzte. Nahiz eta Kenyan haurrak eskolara joaten diren ez du ematen hemengoek hori egiten dutenik. Komunitatea ttikia da, apenas berrogei bat lagun. Etxola bat bisitatu dugu, borobila da, sua erdian eta alboetan etzateko tokia. Pertsona zutik ez da kabitzen, nahi eta nahi ez totoriko ibili behar du. Abar ziztadunez egindako hesi baten barnean ahuntzak dauzkate, bertan etxola ttiki-ttiki bat dago, piztietatik aziendak zaintzeko, eta han bertan mutikoak lo egiten dute. Neskatikoak ezkondu arte amatxirekin egiten dute lo, begiratuak izateko. Lau sosen truke dozena erdi bat emakumek guretzako dantza egin dute. Emakumeak batzuk adinez nagusi, nahiko zimelduak, abesti triste bat abestu dute.
Ez zait deus gustatzen ikusten ari naizena eta emakume batek daraman koilarea kaieran marrazten hasi naiz. Haur batzuk hurbildu zaizkit, berehala nabaritu dut haiek ere marraztu nahi dutela, eta papera eta kolorezko arkatzekin lurrean eseri eta elkarrekin marrazten aritu gara.
Eguzkia apaltzen hasi da, giroa hozten, herrixkako kazikea hurbildu da, eskumuturrean daraman ordulari distiratsuari begiratu eta haurrei keinu bat egin die, hauek zutitu eta gibelat begiratu gabe joan dira bere etxola aldera. Gure gidariak, ordaindu dio gizonari bisita saria eta autoan sartu gara.
Kriskitinak joka, —Jaiki neska mutilak! kafea prest duzue. Aupa neska mutilak!— Bere andaluziar doinu bereziarekin goizero lauretan ernatzen gaitu gidariak. Manu du izena eta sevillarra da.
Sukaldaria tanzaniarra da, Daby du izena, larru beltz ederra, ia bi metro altu. Galtza loredunen gainean elastikoa maukarik gabe janzten du beso sendoak agerian utziz. Lepo gotor gainean ile sasia handia Bob Marley modura orraztua darama. Aurpegia alaia, begiak beltz distiratsuak, sudur mintza zabalen azpian, ezpain handiak airea musuka. Itxura bikaina mutilarena. Sukaldari ona da, eta txit maitagarria, beti daki nork nahi duen kafea ala tea, zeinek ez duen zukurik nahi...
Goizekoa da otordurik hoberena, arrautza eta txingarra, laranja zukua, ogi zigorra, mermelada, kafea... bortzetan gosaldu ondoren zalu eta gogotsu hasten dut eguna.
Bidaiaren hirugarren eguna da eta argi-hastean Nakuru parkea gurutzatuko dugu, izen bereko aintziraraino iristeko. Goiza hotza da eta belarra ihintzez blai dago, belai handia zeharkatzen ari gara mantso-mantso animaliak ikusten.
Hagitz goiz elikatzen dira belarjaleak giro umela profitatuz.
Bufalo kafre talde bat, inpala bikotea, antilopeak, gazelak... ez gaituzte ezta begiratu ere egiten, arrotzak sentitzen gara, badirudi ez dutela bazkatzeko tenorean bisitarik nahi.
Halako batean txoferrak kamioia gelditu du.
“Ixo! Ixo!” – Dio gidariak.
Bide ertzean errinozeronte-zuri bikote bat dago; alimalekoak dira, gris zurixkak, belarra jan eta jan ari dira. Seiehun kilo belar jaten omen ditu egunean bakoitzak.
Errinozerontea espezie babestua da.
Ilustrazioa: Lola Sarratea
Errinozeronteek ez gaituzte ikusten. Azienda primitiboak dira, bista motza dute, usaimena daukate garatua eta haien gida da baina oraingoan haizea aurka daukate. Errinozeronteek bere lurraldeko mugak pixaz ihinztatu eta gotor defendatzen dituzte. Bakean uzten bazaie ez dira erasotzaileak, haserrean sudur adarrarekin adarka kasatzen dute arrotza.
Dinosauroak akitu zirenean, belarjale erraldoiek hartu zuten haien tokia. Duela milioika urte gertatu zen. Errinozerontea, mamuta, bisontea... zelai handitan egokitzen joan ziren. Errinozerontea animalia mitikoa da. Txinpantzea zuhaitzetatik jaitsi eta zutik hasi zenean errinozerontea zelaietan bizi zen. Hasieratik liluramendua sortuko zuen gizakiarengan, kobazuloetan maiz marraztu baitzuen gizonak haren irudia. Lau bat metro luze, ia bi metro altu, munduan dauden espezie handienetan laugarrena da. Hogei bat mila buru bertzerik ez dira gelditzen Afrikan, kontinentea kolonizatu baino lehen miloi aletik gora bizi ziren.
