624 Zenbakia 2012-05-11 / 2012-05-18

Gaiak

Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa

APALAUZA OLLO, Amaia

Oharra: 2011ko apirilean defenditu genuen gure tesia, eta laburpen bat dakargu orriotara. Tesia osorik irakurri nahi duenak jo dezala helbide honetara: https://www.educacion.gob.es

Hizkuntza aldakorra da berez, ez da gauza estatiko bat, aldatuz doa etengabe, eta aldakortasun hori ikuspuntu askotatik azter daiteke. Dialektologiaren helburua da hizkuntza espazioan eta geografian zehar nola aldatzen den aztertzea (diatopia), eta marko horretan kokatzen da gure tesia. Nafarroako ipar-mendebaleko lau ibarretako euskara aztertu dugu: Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu. Hizkera horiek espazioan nola banatzen eta egituratzen diren ikertu dugu, herritik herrira eta eskualdetik eskualdera aldatuz edo berdinduz doazen hizkuntza-ezaugarriak identifikatuz, eta betiere denbora (alegia, ardatz diakronikoa, historia) eta beste ikuspuntu batzuk ere aintzat harturik.Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu: Nafarroako ipar-mendebaleko lau ibar

Nafarroako mendialdean daude gure tesian aztertu ditugun lau ibarrak; Euskal Herriaren erdigunean, Nafarroako ipar-mendebaleko ertz batean, eta Iruñetik zein Gipuzkoatik hurbil. Ibarrotako herriek Nafarroako beste herri batzuk dituzte beren mugetan, eta, Araitz-Beteluren kasuan, baita Gipuzkoako beste batzuk ere.

Gure azter-eremuko herriak eta haien mugakideak.

Dialektologiaren ikuspuntutik, oso kokagune interesgarria da. Izan ere, Euskal Herriaren erdigunean egonik, alderdi askotako eraginak bildu dira eremu horretara; erdiguneetako hizkeretan, isoglosak elkarrekin gurutzatu ohi dira, konbergentzia handiko eremuak izaten dira, eta oso ohikoa da halako guneetan continuum linguistikoak eta trantsizio-eremuak eratzea.

Bestalde, Erdi Arotik hasita Iruñea eta Tolosa lotzen zituen bide zaharrak bete-betean harrapatzen du gure iker-eremua. Merkatari eta salerostunen joan-etorria etengabea izan zen bide hartan, eta horrek, jakina, arrastoa utzi zuen bideak zeharkatzen zituen herri eta ibarretan. Azken batean, Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko harremanen lekuko paregabea dugu Iruñea eta Tolosa arteko bide zaharra (hartaz gehiago jakiteko, ikus Recondo 2010).

Meilletek dioenez, “ez dago hizkuntza bat ulertzerik, erabiltzen duen jendearen bizi-baldintzen berri izan gabe; are gehiago, ezin da erlijiorik edo giza ohiturarik benetan ulertu, haien arabera bizi direnen hizkuntza ezagutu gabe” (2001 [1924]: 13-14). Giza harremanek zuzenean eragiten dute hizkuntzan, eta, beraz, dialektologian ere aintzat hartu beharreko arlo bat da, giza harremanetan aurkituko baitugu hizkuntzan islatzen diren gertakari ugariren azalpena eta arrazoia.

Ildo horretatik, gure eremuko herritarrak nondik nora ibili diren eta gaur egun nondik nora ibiltzen diren aztertu dugu gure tesian. Adibide gutxi batzuk emango ditugu. Esate baterako, Imotzen, mendebaleko ertzean den Goldaratz herriak harreman estua izan du ondoko herri larraundarrekin (Oderitz, Madotz, Astitz, Arruitz), eta horrek arrastoa utzi du hango euskaran; adibide bat ematearren, Imozko gainerako herriek -ea, -ie eta -ue bukaerak erabiltzen dituzte -e, -i eta -u bokalez amaitutako hitzei -a mugatzailea gehitzean, hurrenez hurren. Goldaratzen, aldiz, Larraunen bezala, -ii, -ii eta -uu ageri dira (itxea vs itxii, itturrie vs itturrii, sue vs suu, eta abar). Hain zuzen, ezaugarri horretan desberdin jokatzen dute Imotzen ezker-ertzeko Muskitz herrian ere, -ia, -ie eta -ue erabiltzen baitute han (itxia, itturrie, sue); ezaugarri horretan eta beste sail batean, ondoko Gulibar, Txulapain, Atetz eta Ultzama ibarrei loturik ageri da Muskitz. Eta, giza harremanei begiratzen badiegu, ikusiko dugu Muskitzek harreman berezia izan duela alderdi horrekin (festak, lana, kofradia...).

Astitz herria, Larraun.

