Euskonews Gaztea
Gaiak: Plazer ez fisikoaz
“Norberarentzako tartetxo bat hartzen ez duenak, ez du bere burua maite”. Baieztapen hori aurrenekoz, amonari entzun nion. Emakume argia, zalantzarik gabe!
Horregatik gustatzen zait larunbat eta igande goizetan nire bikotea baino lehen ohetik altxatu, eta gosaldu ondoren, sofan goxo–goxo botata, liburua batek ematen didan plazerarekin gozatzea. Atsegingarri suertatzen zait ordu eta erdi batez niretzako momentu hori hartzea, edota osterantzean, disko–jogailuari bueltak ematen ikustea...
Akaso etxean gurasoak horrela jokatzen ikusi ditudalako bereganatu dut nik ere ohitura hori; osasuntsua da nire arimarentzako aste guztia jo eta su lanean pasa ondoren, lasaitasun une batean autoreren batek —idazle zein musikari— proposatzen didan bidaia horretan murgiltzea.
Egia da melodia batekin disfrutatzeak ez duela ia lanik exijitzen, entzun eta gozatu besterik ez baitugu egin behar. Aldiz, irakurtzeko zaletasunak esfortzu minimo bat eskatzen digula esango nuke. Horri gehitu behar zaio, askori pasatu zaiela ikastetxean irakurtzera behartutako liburu horiekin nazka–nazka eginda amaitu eta gaur egun eskuartean bat bera ere hartzera ez direla animatzen. Baina buelta eman diezaiokegu horri; bilatu eta bilatu, liburu egokia topatu eta istorioak sarean harrapatzen gaituenean, menpekotasun bat sortzen zaigula nabaritu eta liburuzale bilakatuko gara.
Hilean behin Internetetik begiratzen ditut nobedadeak, edota herriko liburu dendara joaten naiz zer iritsi den begiratzera; eta liburutegira astero gerturatzen naiz, hango lasaitasunean tituluren baten bila. Eta urtero, nola ez, kulturaren topalekua den Durangora gerturatzen naiz, eta erosi ez arren, stand ezberdinetako eskaintzak begiratu, eta ideiak hartzen ditut, Olentzerori eskatzeko. Aurten ere, ziur nago hutsik ez duela egingo gure ikazkinak.