Euskonews Gaztea
Gaiak: Blanca Silos Lopez de la Calle
Aktoresa arabarra. Gasteizen jaio zen 1914ko abuztuaren 3an, ibilbide militarra zeukan sendia baten barruan.
Oraindik ume zela bere aita Segoviara bidali zuten. Sendia giro horretan haztea oztopo izan zen nerabezaroan dagoeneko arte dramatikorako zaletasuna izan zuen emakumearentzako. Segovia orduan auto sakramentalen hiriburua izan zen. Luis Escobarrek Auto Sakramental baten parte hartzeko konbentzitu zuen Gerra Zibilaren hasieran eta bere gurasoak ezin izan zuten aurka azaldu. Horrela, aitaren aurkakotasuna gaindituz, bere ibilbide artistikoa hasi zen, 40ko hamarkadan zehar Nazio Antzerkian eta Maria Guerrero Konpainian.
Edozelan ere antzerki jarduera oparo hori zine eremuarekin bateratzen du. Blanca de Silos izan zen zalantzarik gabe guda osteko espainiar zinearen izarretariko bat. 1939an zinean izan zuen bere lehen papera lortu zuen Edgar Nevilleren Frente de Madrid filmaz. Une horretatik aurrera filmografia oparoa izan zuen, esaterako, José Buchsen Flora y Mariana (1940), José Luis Saenz de Herediaren Raza (1941), Luis Marquinaren Su hermano y él (1941), Florian Reyren Éramos siete en la mesa (1942), Antonio Romanen Intriga (1942), Florian Reyren Orosia (1943), Jeronimo Mihuraren Castillo de naipes (1943) eta Antonio Romanen La casa de la lluvia (1943) filmetan paperak interpretatuz. Bere ibilbidearen gailurra 1947an iritsi zen José Luis Sáenz de Herediaren Mariana Rebull pertsonaia protagonista interpretatuz. Izen bereko Ignacio Agustíren eleberrian oinarritua, film melodramatikoak XX. mende hasierako Bartzelonako industrializazioa, greba orokorra eta Marokoko guda zituen testuinguru, eta arrakasta handia izan zuen.
Ustekabean baina, bere jarduera artistikoa gainbehera motelean abiarazi zen. 1948an, Ladislao Vajdaren Sin uniforme, Jeronimo Mihuraren En un rincón de España eta Alejandro Perlaren El duende y el rey filmetan parte hartu ondoren, bere ibilbideak hartutako norabidea zela eta, erretiratzeko erabakia hartu zuen. Jack Pinoteauren Hola, Robinson (1959) eta Esteban Farréren Sábado en la playa (1966) bezalako filmetan lan egiteko baino ez zen noizean behin agertu. Max Von Kettenburg, jatorri poloniarra zeukan noblearekin ezkondu eta seme bi izan zituen.
Espainiako Zinemagintza Zientzien eta Arteen Akademiak 1996an ospatutako espainiar zinearen ehungarren urteurrena ospatuz, bere domina bat eman zion.
Blanca Silos Segovian hil zen 2002an 88 urte zituela.
‹‹Blanca Silos Lopez de la Calle, Auñamendi Eusko Entziklopedian››