631 Zenbakia 2012-06-29 / 2012-07-06

Gaiak

Bideoa: Uda Ospatuz. Sanferminak

EUSKOMEDIA



Aurreko ekimenetan bezalaxe, honako lan honek bi xede nagusi ditu: batetik, ikusgarria gerta daitekeen produktua eskaintzea aparteko irudiak erabiliz; bestalde, udaberritik udazkenera bitartean esanguratsuak ditugun 25 ospakizun horien deskribapen soila burutzeaz gain, ezaugarri eta oinarri nagusiak erakutsi nahi dira. Harreman eta lotura horien bitartez, jendeak euskal festa giroak bizi izan duen aniztasuna eta muina bereganatu ahal izango du.

San Prudentzioko festak, Kaxarranka, Pastoralak, San Juan eguneko sua, .... horiek guztiek Euskal Herriko lurretan barrena eraman gaituzte festaz festa, ospakizun anitzetan murgilduz, ohitura zaharrak erakutsiz eta sentipen berriak sorraraziz.

Sanferminak Non eta noiz

Iruñea – Uztailak 6-14 Zer gertatzen da

Euskal lurraldean zezenekin egiten ziren lehen jolasei buruzko datuak XIII. mendekoak dira. Datu horien arabera, zezen-hiltzaileak kontratatzen zituzten Nafarroako errege-erreginen gortearen dibertimendurako. Jolas edo dibertimendu hura apurka-apurka jende artean zabaltzen joan zen, eta gortesauen denbora-pasa izatetik herrikoi izatera pasa zen. XVII. menderako, zezen-korridak gure herrietako jaiegunen egutegiko unerik pozgarrienak ziren; hala dago naroki dokumentatua Euskal Herri osoko udalen aktetan. Hilketarik ez zen izaten ikuskizun haietan: gaur egunean Gaskonian eta Landetan egiten diren korriden antzekoak ziren. XVIII. mendean, aldiz, animaliaren hilketa gaineratu zitzaion ikuskizunari eta hortik sortu zen zezenketa. Zezenketak luxuzko festak ziren; izan ere, hasiera batean bezala animaliak alokatu beharrean, erosi egiten zituzten, eta herri guztiek ez zuten ordaintzeko adina diru.

Zezenketak bezain erro sakonak ditu eta hura bezain zaharra eta hedatua da entzierroa, gaur egunean, Iruñean eta Nafarroako beste hainbat herritan, eta haiek antzeratze aldera baita beste hainbat lurraldetan ere, egiten den moduko entzierroa.



Non eta noiz

Lesaka – Uztailak 6-10 Zer gertatzen da

Sei dantza tipiko daude Lesakan. Uztailaren 7an dantzatzen dira, San Fermin egunean. Prozesioa bukatu ondoren, Eskol Ttikira jaisten dira lesakarrak, eta, han, Onin ibaiaren ertzetan, Zubigainekoa dantzatzen dute ezpatadantzariek. XV. mendean Lesakako auzoek sinaturiko bake-itunaren oroigarria da Zubigainekoa.

Gero, Tantirumairuren doinuan, bandera airean ibiltzen dute, zubi gainean daudela.

Ezpatadantzariak eta bertze guztiak Plaza zaharrera abiatzen dira, eta, han, banderari dantzatzen diote berriz ere. Gero, bandera goititzen dute herriko etxera; ezpatadantzariek dantzaldia egiten dute, eta ohorezko arkua osatzen dute makilekin.

Jendea karriketan barrena prozesioan abiatzen denean, Makil-gurutze dantza dantzatzen dute dantzariek.

San Ferminetan, Ziarkakoa deritzon dantza dantzatzen dute.

Honako hauek dira bertze dantza batzuk: Zantzo-mononoa edo Mutil-dantza, Neska-dantza, eta aurreskuan. Aurreskuan, dantzari kapitainak dantza eskaintzen dio neska kapitainari.