631 Zenbakia 2012-06-29 / 2012-07-06
Nafarroako Gobernuak UDAN, KULTURA aurkezten du, uztailetik irailera bitartean, hau da, udako hilabete guztietarako ekimenak.
Uda osoan zehar nafar hiritar guztiek bai eta bisitatzen duten orok ere egunero ekintza kultural bat aurkituko dute. Nafarroako geografiatik sakabanatuta udak iraun bitartean, arte eszeniko zein musikan oinarrituta egongo dira. Eszenatoki horiek gainera, ondare historiko, artistiko edota naturaletan kokatuko dira, ekimen kulturala indartuz eta emanaldi hutsetik erabateko gertakari bilakatuz.
UDAN, KULTURAk Oliteko Antzerki Klasikoa, Cultur eta Lizarrako Musika Zaharraren Astea hartzen ditu bere baitan.
Argazkia: CC BY - Alan Cleaver.
Oliteko Antzerki Klasikoa, errege-egoitza jatorriari eta arte eszenikoko emanaldi berezienen antzeztoki izatearen usadio luzeari fidel egingo da uztailaren 15etik 31ra bitartean. Jaialdiak bi ardatzetan oinarritzen du bere programa: antzerkia, ikuskizun eta tailerren bitartez; eta historia, jauregiaren historia eta nobela historiakoaren hedapenaren gaineko ikastaroen bidez. Formatu txikiko eta kalitate handiko hogei ikusgarriz osatuta dago egitaraua, Juan Mayorga gisako autoreen, Miguel de Arcoren mailako zuzendarien edota Carmen Machi zein el Brujo aktoreen obrekin. Duela gutxi Londreseko olinpiada kulturalean parte hartu duen Siglo de Oro Fundazioaren bitartez Nafarroako ordezkaritza artistikoa ere bertan egongo da. Ensemble Durendalen eskutik, XIII. mendeko herri-musikei buruzko kontzertu-ikuskizun “Jançu Janto” estreinatuko da eta neurtitzaren tailerrean esku hartu duten aktore nafarrek parte hartuko dute lantegiaren amaierako obran.
Argazkia: CC BY - dailyinvention.
Cultur programa abuztuko protagonista izango da. Aurten musika izango du ardatz, folk, jazz, ganbera edo abesbatzako musika, pop eta bestelakoak gustuko dutenentzako eskaintza zabalarekin. Ondarearen alderdi onena eta ederrena ezagutzera emateko asmoz, Cultur kontzertuak Nafarroako geografiatik sakabanatutako eszenatoki ospetsuetara itzuliko dira. Programazioari buelta bat eman zaio Barañaingo Auditorioan eta Tuterako Gaztambide Antzokian irekiera eta itxiera ikuskizun erakargarriak txertatu asmoz, Kiko Veneno, Albert Hammond, Las Nancys Rubias eta Wim Mertens moduko gonbidatuekin. Nazio zein nazioarteko eszenako artista ezagun hauekin batera, musikari nafarrek beraien artea ospetsu handien maila berean dagoela erakutsiko dute.
Nafarroako uda kulturalak amaiera bikaina edukiko du Lizarrako Musika Zaharraren 43. Asterako antolatutako ekintzen egitarau mamitsuari esker. Abuztuaren 27an hasi eta irailaren 9an amaituko den ziklo entzutetsuaren baitan, Santo Domingo eta San Migel elizatan eskainiko diren kontzertuak daude eta zine emanaldiak egingo dira Lizarrako Fray Diego Kultur Etxean, bai eta Nafarroako Musikaren Hirian eta Iruñeko Kondestable Jauregian burutuko diren bi ikastaro ere. Egitarauan, nazioarteko talde ospetsuek eszenatokia partekatuko dute Raquel Andueza edota Iruñeko Ganbera Abesbatzarekin, besteen artean. Edizio honetan, San Migel elizako kontzertuen zorroztasun eta fintasunari, musika onenak ardo eta txokolaterik goxoenarekin uztartzen diren emanaldi zoragarriak gehitzen zaizkie. Musika kabaret barrokora edota XIX. mendeko kafe vienar batera eramango gaituzten kontzertu ikusgarriak.