627 Zenbakia 2012-06-01 / 2012-06-08
Euskal Herria Mugaz Gaindi VIII. mintegian aurkeztutako lana 1.- Laburpena
Eztabaida elikatzeko asmoz egindako lantxo honetan Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko hainbat gaztek euskal diasporaren gainean dituzten uste eta jarrerak aztertuko ditugu. Gazte horiek, hezkuntza arloko profesionalak izateko bidean, euskal gizartearen konplexutasunaz jabetzen dihardute. Euskal hiztun diren arren eta Huhezi bezalako egitasmo engaiatu bateko parte diren arren, gogoeta gutxi egin dute euskaltasunaz, identitateaz, inklusioaz edota kultur aniztasunaz. Diasporaren gaia lantzearen bitartez gai horien konplexutasunaz janzten joango dira. Diasporaren gaineko azterketak bide eman die gazte hauei beren kontraesanez, zurruntasunez eta ikuspegi murritzez jabetzeko.2.- Sarrera
Hurrengo lan honek Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko gazteek euskal diaspora nola ikusten duten aztertzea du helburu, hortaz. Izan ere, diaspora deitzen dugun giza-komunitateak berez duen interesaz gain, badu lan honetan agerian jarri nahiko genukeen beste gainbalio bat. Diasporaren gaineko hausnarketak aukera ematen digu Euskal Herrietako gizarteari ispilu handi bat jartzeko, bere buruaren isla izateko. Zentzu horretan 20 urte dituzten gazteen iritziek ez dute soilik diaspora bera hizpide hartzen, baita iritzi horien emale direnen zutarriak ere.
HUHEZI, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzia fakultatea da eta Eskoriatzan, Gipuzkoan, du bere egoitza. Hiru ezagutza-arlo eskaintzen dira bertan: hezkuntza, komunikazioa eta lankidetza. Fakultate honek sortze beretik du gizarteproiektu jakin baten alde eragile izateko misioa. Egitasmo honen sortzaileek gizarte gero eta euskaldunago eta gero eta justuago baten alde lan egiteko borondate irmoa izan dute. Honela, izaera kooperatiboa duen unibertsitate honen baitan pertsona euskaldun eleanitzak formatzea dugu helburu; sortu nahi dugun gizarte-ereduan ekarpena egingo duten pertsonak. Huhezi da Euskal Herriko unibertsitate sisteman euskara hutsean lan egiten duen fakultate bakarra.
Gure ikasle guztiak euskal hiztunak izateak, ordea, ez dakar horrenbestez ikuspegi soziolinguistiko beregaina izatea. Formazio bide horretan XXI. mendean gizarteek, hizkuntzek eta hizkuntza-komunitateek dituzten erronkak zeintzuk diren jakitun izatea nahiko genuke. Horretara dago bideratua HUHEZIko ikasketen curriculuma. Besteak beste, bi materia ditugu diasporaren gainean aritzen direnak. Horien bitartez, gure gazteei ikuspegi globala eta hainbat balioen garapena eskaini nahi zaizkie.
Eztabaidara ekartzen dugun lan honetarako erabiliko dugun lagina HUHEZI fakultateko hezkuntzako ikasleez osatua dago. Alegia, etorkizunean hezitzaile izango diren ikasleen uste eta iritziak jorratuko ditugu. Zehazki gorago aipatutako bi materiatan aritutako ikasleak dira, Euskaldunak Munduan Zehar (2008 eta 2010) hautazkoa eta baita Kulturartekotasuna eta Balioen Garapena modulua.
Huheziren baitako bi iker-lerroren isuria uztartuko dugu, ELEA deitzen den ikerketa taldearena, batetik, eta SORGUNEAK deitzen dugun taldearena, bestetik. Lehenbizikoak, kulturartekotasuna ikertzea du helburu. Bigarrenak euskal kultura eta identitatea. Lan honetan, beraz, hitz gakoak izango dira: identitatea, euskaltasuna, kulturak, bizikidetza, inklusibitatea. Lan honek, ordea, muga argiak ditu: hausnarketara dakargun ekarpen batzuk egitea du helburu, eztabaida zabaltzea, ez lan akademiko klasiko bat egitea. Zentzu horretan inplizituki badauden baina propio ezkutatu ditugun aipu eta erreferentzia bibliografikoak falta ditu testuak. Hautu hori egin dugu irakurterrazagoa izan dadin.
Jarraian informazioa biltzeko eduki dugun testuingurua eta ikerketa honen funtsak azalduko ditugu. Ondoren, emaitzak aurkeztuko ditugu. Bukatzeko, ondorio batzuk zirriborratuko ditugu.
