601 Zenbakia 2011-11-18 / 2011-11-25

Gaiak

Arama. Gaztainak eta ‘Pax Arama’

AGUIRRE SORONDO, Juan

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA



Urtero, San Martin bezperako (azaroaren 11ko) ilunabarrean, Aramako herritarrak plazan biltzen dira zaindariaren jaiei hasiera ematen dien errito oso berezi batean parte hartzeko: Gaztaina Janean. Xede horretarako, Udalak gaztaina erreak eta ardoa jartzen ditu partekatzeko. Ekitaldi hori protokolo soiletik haratago doa eta zeremonia-mekanika gainditzen du. Egunkariz eginiko paperezko konoak eta paperezko edalontziak esku artean dituztela, herritarrak solasean aritzen dira, eta aldi berean gaztaina-azalak klaskatzen dituzte. Soinu horiek trikitiaren soinu alaia hasten denean baino ez dira desagertzen.

Ez dago jaian zehar konponduko ez den auzirik, ezta jaia amaitzean bizirik iraungo duen areriotasunik ere. ‘Pax Arama’ ez dago armetan oinarritua, Erromarena bezala, baizik eta gaztainetan. Horiek indar sinboliko handiko elikagaiak dira, izan ere, oso elikagarriak dira eta denbora luzez kontserbatzen direnez neguan zehar jateko gorde daitezke. Hori horrela, urtean zehar sortzen diren gatazka guztiak arratsalde horretan azkenetan izaten dira, Arri-gurutz-gaña mendiaren aitazko begiradapean. Keinu xume horrek —xumea izan arren ez da hutsala— Oriaren ibarreko herri txiki horren nortasuna adierazten du.

Arama.

Ilustrazioa: Josemari Alemán

Parrokiak, Tourseko San Martinen omenezkoak, mendeetan zehar gau askotan udaberrian Nafarroako mendialdeko larre urrunetara zihoazen, eta udazkenaren hasieran kostaldeko larreetara itzultzen ziren, artzainak hartuko zituen ziurrenik. Izan ere, eliza hori denen etxea izan dela esan daiteke: bidaiarientzako ostatu, Oria Ibaiko Batasunaren egoitza (Aramarekin batera, Gaintza, Altzaga, Itsasondo, Legorreta eta Zaldibia zeuden eskualde horren barruan) eta ekaitz, sute eta giza atsekabeen kontrako aterpe.

Kanpotik Aramara etortzen direnei Iriarte, Iturrioz eta Mendizabal baserriak bisitatzea aholkatzen diegu, euskal landa-arkitekturaren eredu paregabeak baitira. Eta, zortea izanez gero, Gipuzkoan funtzionatzen duten azken errotetariko bat ikusteko aukera izango duzu, Ibares-errota, hain zuzen. Hori duela hamarkada batzuk gure lurraldean hain ugariek ziren industriaurreko mekanismoen aztarna ikusgarria da.