Basaburu Nagusian, iparraldeko herriek (Igoa, Arrarats, Beruete) eremu berezia osatzen dute hizkerari dagokionez, eta hango herritarren harreman sozioekonomikoetan dago horren azalpena: batetik, Basaburu Txikiko herrien eragina sumatzen da (Eratsungo eta Ezkurrako ardiak Igoako, Arrarasko eta Berueteko mugetan ibiltzen ziren), eta, bestetik, Larraungo Aldatz, Etxarri edota Uitzi aldekoa (Aldazko eta Berueteko soroak elkarren ondo-ondoan daude, eta maiz topo egiten zuten). Hegoaldeko herriek (Erbiti, Gartzaron eta Orokieta), berriz, Ultzama dute ondoan, eta nabaria da hango euskararako isuria (hiru herri horietatik, Ilarregiko errotara joaten ziren garia edo artoa ehotzera).

Larraunen, ipar-mendebaleko herriak (Uitzi, Gorriti, Azpirotz eta Errazkin) Araitz-Beteluri loturik sumatu ditugu (Atalluko eta Gorritiko umeak eskola berean elkartzen ziren XX. mendearen hasieran, Gorritin). Bestalde, Gorriti igarobide garrantzitsua izan da gipuzkoarrentzat (Aralarko San Migela joateko, estraperloan ibiltzeko, eta abar); hala, gure tesian ondorioztatu dugunez, hantxe hasten da sumatzen Gipuzkoako eta erdialdeko hizkeren eragina.

Erdialdeko euskararen eragina bete-betekoa da Araitz-Betelun, erabat Tolosari eta Tolosaldeari begira bizi baitira han (garai batean oso garrantzitsua izan zen, esate baterako, Tolosako feria), eta hori hizkuntzan ere islatzen da. Alderantziz ere, erakargune suertatu da Araitz-Betelu Amezketako eta Bedaioko herritarrentzat; Azkarateko San Fermin jai ospetsuak dira horren lekuko (morroi-trukeak, ezkontza-tratuak eta azoka txikia izaten zituzten). Eta bada, horretaz gainera, muga ondoko nafar eta gipuzkoarrak belaunaldietan zehar elkarrekiko harremanean jarri dituen lokarri sendo bat: artzaintza.

Herrien eta herritarren arteko harremanez gainera, gure azter-eremuko bilgune eta erakargune nagusiak zein diren aztertu dugu: feriak (Irurtzungoa eta Tolosakoa, batez ere), erromeriak (Trinitatea, San Urbano, San Bartolome Gorostietakoa, Aralarko San Migel) edota Plazaola trena.Irizpide metodologikoak

Gaur egungo euskara mintzatua izan da gure ikergaia. Alabaina, gaur egungoa ulertzeko, ezinbestekoa da aurreko egoera ere ezagutzea, eta, horregatik, atzera begira jarri gara askotan, eta testu zaharrak ere arakatu ditugu, ikerketa diakronikoen eta hizkuntzalaritza historikoaren ildotik.

Dialektologia kontrastiboaren ildoari heldu diogu; alegia, gure inguruko eskualdeak eta are urrutiagokoak ere aintzat hartu ditugu, ezaugarriak eta are ezaugarri multzoak non hasten eta non bukatzen diren ezagutze aldera.

Ikerketarako datuak gerok bildu ditugu bertatik bertara. Horretarako, zenbait teknika erabili ditugu: elkarrizketa bideratua, hizkuntza-inkestak eta behaketa parte-hartzailea.

Datuak bildu ondoren, datu horiek aztertu, eta dialektologia-analisia egin dugu. Horrek lanerako irizpide metodologiko egokiak definitzea eta finkatzea ekarri digu; kontuan izanik Euskal Herriaren erdigunean dagoela gure iker-eremua (alegia, hainbat eremutako indar linguistikoak metatu dira han), ezaugarriak era berezi batean konbinatuta ageri zaizkigu. Hona gure irizpide metodologikoen funts nagusia: berrikuntza sistematiko partekatuak lehenetsi ditugu gure ikerketan, baina beste ezaugarri mota batzuk ere aintzat hartu ditugu, baldin eta berrikuntza sistematikoen ondoan jarrita koherentzia geolinguistikoa agertzen badute (alegia, eremu geografiko bera partekatzen badute).Tesiaren ondorio nagusiak

Orain arte, batez ere lau azpieuskalki definitu izan dira euskara nafarraren baitan: ipar-ekialdekoa (Bidasoaldea eta Baztan), hego-nafarrera, erdigunekoa eta hego-mendebalekoa (Sakanako erdialdea). Nafarroaren mendebaleko ertzean dauden hizkerei dagokienez (gure eremuko hizkerak tartean), argitu beharreko auzia zen euskara nafarretik kanpo ala haren barnean sailkatu behar ote diren, eta, horretaz gainera, halaber, argitu beharra zegoen, hizkera horiek nafartzat hartuz gero, nafarreraren zein ataletan sailkatu behar ote diren.