Huheziren baitako bi iker-lerroren isuria uztartuko dugu, ELEA deitzen den ikerketa taldearena, batetik, eta SORGUNEAK deitzen dugun taldearena, bestetik. Lehenbizikoak, kulturartekotasuna ikertzea du helburu. Bigarrenak euskal kultura eta identitatea.
Argazkia: CC-BY - egizu 3.- Testuingurua
Euskaldunak Munduan Zehar hautazkoak euskal diaspora izan du aztergai. Bi ikasturtetan zehar eman da, 2. eta 3. mailako ikasleekin, alegia, 20 eta 21 urteko ikasleekin. Kulturartekotasuna eta Balioen Garapena modulua, Bolognako prozesua deritzan unibertsitate erreformaren ondorioz sortutako gradu berriekin ezarri den materia berria da. 2010-11 ikasturtean eman zen lehen aldiz eta 2. mailako ikasleei bideratuta dago. 2011-12 ikasturtea da, beraz, modulu hau ematen den bigarren aldia. Modulu honen helburua da etorkizunean haur eta gaztetxoen hezitzaileak izango direnak kulturartekotasunaren gaiarekin trebatzea. Izan ere, gaur egungo hezkuntzak duen erronka nagusietako bat da migrazio prozesuei erantzun eraikitzailea ematea. Honela, Euskal Herrira azken urteotan etortzen ari diren etorkin eta hauen seme-alabekin bizikidetza du helburua, besteak beste. Honako konpetentzia espezifiko hauek garatu nahiko genituzke:Jakin: Ezagutzea gaurko gizartean hezkuntza familiar eta eskolarrarekin lotutako gai garrantzitsuenak: haien artean kultur aniztasuna eta kulturartekotasuna, diskriminazioa eta gizarte inklusioa. Ezagutzea eta kudeatzea eskola egoera testuinguru eleanitzetan. Ezagutzea errekurtsoak eta esku-hartze pedagogikorako estrategiak kulturarteko hezkuntzari begira. Ezagutzea beste hizkuntza batzuk daukaten ikasleen zailtasunak hizkuntza ofizialak ikasteko. Ezagutzea erlijio gertakaria historian zehar, eta bere lotura kulturarekin. Ezagutzea pentsamendu etikoa.Egiten jakin: Diseinatu jarduerak elkarbizitza eta balioekin lotutako lana bultzatzeko. Analizatu eta kritikoki erabili gaurko gizartean hezkuntza familiar eta eskolarrarekin lotutako gai garrantzitsuenak: kultur aniztasuna eta kulturartekotasuna, diskriminazioa eta gizarte inklusioa, besteak beste. Bultzatu herritartasunerako hezkuntza demokratikoa eta pentsamendu sozial kritikoaren praktika. Kudeatu hizkuntzak ikasteko egoerak ingurune eleanitzetan. Bultzatu elkarbizitza gelan nahiz gelatik kanpo eta gatazkaren konponketa baketsua. Bultzatu errespetua eta aniztasunarekin estimua ikasleen artean.
Aurten egin dugun berrikuntzen artean, euskal diasporari tarte txiki bat ematea izan da. Berrikuntza hau planteatu zenean pentsatu genuen garrantzitsua zela gure ikasleak euskal emigrazioaren fenomenoaz jabetzea, horrela euskal immigrazioa bera ere hobeto ulertzeko.
Izan ere, oraingo migrazio prozesu hauek diktadura garaiarekin batera izan genituen beste batzuen ondotik datoz eta orduko eskola sistemak ez bezala, oraingoak euskal hizkuntza eta identitatea biziberritzeko erronkarekin uztartu behar ditu prozesu horiek berez dakartzaten desafioak. Zentzu horretan orain dugun panorama konplexuagoa eta, aldi berean, anbiziotsuagoa da. Testuinguru honetan identitatea bezalako gaiek tratamendu berezitua eskatzen dute. Huheziren misioari jarraiki, tresna kognitiboak eskaini nahi zaizkie ikasleei goian aipatutako helburu bikoitza modu eraikitzailean ekiteko; alegia, gero eta euskaldunagoa izango den gizartea eraikitzen joateko eta gero eta inklusiboagoa eta, oro har, justuagoa izango den gizartea sortzen joateko hezkuntza arlotik.