Animaliaren defentsa sudur gainean daukan adarra handia da, aldi berean bere galera izan da. Antzinatik izan da preziatua errinozerontearen adarra. Gizakiaren sexu potentzia indartzeko gaitasunak bazituela pentsatzen zuten eta sarraskia ikaragarria izan zen. Gaur egun espezia babestua da, baina desagertzeko arriskuan, betiere.
Kamioiko leihotik begira denbora bat egon gara, isil-isilean, errinozeronteak zanpa-zanpa belar jaten bat bertzearen gibeletik urrundu diren arte.
Bat marraztu eginen dut.
Muturra luzea.
Ezpain handiak sudur azpian
Honen gainean adar nagusia.
Goraxeago adar motza.
Masailezur gainean begiak.
Handik gora, kopeta handia, belarriak motzak.
Gorputza lodia eta luzea.
Hanka motz sendoak.
Buztana arina.
Eguerdi aldera parkean, eguzkia eta belarra dar-dar, lekukoak berriz altxapean, kobazuloetan, sasipean. Haizea nagi, zeruan hodei pusketak alfer, egonean...
Arratsaldez ailegatu gara Nakuru aintzirara, milaka flamenko arrosa aurrean dauzkat. Laku gaziak eguzki erreflexuz zilarrezkoa ematen du, ertzak arrosa kolorea hartzen du, bertan flamenko hankaluzeak ura iragaziz elikatzen ari dira. Ura zurrupatu, iragazi eta bota, zurrupatu iragazi eta bota, eta horrela egun osoa. Aintzira gazi honetan, padura burdina eta proteinetan aberatsa da. Hemen dagoen itsas belar berezi batek ematen dio hain zuzen flamenkoari arrosa kolorea.
Ematen du flamenkoek gimnasia erritmiko batean murgildurik daudela, edo antzerti saio batean, agian balet pausoak dira, batek daki. Erraten dute munduan ikuskizun ederrenetako bat dela, baliteke, bizimodu fina eta elegantea iruditzen zait benetan.
Flamenkoek maiatzean erruten dute lohian egindako habietan, ehun bat arrautza aldi bakoitzean eta arrak zein emeak txandaka berotzen ditu arrautzak txitatu arte.
Bazter batean eseri eta flamenkoak marrazten ari naizela, mukuru ilun handi bat zanpa-zanpa datorrela ikusi dut. Flamenko finen artean mamuak alimalekoa ematen du. Harizko mantel zuri batean ardo beltz orban bat balitz bezala. Erabat tokiz kanpo. Bufalo zezena da, larria, bizkarrari jarrai lepo sendoa bi adarretan burutua. Adarrak ikaragarrizkoak ditu, beltz distiratsuak, azpian, belarriak gainbehera zilintzan, begi handi hanpatuak, mutur gainean sudur zulo beltz sakonak. Eta baso aldera dator, haren bidean nago, trasteak bildu eta kamioira noa, ez nuke piztiaren adarretan neure burua ikusi nahi.
Flamenkoek maiatzean erruten dute lohian egindako habietan.
Ilustrazioa: Lola Sarratea
Goibel dago eta goiz hasi du iluntzen, seiak aldera paratu dugu kanpamendua eta su ondoan eseri gara. Gidariak garagardo botila eta intxaur batzuk mahi gainean jarri eta, bizarra ferekatuz, urduri, izkina batean eserlekuaren punta-puntan eseri da, lasterka ateratzeko prest balego bezala.
—Komuna ebatsi digute – gaztigatu gaitu.
—Eta orain zer? – Dio emakume batek. —Nork ebatsiko luke komun bat?
Bertze batek harritua.
—Ba, ez dakit, baina ebatsi digute.– Erantzun dio gidariak.
—Eta orain nola konponduko gara? – Berriz ere emakumeak.
—Ba, orain... hor duzue munduko komunik handiena – Oihana seinalatuz erantzun dio mutilak.
Minutu bat isilik egon ondoren barrez ia lehertu gara... gero sasoi onez afaldu eta garaiz joan gara lo egitera.
