590 Zenbakia 2011-09-02 / 2011-09-09

Euskonews Gaztea

Gaiak: Eguraldiak lagun

BEREZIARTUA, Loren



Eguraldi ona euria egiten duenean da. Bai? Niretzako ez, baina ziur nago soroan lanean dagoenarentzat uzta oparoa jasotzeko halaxe dela, esaterako. Argazkia: CC BY — Charlotte

Normalean, bakoitzak bere nahi edo planen araberako giroa nahi izaten du. Hala, pega–pega eginda egoten gara telebistako pantailari egunero, eta osterantzean, internetek ere aukera bikaina ematen digu nahi dugun momentu oro hurrengo ordu eta egunetako eguraldi iragarpenari erreparatzeko. Eta guk nahi duguna ez badu iragartzen... Asko dira haserretzen direnak, horrekin zerbait aldatuko balute bezala!

Beti aipatzen dit txikitako lagun Aitziberrek objektibotasunik ez dela existitzen eta noiz edo noiz kontra agertzeko irrika sartu zaidan arren, ezin; eta artikulu honen hasierara bueltatuz, hori argi dago zergatik. Zer da eguraldi ona, eta zer txarra? Bakoitzak bere gustu eta iritziak dituen momentutik, ezin dugu orokortu eguraldia lagun izatea denontzako berdina denik.

Halere, pertsona–talde ezberdinen arabera izan liteke bai, nolabaiteko iritzi bateratua izatea. Hau da, hondartzara joatea atsegin duenarentzako, ona zeru eguzkitsu izatea eta bero egitea izango da, baina dendari bati galdetuz gero, ziurrenik esango digu euriarekin gehiago saltzen duela...

Dena delakoarekin, zein gai garrantzitsua dugun eguraldia! Betidanik izan da horrela, antzinatetik, eta gaur egun ere, kasu handirik ez egin arren, beti hartzen dugu ahotan... galdetu bestela igogailuan elkartzen diren eta elkarri kontatzeko askorik ez daukaten bizilagunei!

Baina gauza bi dira seguruak: inoiz ez gara konformatzen egiten duen eguraldiarekin eta iragarpena egiten duen gizon edo emakumeak asmatzen ez badu, beti haserretzen gara harekin. Halakoxeak gara.