Kulturartekotasuna mundu osoan da interesgune. Kontzeptu honek, hala ere, adiera ezberdinak hartzen ditu testuinguru ezberdinetan. Hizkuntza bat biziberritzeko prozesuan dagoen gizarte batean kultura ezberdineko pertsonen bizikidetzaz haratago doan zerbait da; nahitaezkoa da kasu hauetan egoerak eskatzen duen ikuspegi soziolinguistikoa integratzea. Honela, ikuspegi indibidualaz gain, ikuspegi kolektiboa eta baita hizkuntzei berei dagokiena kontuan hartu behar da. Gure ikasleei eskaini nahi dizkiegun tresna kontzeptualek konplexutasun hori kontuan hartu beharko lukete. Gurean ezin ditugu hizkuntza hegemonikoan oinarritutako testuinguruetatik datozkigun paradigma teorikoak aplikatu besterik gabe, begirada propioa ezinbestekoa zaigu azken emaitza ekologikoa izan dadin.
Gure gazteek ez dute behar bezala ezagutzen azken 50 urte hauetan Euskal Herrian egin den ahalegina gizarte gisa beregaintasuna lortzeko. Ez dute ezagutzen Errepublika garaia, ezta Frankismoaren gogorra; Estatutuaren seme-alaba dira. Identitate gatazkaren gainean gogoeta falta izan da gizartean oro har eta gure gazteek hortik edan dute. Ez dute aukerarik izan gatazkatsuak diren gaietaz eztabaidatzeko, gogoeta egiteko, egoeraz jabetzeko. Nolabait aurreko belaunaldiaren diskurtsoak jaso dituzte, bereak eginez neurri batean. Ez dute jabekuntza propio bat egin; horregatik iritzi zurrunak eta kontrajarriak erakusten dituzte.
Euskal diasporaren gaiaren lanketak aukera eman digu gai horietaz gogoeta egiteko. Sarritan aipatu dugu immigrazioak harrera gizartean berez zeuden arazoak azaleratzen laguntzen duela. Garbi ikusi dugu hori gure gazteekin ere. Euskal diasporaren gainean fokatzeak, ikuspegia zabaldu digu, gure kontraesanak azaleratu eta ezkutuko gaiez gogoeta egiteko bidea eskaini. Gure ikasleei jabekuntza-prozesua egiteko aukera eman die: Gu garenaz, izan garenaz eta izan nahi dugunaz...
Renon 1993an ospatutako euskal jaia.
Focus group deritzon metodoa erabili dugu horretarako. Ikasleen errepresentazio eta uste hauek jasotzeko erabili dugun metodologia kualitatiboa izan da, hortaz.
Euskaldunak Munduan Zehar (EMZ) materian ikasleei hurrengo kuestioak planteatu zitzaizkien nagusiki: Zer den euskalduna izatea? Zein elementu edo ezaugarri izan behar dituen pertsona batek euskalduna izateko. Posible den euskalduna eta beste identitate bat izatea. Noiz onartzen dugun norbait euskaldun gisa.
Kulturartekotasuna eta Balioen Garapena (KBG) moduluan ere galdera hauek planteatu zitzaizkien, baina eztabaidarako eman zitzaien denbora tartea laburragoa izan zen.
Euskaldunak Munduan Zehar (EMZ) hautazkoan ikasle kopurua ez zen izan altua (9 ikasle lehen aldian eta 7 bigarrenean) eta horrexegatik erabaki genuen talde osoarekin jardutea. Kulturartekotasuna eta Balioen Garapena (KBG)moduluan aldiz, 25 pertsonek osatzen zuten taldearekin lan egitea adostu zen.
Ikasleek ez dakite gehienetan zer den diaspora. Batzuk jakin badakite euskaldunak Ameriketara joan izan direla, bateren batek ere badu familia Ameriketan, baina beraien ordura arteko interesa ez da haratago joan izan. Diaspora terminoa ezezaguna egingo zitzaiela-eta kontuan izanik, bi materietan euskaldunak munduan zehar kategoria erabiltzea erabaki zen. Pentsatu zen euskal diaspora terminoa erabiliz gero, ikasleek ez zutela jakingo zeri buruz ari ginen.
Ikusita ikasleek euskal diasporarekiko zuten errepresentazio eta usteak, hainbat ekintza eta jarduera burutu ziren. EMZ hautazkoan, materiak berak aukera hori ematen zuenez eta hori zenez bere helburua, ikasleek beraien uste eta errepresentazioak errebisatzeko hainbat jarduera programatu ziren. Nabarmenenenak aipatuko ditugu: Interneten euskal diasporari buruz dagoen informazioa aztertu. Diaspora terminoa landu. Euskal Herriko historia aztertu: emigrazioaren arrazoi nagusiak; helmuga desberdinak. Herrialde desberdinetan egiten diren ekintzen berri izan: Euskal Etxeak eta bertan egiten diren aktibitateak, euskal jaiak, Boiseko Jaialdi, Amuma Says No Boiseko musika taldea, FEVA, NABO, euskara eskolak ... Pelikulak eta dokumentalak: adibidez, EITBko Agindutako lur maitea dokumentala, El Desfiladero de La Muerte (1959, Russell Rouse) Bisitak: Lazkaoko barnetegian euskara ikasten ari diren Hego-Ameriketako euskaldunak eta Maite Iturre argentinar-brasildar-euskalduna. Asun Garikanoren Far Westeko Euskal Herria laneko hainbat kapitulu irakurri eta landu.4.- Emaitzak
Emaitzak azaltzeko gogoeta egin aurreko iritziak bilduko ditugu batetik eta, ondoren, interbentzioa egin ostekoak. Prozesu baten kontaketa egingo dugu; gogoeta saioen emaitzak azaltzeko, aurreko egoeraren berri emango dugu.