Etxaleku, Imotz.

Gure eremuko hizkerak sakonki aztertu ondoren, gure ondorioa izan da euskara nafarrean sartu beharrak direla Imotz, Basaburu Nagusia eta Larraungo hego-ekialdea, eta euskara nafarraren eta erdialdeko euskalkiaren arteko zubi-hizkeratzat jo beharrak direla Larraungo ipar-mendebala eta Araitz-Betelu. Batez ere euskalkien ezaugarri definitzaileetan oinarritu gara erabaki hori hartzeko: Imotzen, Basaburu Nagusian eta Larraungo hego-ekialdean, euskara nafarraren bost ezaugarriak ageri dira (salbuespenen bat tarteko), eta Larraungo ipar-mendebalean eta Araitz-Betelun, aldiz, ezaugarri horietatik bakarra ageri da. Erdialdeko euskalkiaren ezaugarri definitzaile urriak ere ez dira, ordea, bete-betean erabiltzen Larraungo ipar-mendebalean eta Araitz-Betelun, eta ez litzateke metodologikoki zuzena hizkerok erdialdeko euskalkian txertatzea; horregatik, Larraungo ipar-mendebala eta Araitz-Betelu bi euskalkien tarteko hizkeratzat edo zubi-hizkeratzat jotzea iruditu zaigu egokiena.

Baina auzia ez da hor amaitzen. Izan ere, Imotzen, Basaburu Nagusian eta Larraungo hego-ekialdean, dena ez da bat: Etxaleku-Gartzaron lerrotik ekialderako hizkerek ezaugarri sail bat partekatzen dute, lerro horretatik mendebaleko hizkeren bestelakoa. Hizkuntza-muga nabarmena sumatu dugu lerro horretan; jauzi linguistikoa handi samarra da, baina ez, nolanahi ere, lerrotik bi aldeetarako hizkerak euskalki banatan sailkatzeko adinakoa: zuzenagoa deritzogu mintzook azpieuskalki banatan paratzea, nafarreraren baitan betiere. Izan ere, lerro horretan aurkitu ditugun ezaugarri banatzaileak ez dira euskalki-mailakoak (bi aldeetara ageri baitira euskalki nafarraren berezko ezaugarriak), azpieuskalki-mailakoak baizik: lerrotik ekialderako herrietan badira Nafarroako erdigunean hedatu diren hainbat ezaugarri, gainerako herrietan ageri ez direnak, eta, aldi berean, lerrotik mendebalerakoetan badira Nafarroako mendebaleko hainbat ezaugarri, gainerakoetan ageri ez direnak. Horrenbestez, azpieuskalkien ezaugarri definitzaileei begira ondorioztatu dugu zilegi dela Imozko eta Basaburu Nagusiko ekialdeko hizkerak nafarreraren erdiguneko azpieuskalkian txertatzea (Ultzama, Atetz, Odieta, Anue, Txulapain, Arakil eta Itza ibarrekin batera), Imozko eta Basaburu Nagusiko ekialdean bai baitira azpieuskalki horren ezaugarri nagusiak, eta beste azpieuskalki batean barneratzea, berriz, Imozko eta Basaburuko mendebala, eta Larraungo hego-ekialdea. Hain zuzen, eta hemen dator berritasuna, nafarreraren mendebaleko azpieuskalkian txertatu ditugu arestiko hizkera horiek: hizkera horiek, Nafarroako mendebaleko beste hizkera batzuekin batera, badute Nafarroako mendebalekotzat jo daitekeen ezaugarri sail bat; bere-berezko ezaugarriak dira, eremu horretan sortuak eta eremu horretako esklusiboak, eta hizkera horiekin azpieuskalki bat osatzeko ahala ematen dute, gure ustez.

Mendebaleko azpieuskalkia egiaz nafarreraren baitako beste azpieuskalki bat ote den zalantza ibili dugu buruan, baina datuek gure proposamena berresten dute: hizkera horiek badituzte euskara nafarraren ezaugarri definitzaileak, eta badituzte, halaber, euskara nafarraren gainerako hizkeretan ageri ez diren beste ezaugarri batzuk; mendebaleko azpieuskalkia definitzen duten ezaugarriak, hain zuzen. Objektiboki, bi baldintza horiek aski dira Nafarroako mendebaleko hizkerak beste azpieuskalki batera biltzeko. Oraingoz, beraz, honako hizkera hauek dakusagu azpieuskalki horretan: Imozko eta Basaburu Nagusiko mendebala, Larraungo hego-ekialdea, Basaburu Txikiko mendebala (Ezkurra eta Eratsun) eta Goizueta. Azpieuskalki horren ezaugarri nagusiak badituzten aldetik, azpieuskalkiaren partaide lirateke, halaber, Larraungo ipar-mendebala, Araitz-Betelu, Leitza, Areso eta Arano; baina euskalki nafarraren ezaugarri nagusiak falta dira hizkera horietan, eta ezin hartu ditugu, horrenbestez, nafarreraren baitako hizkeratzat, eta zubi-hizkeratzat hartu ditugu, dagoeneko aipatua dugun bezala.

