Euskonews Gaztea
Gaiak: Sutondoa, antzinako topaleku
Biltzeko, harremanak izateko, norberaren artegatasunak konpartitzeko... Gure aitona–amonek eta haien asabek ezagutu zuten sutondoaren garrantzia. Aspaldi galdu zen usadioa, baserriak utzita bestelako etxebizitzetara lekualdatzearekin batera, neurri batean. Argazkia: CC BY — Howie Le
Irratirik, telebistarik edota internetik existitzen ez zen garaietan ohitura zen egunaren amaieran suaren parean eserita, kontu kontari ibiltzea; soroan edukitako zailtasunak, alboko baserriko emazteak kontatutako txutxu–mutxuak, kazkabarrak eragindako kalteak... Momentu bereziak izaten ziren normalean, suak irradiatutako berotasun eta goxotasunean, egun gogorrari amaiera emateko modu polita.
Gaur egun, askok kritikatzen dute zenbait familia girotan dagoen komunikazio falta. Batzuk apenas dira gai kide guztiek batera jatordu bat antolatzeko; gainera, gaurko etxebizitza berrietan dauden sukaldeek ere tamaina txikia dute eta ez dute berton elkarbizitza bat egitera gonbidatzen. Aldiz, esparru ñimiñotik egongelara egiten dugu salto ohartu gabe, sofan eseri, urrutiko agintearekin telebista piztu eta isil–isilik, informazio trukaketarik gabe, orduak igarotzeko gai gara.
Kasurik gehienetan sutondoa ezin dugu berreskuratu, argi dago. Baina nolabaiteko ariketa osasuntsu bat egin ahalko genuke, elkarrekin denbora igaroz, ahalik eta giro lasai eta atseginaz disfrutatzen ahalegindu eta aurrez–aurreko hartu–emanetara bueltatuz. Beti ere, loturak berrezartzeko aukera emango liguke, alboko gelan lo egiten duen neba hobeto ulertu, gurasoen buruhausteak ezagutu...
Elkarbizitza sano batetarako bidea izan liteke.