Argi-astean Masai-Maran sartu gara, nonbait bada, hemen da errege lehoia. Parajea uhintsua da, mendixka buruak belai eta larre, basotxo oinetan errekak. Non-nahi behi aldeak masai abeltzainekin. Herrixkak sasi elorriz inguratuak, bertan mila kolorez jantzitako emakumeak bere eginkizunetan ageri dira. Paisaia margolari txar batena ematen du. Dena da polita, ametsetan ikusten diren horietakoa, gezurrezkoa balitz bezala. Zeruko hodei pusketak dantzan, parajea nabartzen dute haien itzalekin.
Goizeko hamarrak aldera lehendabiziko lehoinabarra ikusi dut. Erreka jarraitzen du gure bideak, bertze aldean animalia astiro doa. Mantso-mantso paraleloan jarraitu dugu lehoinabarra, ezikusiarena egiten du, ala kamioia ez du ezagutzen, kaxa erraldoi itsusi bat bertzerik ez da, traste bizigabea. Eta biziduna bila dabil, ehiztari maltzurra da lehoinabarra, xume-xume, isil-isilean, ezustean harrapatzen du ehizakia.
—Animalia gose dago, sabela hutsa dauka – Dio gidariak.
Hamar minutu eskas iraun du desfileak. Lirain eta malgu, larru nabar elegantez jantzia, sasi artean galdu dut lehoinabarra. Betiko geldituko da nire begietan. Ez dut ehizan ikusi baina agian hobe...
Jirafak, zebrak, ñuak, bufalok, antilopeak... taldeka edo bakarka, zelai, baso edo mendixketan. Mila bide gurutze daude eta galdu egin gara.
Batzuetan galtzeak badu berea, gaurkoa horietako bat izan da. Eguzkia apaltzen hasia da, haizeak freskatzen du eta lehoi familia afari merienda egiten ari da. Bidetik gertu, ehun bat metrora; arra, harri tontor handi baten gainean eserita dago, haren ezti kolorezko begiek mesprezuaz begiratzen gaitu, aharrausi egin du ahutza ahaltsuak ireki eta hagin handiak erakutsiz. Buruko ile beltz ederrak astindu ditu. Emeak magalean zebra bat jaten ari dira. Bi dira, ondoan hiruzpalau ume jaki hezurrekin jostetan, lurrean iraulka, borrokan... Lehoi arra kontent dago, bera izan da lehendabiziko jan duena, emeek ekarri diote jakia. Nagusia ase denean soilik hasi dira jaten bertzeak. Ikaragarrizko haginkadekin zatitzen dute zebra haragia, larru marraduna larrutuz.
Lehoi arra lotsagabe itzala da. Baso eta oihanean errege poligamoa, erreginek mantentzen dute kobazuloa, umeak zaindu eta familia osoa elikatu ere. Bere eginkizuna, lurraldea eta emeak defendatzea da, batez ere bertze erregeetatik. Eta gotor defendatuko du erreinua azken hatsa galduko badu ere. Lehoi emea umatzeko tenorean taldea utzi eta kobazulo batean umeak koxkortu arte altxatzen da. Emea umeei esnea ematen dion bitartean ez da zeloan sartzen, eta arrak anitzetan hiltzen ditu sortu berriak emea berotzeko.
Hiru egun irauten du lehoi emearen zeloak. Eta hogei minuturo estaltzen du arrak emea. Hirurehun bat aldiz hiru egunetan... Lehoiek ez dute aurre eginen dien harraparirik. Hortaz espezia bera da ugalketa kontrolatzen duena. Sortzen diren hiru lehoitatik batek baino ez du eginen aitzina.
Ur ondoan, belai batean paratu dugu kanpamendua. Su handi bat egin eta ondoan afaldu ostean, berbetan ari garela harako kurrinka bat aditu dut. Izutu ere egin naiz. Gaua beltza dago, ez dut deus ikusten. Kopetako argia biztu, eta inguruan begirada bat eman dut. Bi begi alimaleko meta baten buruan ikusi ditut. Meta zanpa-zanpa ia arrastaka mugitzen da, eta nigan dator.
—Lasai, lasai. Ez dute deus egiten, sar zaitez dendan eta ongi hertsi atea. – Gomendatu dit gidariak.
Badirudi hipopotamoak arrotzekin laket direla eta gabez gero eta gehiago dira turisten dendak harriduraz bisitatzen dituztenak.
Irribarretsu taldeari zuzendu da gidaria.
—Pixa eta bertze gainerako guztiak egin eta sar zaitezte dendetan, gauez ez atera, hipopotamoa izutuko da, eta orduan bai, hobe haren aitzinean ez bazaudete.
