603 Zenbakia 2011-12-02 / 2011-12-09

Euskonews Gaztea

Gaiak: San Saturnino

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Azaroaren 29an Iruñeko patroi San Saturnino ospatu zen eta bertatik jasotako proposamen bat dela eta bere biografia laburra eskaintzen dizuegu. San Saturninoren irudia.

Frantziako Tolosako aurreneko gotzaina izan zen Saturnino, eta nahiz eta datu batzuek I.mendean kokatu, beste aditu batzuek III. mendean bizi izan zela baieztatzen dute. Bata ala bestea izan, jakina da misiolari erromatarra izan zela, eta gorabeherak bizi omen zituen oraindik ere kristautasunak indarrik ez zuen garaian bere sinesmenak predikatzen ibili zelako.

Galia —Akitanian—, Pirinio eta Iberiar Penintsulatik zehar aritu zen orduko biztanleak bataiatu eta kristau bilakatzeko xedearekin. Diotenez, hizlari aparta izan zen eta pertsona askorengan eragin zuen Saturninok. Bere bidaietariko batetan ailegatu zen Pampoleo hiri erromatarrera, eta bertako senatari zen Firmo ezagutu eta harekin eztabaidatu ondoren, bera, emaztea eta Fermin semea bataiatzea lortu zuen; hauek izan omen ziren hiriko bataioa hartzen aurreneko iruindarrak, eta jarraian ehunka gehiagok eman zuten urratsa.

Frantziara itzuli zen eta ebanjelizatzeko lan horretan jazarri egin zutela aipatzen dute agiriek, garaiko beste askori gertatu bezala. Kondairak dionez, Tolosan bazegoen Jupiter Capilotino jainkoari eskainitako tenplu bat, eta jendearen eskariei kasurik egiten ez zien garai batean errua Saturninorena zela aipatu eta jendearen haserrearen ondorioz, gotzainari eskatu zioten zezen bat eskaini ziezaiola Jupiterri.

Baina ez zegoen bere sinesmenak alboratzeko prest eta eskaerari uko egitean, Saturnino atzeman eta zezenari lotu zuten; animalia korrika hasi zen handik hona, eta Saturnino zatikatuta geratu omen zen eta barreiatua, hiri guztian zehar. Emakume batzuek haren hondarrak hartu eta lur eman zioten.

Saturninorekiko kultua IX–X. mendeetan hedatzen hasi zen Frantzia osoan, eta dirudienez, Done Jakue bidearen bitartez Nafarroako zenbait tokitara haren berri iritsi zen eta bere omenezko eraikin erlijioso ugari altxatu zituzten. Baina ez zen XVII. mendera arte izan Iruñeko Udalak San Saturnino hiriko patroi izendatu zuela; 1611n izan zen, duela 400 urte eta ordutik Nafarroako hiriburuak azaroaren 29ro ospatzen du haren omenezko eguna.