HUHEZIko Hezkuntzako ikasleekin izandako hasierako hartu-emanetatik hurrengo emaitzak nabarmen ditzakegu: Zer gara gu, nor gara gu? Euskaldun versus vasco
Bi materietan gailentzen den iritzia da euskalduna izateko ezinbestekoa dela euskara hizkuntza hitz egitea. Euskalduna terminoaren esanahia eztabaidagai izan da talde guztietan. “Euskara hiztun” definizioa izan da nabarmendu dena, baina “Basque” edo “vasco”-ren ordez zein terminologia erabiliko zuketen galdetzerakoan, ez da erantzun aproposik jaso. Hau da, ikasleak ez dira adostasun batera heldu. Aukerak aipatu izan zaizkienean (baskoa, euskotarra...), gauza bera gertatu da. Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa dela-eta, eta euskara oraindik normalizatu gabe egoteak ekarri ditu batez ere eztabaida. Gaztelaniazko vasco/a edo ingelesezko Basque terminoek gaur egun ez dute markatzen ea pertsona batek euskaraz badakien edo ez - vs. Euskaldun terminoa euskara hiztun bezala hartzen bada. Beraz, adostu gabe gelditu da zein den deitura aproposa. Gainera, eztabaidak ere jaso du euskal diasporan terminologia desberdina erabiltzeak, Euskal Herrian jaio edota bizi direnak eta euskara ez dakitenak ere orduan terminologia desberdina beharko luketela, euskal diasporan bezala.Lurraldetasunaren auzia agerian
Ikasleek markatu duten beste elementu bat euskal herritar izateko (guk vasco/a edo Basque gisa erabiliko dugu kasu honetan) da Euskal Herrian jaioa izatea. Hau da, ikasleek euskalduntasuna eremu geografiko batekin lotuta dagoela uste dute. Ez dute ulertzen nola pertsona batek, kanpoan jaiotakoa, euskalduntzat jotzen duen bere burua, nahiz eta bere gurasoak edota ahaideak euskaldunak izan. Ikuspuntu hau areagotzen da euskaldun sentitzen dena kulturalki Euskal Herritik urrunago dagoela bizi badute.
Adibidez, ez dute euskaldun gisa kontzebitzen AEBtan jaiotakoa dena. Ikasleentzat amerikarrak dira soilik. Ikuspuntu hau nabarmenagoa egiten da euskal jatorria urrunagokoa denean; hau da, euskaldun sentitzen direnak 3. belaunalditik aurrerakoak direnean. Zer esanik ez, euskal jatorria beste jatorri batekin elkartu denean: adibidez, aiton-amonak Euskal Herritik joandakoak izatea eta guraso bat euskalduna izatea eta bestea beste jatorri batekoa. Hau da, badirudi HUHEZIko gazteek euskalduntasuna ikuspegi etnikotik ikusten dutela.
San Franziskon pilotan, 1978ko argazkia. Identitateaniztasunarekiko zurrun
Ikasleei ere oso zaila egiten zaie ulertzea eta onartzea pertsona batek identitate bat baino gehiago izan dezakeenik. Euskal Herrian diasporako kideak bizi diren herrialdeak duen irudiak ere zeresan handia du kasu honetan. Kasuak kasu, orokorrean AEBak ez dute irudi ona gure gazteen artean. Dela kanpo-politika, dela kapitalismoaren eta globalizazioaren santutegia, ikasleek ez dute AEBen irudi positiboa. Ondorioz, ez dute ulertzen nola senti daitekeen pertsona bat era berean, inongo gatazkarik gabe, AEBtar eta euskaldun. Gazte gehienek uste dute AEBak errepresentatzen duena eta Euskal Herriak irudikatzen duena guztiz aurkakoak direla eta honek identitate anitzaren kontzeptua ulertzea eta onartzea zailtzen du.Hizkuntza komunitate berekoak?