Ehunka kilo bizkarrean, eguna joan eguna etorri... Animalien txutxu-mutxuek lokartu naute azkenik.
Ilustrazioa: Lola Sarratea
Lo zakuaren barnean dendak ematen didan babesean ongi sentitzen naiz. Kanpoan aktibitate handia sumatzen dut, nonbait hipopotamo familia osoa etorri da bazkara.
“A!” ze bizi tristea hipopotamoarena. Eguna ur lohitsuan iraulka, gau osoa belar jaten. Ehunka kilo bizkarrean, eguna joan eguna etorri... Animalien txutxu-mutxuek lokartu naute azkenik.
Lainotsu ernatu da eguna, ia ez da deus ikusten, kamioian erdi lo gaude. Errepidea makurra da, harako batean elefante alde handi batekin topo egin dugu. Gidariak txoferrari gelditzeko eskatu dio. Elefante bat errepidetik gertu dago.
Elefante familia amatxik gidatzen du.
Badira erraldoiak, handiak ertainak eta niniak amaren hanka artean titia bila. Amak aldizka tronparekin pa ematen dio umeari.
Arrak hortz luze eleganteak harro erakusten ditu.
Hurbilean ur putzu bat ur-liliaz estalia dago, elefante batek 160 litro ur egunean behar ditu, eta ur-liliak anitz gustatzen zaizkio. Putzua agortzen denean bertze baten bila mugitzen da elefante aldea. Idorte handietan gaizki pasatzen du elefanteak, larrua babesteko lokatzan bainatzea premiazkoa du, zahartzen denean haginak galtzen ditu eta kima xamur sortu berriak soilik matxikatu ahal ditu.
Kamioia gelditu eta isilean taldea begira denbora egon gara.
Eme bat zeloan dagoela ematen du eta arra gorteiatzen ari zaio. Tronpa gora belarriak astindu eta ikaragarrizko orroa bota ere egin du.
Alde egiteko tenore da. Elefantea pisua eta traketsa ematen badu ere, zalu eta abila da, igeri ongi egiten du eta basoan sasi edo sastrakek ez die trabarik egiten, denen gainetik pasatzen da. Haserrean hagitz arriskutsua da. Ez ditu arrotzak bere inguruan maite. Bere intimitatea babesten du. Elefante batek harrapatuz gero nekez aterako da bizirik gizona. Lehenik tronparekin lurrera bota eta gero hankekin zanpa-zanpa kasatuko du.
Lainoa harrotu du eta ikaragarrizko beroa egiten du. Itzal bat bila gabiltza. Bazkaltzeko tenorea ailegatu da eta gose gaude. Azkenik, Akazia batzuen azpian mahaia paratu eta zerbait jateko hartu dugu. Gero berriro kamioira: kuluxka bat eginen dut.
Munduan animaliarik zaluena gepardoa da. Edertasun handiko harraparia, larru nabar zurixka, bi malkok aurpegia goitik behera gurutzatzen dio, beti negarrez balitz bezala. Kuttuna eta maitagarria dirudit.
Betiko tximinoen etsai amorratua, siesta denbora profitatuz sartu da gepardoa tximino baratzean. Tximino familia handi bat lasai dago, berbetan, jolasean, elkarri, orrazten, zorri garbitzen...
Tximinoek harraparia sumatu dute eta umeak bildu bizkar gainean, besapean... eta zuhaitzetara igo dira. Iskanbila ikaragarrian zuhaitzez zuhaitz jarraitu dute gepardoa, garrasika errietan egiten diotelarik. Gepardoa lotsati buztana arrastaka baratzetik atera denean tximinoak mutu gelditu dira. Minutu bateko isilunea egin da. Beraz nahiko dramatikoa iruditu zait.
Emozio handia sentitu dut. Une honetan tximinoekin nago, badakit gepardoa tximino ume baten beharrean dagoela, hori dela haren bizi bidea, seguru aski berak ere baduela ume bat kobazuloan eta elikatu behar duela. Baina tximinoen ekintza ausarta hunkigarria dagit.
Eguna ongi profitatu dugu, eta ilunabar gorri-gorriak aterpe eman digu. Eguzkiak ostertzean ematen du sua dariola, baina urrun dago eta harenak ez gaitu berotzen, hortaz gurea egin dugu, gero su inguruan espageti on batzuk jan ondoren dendan sartu naiz. Ibai bazterrean gaude eta giro hezea sumatzen dut. Akuarela safaria (II/III)
Akuarela safaria (III/III)