Ezaugarri supradialektalek ere gure ikuspegia indartzen dute: Nafarroa eta Ipar Euskal Herria alde batera, eta Euskal Herriko erdialdea eta mendebala beste batera jartzen dituzten ezaugarri hautatuei begira, ekialdeari loturik ageri dira Imotz eta Basaburu Nagusia (eta, zenbaitetan, baita Larraungo hego-ekialdea ere), eta mendebalari loturik, aldiz, Larraun eta Araitz-Betelu. Horrek areago indartzen du Araitz-Betelu eta Larraungo ipar-mendebala zubi-hizkeratzat hartzearen ideia.

Honetan datza, beraz, nafarreraren mendebaleko azpieuskalkia osatzen duten hizkeren ezaugarri-konbinazioa: batetik, badituzte euskara nafarraren bost ezaugarri definitzaileak; bestetik, badituzte Nafarroako mendebaleko zenbait ezaugarri definitzaile; eta, azkenik, ekialdeari begira daude Euskal Herria bitan banatzen duten ezaugarri supradialektaletan, nahiz baden Euskal Herriko erdialdeko hizkeretarako isuria ere. Jakitun gara, ordea, auzia itxi gabe dagoela oraindik: batetik, Basaburu Txikia ez dugu behar bezala ezagutzen, eta, bestetik, ezta Malerrekako hegoaldeko herriak ere (Zubieta). Baliteke, hizkera horiek guztiak behar bezala ezagututa eta aztertuta, mendebaleko azpieuskalkia deitu dugunaren mugak aldatu behar izatea, baina etorkizuneko lanek erabakiko dute hori. Nafarroako euskararen banaketa.

Nafarroako mendebaleko zubi-hizkerei dagokienez, erdialdeko euskalkiaren eta euskalki nafarraren tarteko hizkerak dira Larraungo ipar-mendebala, Araitz-Betelu, Leitza, Areso eta Arano: bi euskalkion ezaugarri definitzaile gehienak falta dituzte, baina, bestalde, badituzte Nafarroako mendebaleko ezaugarri definitzaileak, eta mendebalerantz egiten dute Euskal Herriko ekialdea eta mendebala banatzen dituzten ezaugarri supradialektaletan. Azken batean, erdialdeko euskalkitik hurbilago daude gainerako hizkera nafarrak baino.

Hona, beraz, gure azter-eremuan dakusagun banaketa: batetik, Imozko eta Basaburu Nagusiko ekialdea (nafarreraren erdiguneko azpieuskalkian); bestetik, Imozko eta Basaburu Nagusiko mendebala, eta Larraungo hego-ekialdea (nafarreraren mendebaleko azpieuskalkian); eta, azkenik, Larraungo ipar-mendebala eta Araitz-Betelu (nafarreraren mendebaleko azpieuskalkiaren eta erdialdeko euskalkiaren arteko zubi-hizkerak).

Nafarroako mendebaleko euskararen gainean argi pixka bat egitea izan da gure asmoa; proposamen bat ekarri dugu, ikuspegi bat, baina ikergaia ez da amaiturik. Etorkizuneko lanek gure proposamena osatzen? eta zuzentzen? eta areago finkatzen lagunduko dute; oraindik ere ez ditugu behar bezala ezagutzen gure eremuaren ingurumarian diren zenbait hizkera (Basaburu Txikia, muga nafarraren ondoko hizkera giputzak, eta are Malerrekako hegoaldea), eta guztiok ezagutzeak Nafarroako mendebaleko hizkeren gaineko ikuspegia zabaltzen eta zehazten lagunduko du, ezbairik gabe.Bibliografia

Apalauza Ollo, A., 2007, “Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu ibarretako lexikoaren azterketa”, ASJU XLI-1, 163-224.

__, 2008a, Imozko euskara, Nafarroako Gobernua: Iruñea.

__, 2008b, “Nafarroako ipar-mendebaleko euskara: Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu”, FLV 107, 63-104.

__, 2011a, Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa, doktore-tesia, UPV/EHU [https://www.educacion.gob.es/teseo/imprimirFicheroTesis.do?fichero=24596].

__, 2011b, “Nafarroako ipar-mendebaleko lau ibarretako lexikoaren azterketa”, Iker 26, Pirinioetako hizkuntzak. Lehena eta oraina, Euskaltzaindia, 1.157-1.172.