Bestalde, eta ikasleei egindako azken galderari dagokionez, gazteei zaila egiten zaie Euskal Herrian jaio ez den pertsona bat, nahiz eta euskal jatorrikoa izan, nahiz eta Euskal Herriarekiko atxikimendu handia sentitu, bere kultura eta historia ondo ezagutu eta nahiz eta euskara hitz egin, euskalduna izatea, bertakoak bezala. Hau da, ezaugarri guzti hauek beteta ere, gazteek bertako vs diasporako maxima jartzen dute praktikan; gu vs eurak. Hau da, euskal diasporako kideak ez dituzte komunitate bereko partaide ikusten.
Talde desberdinetako eta materia desberdinetako ikasleek, beraz, honela ikusten dute euskal diaspora materiaren edo eztabaidaren hasieran. Beraien hasierako iritziak, sinesmenak eta errepresentazioak zurrunak dira; ez da erraza ideien elkarrizketa edo negoziazioa.
Interbentzioak iraun bitartean honako bilakaera azpimarra dezakegu:Euskalduntasuna folklorean oinarrituta
Ikasleek euskal diasporan egiten diren jarduera eta ekitaldiak aztertzerakoan jaso duten inpresioa izan da euskalduntasuna folklore hutsaren bidez bizi dutela. Gaur egun beraientzat oso erakargarriak ez diren ekintzetan oinarritzen direla pentsatzen dute. Adibidez, HUHEZIko ikasle hauetariko oso gutxik dute herri-kirolekiko zaletasuna; oso gutxik estimatzen dute trikitixa, ez bada euskal kulturako ezaugarri gisa behintzat. Hau da, ikasleek beraien egunerokotasunean edo aisialdian egiten dutena eta euskal diasporako kide askok egiten dutena urruti dagoela uste dute. Halere, puntu hau gehiago sakontzeko asmoz galdetu zaienenean ea nola biziko luketen beraiek euskal identitatea Euskal Herritik kanpo egonda edo beste herrialde baten bizitzerakoan, ez dira gai izan erantzuteko. Aldi berean ere, galdetu zaienean ea zerk egiten dituen beraiek, ikasleak, euskaldun, edo euskaldunago, ez badituzte euskal kulturako, edo folkloreko, elementu asko praktikara eramaten, ez dute ere erantzuten jakin.Ereduen didaktika: Nahimenean maisu
Euskal Herriko emigrazioaren arrazoiak aztertzerakoan edota Far Westeko Euskal Herria lanetik hainbat euskal etorkinen bizipenaren berri jasotzerakoan ikasleek gertutasun handiagoa sentitu dute migrazioaren fenomenoarekiko. Bestalde ere, askok harridura adierazi dute Hego eta Ertamerikan, Espainiatik independentzia lortu ondoren, euskaldunek bizi zuten egoeragatik, gaur egun nola sentitzen diren Hego/Ertamerikar, eta euskaldun. Beste hitz batzuetan esanda, nola lortu duten euskaldunak etorkin hutsak izatetik, askotan pobreziatik ihes, hutsetik hasi behar zutelarik, gaur egun orokorrean duten irudi ona harrera herri hauetan. Harridura adierazi dute ere AEBetako mendebaldean euskaldunak “black Basco”, “dirty Basco” eta horrelako irainak jaso ondoren, nola lortu duten anglo-sajoien artean irudi ona izatea.
Harridura da ere ikasleek ikusi dutenean Euskal Herritik kanpo egiten diren ekintza kopuru altua. Ulertzeko zaila egiten zaie zergatik nahi duten 2. belaunalditik hasita, ondorengoek beraien euskal identitatea mantentzea edota birsortzea. Gainera, aurretik adierazi bezala, ikasleek ez dute “mantentze” lana bezala ikusten, baizik eta euskalduntasuna modu folkloriko baten bizitzeko aukera. Talde hauek Euskal Herriarekiko duten atxikimendua eta honi dedikatzen dioten energia eta denbora konprenitzeko ere zailtasunak demostratu dituzte. Ikasleen ikuspuntua laburbil genezake horrela: beraiek euskalduntasunaren zentroan sentitzen dira eta besteak periferian daude kokatuta. Ez zaie iruditzen serioak direnik erabiltzen dituzten bideak, nahiz eta onartu, eta goraipatu, horretarako egiten duten ahalegin handia.
