Karmele Esnal, ikastolen mugimendua sortzen eta eraikitzen parte hartu zuen lehen andereñoetako bat izan zena, hil da. Karmele Esnal Zulaika Orion sortu zen 1932ko abenduaren 20an eta, 79 urte zituela, 2012ko maiatzaren 30ean zendu da.
Donostian egin zituen batxilergo ikasketak. 1947an Gasteizera joan zen Magisteritza ikastera eta hiru urte geroago Donostiara itzuli zen. Elbire Zipitriaren ikastolan urtebete egin zuen, 1953an, haren teknikak ikasten. “Eskola aktibo, dinamiko bat topatu nuen Elbirerekin. Oso aurrerakoia zen sistema hura”, esan zuen.
Ikastolen munduan sortzaile, bultzatzaile eta irakasle izana. Irakaskuntzan eman du bere bizitza guztia.1955ean sortu zuen bere ikastola eta Zipitriak egin bezala, Esnalek ere hainbat andereño hartu zituen berean praktikak egin zitzaten.
Arlo pedagogikoaz gainera, 1960ko hamarkadan, Jarrai antzerki taldean aritu zen, Iñaki Beobide zuzendari zela. Besteren artean, Xabier Lete, Ramon Saizarbitoria eta Arantxa Gurmendi harekin ibili ziren.
1965ean Barrian (Araba) antolatu ziren lehenengo euskarazko udalekuetan parte hartu zuen eta urte berean Santo Tomas Lizeoan hasi zen irakasle, baita administrari, zuzendari eta idazkari lanetan ere. Bertan jardun zuen irakasle, harik eta erretiratu zen arte, 1997. urtean. Ordurako, 2.000 ikasle joaten ziren eskolara.
1991n Bagera Donostiako euskaltzaleen elkartea sortzeko bileran parte hartu zuen. Bagera elkartearen barruan, Mintzalagun izeneko programan aritu zen lanean, euskara ikasten ari zirenei laguntzen. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1967ko abuztuaren 15ean. Ohorezko euskaltzaina, berriz, 1998ko apirilaren 24an. 1999an, Anton Abbadia Saria eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Iturria: Euskaltzaindia eta Auñamendi Eusko Entziklopedia
Erlazionatutako informazioa:
Karmele Esnalen biografia
Mari Karmen Mitxelena andereñoarin egindako elkarrizketa
Klandestinitate garaiko andereñoen lorpena
Ikastolen mugimendua (1960 – 1975)
Donostiako ikastolen sorrera