606 Zenbakia 2011-12-23 / 2012-01-06

Euskobooks

Aipamena. Markinako frontea: Markinako eta Xemeingo egoera politikoa eta soziala Bigarren Errepublikan eta Gerra Zibilean (1931-1939)

Egilea: Patxi Juaristi Larrinaga Argitaletxea: UPV/EHU, 2011 Orrialde kopurua: 348 ISBN: 978-84-9860-583-9 Ezaugarriak: 1936ko irailetik 1937ko apirilera, guda lerroa geldirik egon zen Markina-Xemeingo lurretan, eta herritarrek eraso bortitz ugari jasan behar izan zituzten. Gainera, behin erreketeak herrian sartu eta gero, errepresio basatia hasi zuten abertzaleen eta ezkertiarren aurka. Zaharrenen artean, Gerra Zibileko oroitzapenak oso indartsuak dira. Hala ere, agintari frankisten alderako beldurrak, galtzaile izatearen lotsak, momentu mingarri guztiak bizkor ahanzteko gogoak, edota seme-alabei galtzaile sentimendua ekidin nahiak belaunaldien arteko transmisioa oztopatu zuten. Bestalde, irabazleek ez zuten nahi memoria historikoa askorik jorratzea, lotsatzeko moduko ekintzen erantzule zirelako. Ondorioz, gerra ostean jaiotako gutxik izan dute gertatu zenaren ideia argi bat. Gizarte batzuetan, gerren oroitza oso ondo gorde da. Euskal Herrian, Gerra Zibila oro har lantzen duten lanak egin dira, baina, nire ustez, herriz herri gertatu zena ez da behar bezala ikertu, eta belaunaldi berriok gutxi jaso dugu gure hurbilekoei gertatukoari buruz. Liburu honek hutsune hau betetzen lagundu nahiko luke. Gerrak sortutako samina berreraikitzeak eta kontatzeak ez du biktimen sufrikarioa arintzen, baina bizi izan zutena ulertzen laguntzen digu besteoi, elkartasun sareak sendotzen ditu belaunaldien artean, eta etorkizunean saihestu behar den bidea erakusten; herritar jakintsuagoak, irizpide sendoagokoak eta, ondorioz, askeagoak ere sortzen ditu.