Ikasleentzat esanguratsuena izan dena euskal diasporako kideak zuzen-zuzenean ezagutzea izan da. Gurera gerturatu diren bisitak izan dira ikasleen begietan inpakturik handiena izan dutena beraien uste eta errepresentazioetan. Lazkaoko barnetegian zeuden hego-amerikar-euskaldunak alde batetik, eta bestetik Maite Iturre, argentindar-brasildareuskalduna. Ikasleek aho betez goraipatu dute talde honek egindako lan bikaina euskara ikasterako orduan: beraien ahalegina eta beraien euskara maila goraipatu da.Identitateaniztasuna ezagutu
Aldi berean, ordura arte oso abstraktua egiten zitzaien identitate anitza gertuagotik bizitzeko aukera eskertu dute. Pertsona desberdin hauetan ikusi dute nola bizi duten identitate bat baino gehiago inongo gatazkarik gabe. Azken kontzeptu edo aukera hau —gatazkarik identitate bat baino gehiago bizitzeko posibilitatea— sentimendu kontrajarriez jaso dute, batez ere hasieran: harridura, ulertzeko zailtasunak, miresmena, eta inbidia puntu bat ere bai.Zurruntasuna gainditu, konplexutasuna aurkitu
Bisita hauek jaso artean, aipatu bezala, ikasleek beraien iritziak zurruntasun handiz bota dituzte eta zaila izan da ideien arteko dialogoa. Aldiz, bisita hauek jaso ondoren ikasleen diskurtsoa nabarmen aldatu da. Ikasleek ere horretaz ohartarazi dira. Ikasleak ez dute oraindik erantzun egokirik topatu materiaren hasieran egindako galdera nagusiei. Halere, eman diren aldaketen artean gehien gailentzen dena da ikasleek erantzuteko zorroztasuna galdu dutela; hots, ikasleak ez dute horren argi ikusten, aldez aurretik bezala, zerk egiten duen bat euskaldun. Oraindik ere euskara hitz egiteak indar handia du gazteen iritzien artean, baina ikasleek ez dute hasierako zurruntasuna adierazten. Nahiz eta gutxi batzuk oraindik pentsatu euskara ezinbestekoa dela euskalduna izateko, gehiengoak hemendik kilometro askotara bizi den norbaitek euskara ez hitz egitearren euskaldun sentitzea aukera posible gisa ikusten du.Ikuspegi globala
Hasieran ikasleek ez zuten ikusten posible bezala Euskal Herrian jaiotakoa ez zen norbait eta bere familia urtetan zehar beste herrialde batean finkatuta egonik, nahiz eta euskara ikasi, benetan euskalduna izatea - ikasleen maila berekoa izatea. Ikasleek beraien burua zilegitzat jotzen zuten norbait euskalduna den ala ez esateko. Askotan aipatu den ideia izan da “beraiek euskaldun sentituko dira, eta horrela sentitzeko eskubidea dute, baina niretzat ez dira euskaldunak”. Hau da, ikasleek sentitzen zuten beraiek zutela euskal identitatearen monopolioa. Bisitak jaso ondoren ia ikasle guztiek beraiek beraien buruari emandako identitatearen monopolioaren zilegitasuna kolokan jarri dute. Ikasleek onartu dute jasotako bisiten bidez ikusi dutela beraiek ez dutela eskubiderik juzgatzeko eta esateko nor den euskalduna eta nor ez. Bestalde ere, aitortu dute lezio ona izan dela euskal diasporako talde honek emandakoa: Euskal Herritik milaka kilometrotara bizi arren, nahiz eta 3. belaunaldikoak, edo gehiago izan, Euskal Herrirako atxikimendua mantendu dute. Gailendu dutena izan da, baldintzak hauek izanik, talde honek egindako ahalegin bikaina euskara ikasteko. Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa kontutan izanda, ikasle batzuk gure errealitatea dela-eta “lotsa” ere sentitu dutela eman dute aditzera.
Dantzari talde bat Gardnervillen, Nevadan. 1987. urtea. 5.- Ondorioak
Orokorrean HUHEZIko Hezkuntzako ikasleek barne-prozesu bat bizi dute aipatu materia hauei esker. Ikertzaile baino, hezitzaileen hezitzaile bezala barne-prozesu hau oso positibotzat jo dugu. Ikasleak hasierako zurruntasunetik aldendu dira beraien usteak adierazterakoan eta beraien diskurtsoa malguagoa bihurtu da. Nahiz eta ikasleek ez duten bukaerako ondoriorik edo baieztapenik formulatu, baikortzat eman dugu emaitza hau. Materia eta lan honetan aritu garenok uste dugu ez dagoela galdera hauek erantzuteko modu bakarrik; hots, ez dagoela ikuspuntu bakarrik, ondo edo gaizki dagoen erantzunik edota galdera hauei erantzuteko definizio itxirik. Ikasleen malgutasuna azken ildo honetatik doala uste dugu eta ondorioz materien helburua zentzu honetan arrakastatsua izan dela. Ikasleek konplexutasuna aurkitu dute eta orain beren erantzunak aurkitu behar dituzte.
Gure gazteek euskal diasporaren mundua urruti bizi dute. Hezkuntzan lantzen ez den gai bat izanik, ikasleek ez dakite gauza handirik. Bestalde, euskal diaspora ez da gure egunerokotasunean modu garrantzitsuan bizi den eremua. Nahiz eta EITB eta Euskal Herriko komunikabide desberdinek presentzia handiago eman izan azken urteetan, orokorrean bertan ematen diren berriak puntualak dira eta oharkabe pasatzen dira gure artean. Ematen diren berriak ere gehienetan euskal diasporakoen euskal folklorearen irudia areagotzen dute; politikarekin daude lotuta —adibidez, Patxi Lopezen bisita Renora, Nevada, edota Boiseko, Idaho, Jaialdira behin eta berriz bota zuten EITBn 2010eko uztailean; Colectividades Vascas kongresua—; eremu akademikotik/ eremu akademikora egiten da bidea. Beste hitz batzuetan, euskal diaspora ez da gizartera heltzen, ez da Euskal Herriko biztanleriara modu egokian heltzen —heltzen bada behintzat—. Beraz, uste dugu energia, denbora eta diru gehiago inbertitu beharko litzatekeela gure gazteengana heltzen. Euskal diasporan bakarrik fokatu beharrean gure indarrak, euskal diasporaren presentzia Euskal Herrian indartu egin beharko litzateke; gure egunerokotasunean espazio esanguratsua beharko lukete. Taldetasunak, euskaltasunak ez du presentzia nahikorik erresonantzia kaxa gisa ari diren hedabideetan, ez eta eskoletan, ez eta familietan.
Gure esperientzian bizi bezala, HUHEZIko ikasleentzat euskal diasporako kideekin zuzen zuzeneko hartu-emana izatea izan zen aldaketa posibilitatu zuena. Aurretik aipatu ideiari jarraiki, Euskal Herriko gazteek euskal diaspora giza-banakoez osatuta dagoela ikusi eta bizi behar dute; izen eta abizena dutela; historia bat dutela; Euskal Herriko historia eta identitatea osatzen dutela. Garrantzitsua da gazteek guzti hau modu tangibleago batean bizitzea gure arterako zubi-lan gisa. Gainera, migrazioa ulertzeko tresnak behar dituzte.
Diasporak berez duen interesaz gain, ordea, lan honek azaleratu duen potentzialitatea azpimarratuko genuke. Ikasleen emaitzetatik honako ondorio orokor hauek zirriborratuko genituzke:
Zer gara gu, nor gara gu? Euskaldun versus vasco. Hainbat autorek ohartarazi duten moduan “euskaldun” hitzaren berezko adiera, zeinak hizkuntzari egiten dion erreferentzia nagusiki, higatzen joan da “vasco”-ren kategoriara iristeraino. Horrek erakusten digu, besteak beste, euskalduntasuna, berezko taldetasuna herritartasun kontzeptuaren mesedetan ezkutatu egin dela. Errealitate horrek oinarrizko gatazka bat ezkutatzen du, ordea, honela interpretatu behar dira gazteek ematen dituzten erantzun zurrunak. Gazteen erantzunek gizartean bertan dagoen konfusioa erakusten digute. Diasporak ageriago jartzen du auzia.
Hizkuntza komunitate berekoak? Lurraldetasunaren auzia agerian. Diasporak taldetasuna begi bistan jartzen digu. Nahi gabe ere, euskal komunitatea elikatzen jarraitu nahi duen diaspora horrek, itaun bat planteatzen digu. Mundu globalean gero eta garrantzitsuagoa da zerbaitekin identifikatzea, nortasuna bat eraikitzea. Gure gazteek berea eraikitzen dihardute baina horretarako gizartean ezkutuan egon diren gatazkei aurre egin beharko die aurreko belaunaldiak egin duena baino hobeto. Galdera pertinenteak dira honakoak: nola bila liteke osagarritasuna berezko lurraldearen eta diasporaren artean? Nola egituratu hizkuntza-komunitate euskalduna besteekiko osagarritasunean?
Identitatearekiko zurrun. Bizi izan dugun gatazka identitario eta politikoaren ondorioz ezkutatu egin da eztabaida hau. Era berean, euskal identitatearen ukazioak jarreren gotortze bat ekarri du. Kasu askotan Euskal Herrian identitatea era dikotomokikoan bizi izan da nagusiki, ez da ulertzen euskalduna eta espainola izan daitekeenik era berean; ez eta frantses hiritar eta nazionalitate euskalduna aldi berean. Gainera identitate hauek baztertzaile gisa bizi dira; hau da, bata EDO bestea izan zaitezke. Paradigma hau aplikatzen da euskal diasporan ere bai.
Espainiar eta frantses estatuetatik euskal herriratu ziren belaunaldietako etorkinek eta beren seme-alabek zer esan handia dute gai honetan. Gure ikasleen artean baditugu horrelako ikasleak baina agerian bederen ez dira fondoko gatazkak agertzen. Euskal identitatea ukatua izan da, jarrera kolonizatzaileak egunero ikusten ditugu baina gure iritziz, gotortzeak, jarrera etnozentrikoak, ez digu mesede egiten. Gaia eztabaidara, agerira, ekarri behar da, gure gazteek behar dute. Euskal Herrira etorri diren senegaldar, marokoar edo ekuatoriarrek badute zer esana. Euskal diasporak ere bai.
Euskalduntasuna folklorean oinarrituta. Diasporaren folklorizazioak erakusten digu euskal kultura eta identitatearen folklorizazioa hemen bertan. Hainbat gaztek zailtasunak dituzte rocka euskal kulturarekin identifikatzeko, esate baterako. Euskal kultura folklore arloko hainbat elementurekin identifikatzen da, ez arian-arian garatzen ari den hizkuntza-komunitate bati darion kulturarekin. Sorguneak ikertegiak hainbat ikerketen bidez ohartarazi duen bezala, kultur politika beregaina eskatzen du euskal kulturak, hizkuntza komunitatearen elikagai sinbolikoa baita. Kultur politika horrek ezinbestez ekarri behar du belaunaldien arteko transmisio antolatua. Diasporan ere bai.
Hizkuntza-komunitate maiorizatu bateko hiztunak ez du hainbat gauza galdetzeko premiarik sentitzen. Berez datozkio, euria bezala. Globalizazioarekin batera, migrazioekin eta hedabideetako erreferentzia kulturalen murrizketekin aipatzen dugun auzia sozializatzen ari den arren, oraindik orain hizkuntza minorizatuetako hiztunek lan extrak dituzte: nor naiz ni? zer nahi dut? zergatik eutsi daukadanari?... Indibidualismo garai hauetan ez da erraza horri eustea. Gure gazteek ez dute lan erraza. Diasporako hainbat lagunek ezagutzen dute prozesu hori. Eta konta diezagukete.
Ereduen didaktika: Nahimenean maisu. Irakasgai galanta da gure gazteentzat, eta aktibo garrantzitsua etorkizunera begira, diasporako hainbat kidek “izateko nahia”-ri dagokionez eskaintzen duten lekukotza. Euskal gizartean azken 50 urtetan egin den aurrerapenak “izateko nahia” du motore nagusi. Hori elikatu ezean etorkizun iluna izango dugu.
Gure gazteei, ordea, egin den ahalegin horren kontaketa falta zaie: ez dute euskararen historia soziala ezagutzen, hizkuntzaren alderdi formalari eman zaio lehentasuna eskoletan, arlo soziolinguistikoa egituratu gabe dago neurri handi batean, behar bezala prestigiatu gabe jarraitzen du. Gurean euskaldunberriek egin duten ekarpena balioan jarri gabe dago oraindik. Horiek dira, ordea, etorkizunari begira ditugun irabazi garrantzitsuenak. Horietako asko gure geletan ditugu, gure gazteak dira. Egin duten ahalegina egiten duguna baino gehiago prestigiatu beharko genuke. Diasporatik datozen horiek horretan lagun dezakete.
XXI. mendeko desafioek konplexutasuna kudeatzea eskatzen digute. Horretarako zurruntasuna ez da lagun ona. Zurruntasunerako arrazoiak ulergarriak badira ere, urrats bat aurrerago egin beharko genuke: identitateaz hitz egin, ikuspegi globala izan. Gure gazteek behar dituzte tresna kognitibo propioak eskuratu etorkizuneko euskaldunen herria eraiki dezaten. Euskal diasporaren lanketak lagun dezake horretan. Horixe da Huhezitik egiten dugun proposamena ispiluan begiratu ondoren!
Bukatzeko bi hitz egin nahiko genituzke, elkartasunaz. Lan honetan nagusiki identitate kontuez aritu garen arren, motibazio ekonomikoagatik (ez politikoengatik) alde egiteko hautua egin zuten euskaldunek bidea eskain diezagukete oraingo etorkinekin enpatizatzeko. Gaur egun dugun arrisku handienetako bat aporofobia da, alegia, pobrearen kontrako jokabidea. Euskaldun askok aberats berrien jokabideak dituzten honetan, on egingo liguke, krisi latz honen atarian, solidaritate lekukotzak geureganatzea. Hori beste baterako utziko dugu, ordea.