INTERREG IIA, mugaz bestaldeko lankidetzari buruzko Europar Batasuneko ekimena, Pirineoen esparruan INTERREG IIA, mugaz bestaldeko lankidetzari buruzko Europar Batasuneko ekimena, Pirineoen esparruan * Jon Burgaña Europar Batasuna, bera osatzen duten estatuen integrazio handiagoa lortzearren, hainbat herri politiken sustapena eta bultzada eramaten ari da aurrera etengabe, eta sustapen eta bultzada lan horretan kokatzen da INTERREG ekimen komunitarioa delakoa, mugaz bestaldeko lankidetzari buruzkoa. Izenburuak dioen bezala, idazki honen edukia Pirinioetara mugatuko da, izan ere mugaz alde bateko eta besteko euskal probintziak INTERREGeko Pirinioetako Egitarau Operatiboan txertatzen dira. Pirinioak mugaren kontzeptuarekin nahasten badira ere, esan behar da hau ez dela horrela izan beti, XIX. mendearen aurretik Pirinioak eremu bakar eta integratu bat izan baitira mendeetan zehar. INTERREG ekimen komunitarioa mendikate honetan eratutako muga politikoaren eraginak arintzen saiatuko da eta ahalegin horretan mugaz alde bateko eta besteko euskal probintzietan hainbat egitasmo jarriko dira martxan. Mugaz bestaldeko lankidetza, estatuen mugen inguruan biltzen diren nazioarteko harreman publikoen espresioa da. Harreman hauek anizak izan daitezke eta mugak "lurraldeen urratzaile" edo "historiaren zaurimarka" izatearen ikuspegia gainditzea dute helburu. Halako hausnarketak eta diagnostikoak egiten dira hain zuzen ere Mugarteko eta mugaz bestaldeko errejioen karta europarrean eta Mugaz bestaldeko lankidetza interrejionalari buruzko Europar Parlamentuaren A3 0188/92 ebazpenean. Lehenengo agiria Europar Mugako Eskualdeen Elkarteak (EMEE) 1981ean argitaratu zuen eta mugaz bestaldeko lankidetzan eman daitezkeen alor guztiak jasotzeko gaitasuna dauka (alor juridikoa, ekonomikoa, kulturala, politikoa...) Bere ataletan, besteak beste, mugaz bestaldeko lankidetzaren aurrekin historiko politikoak, lankidetzaren helburuak, eta mugen eraginak leuntzeko neurri batzuk jasotzen dira. Bigarrenagirian, Europar Parlamentuak mugaz bestaldeko lankidetzaren garrantzia eta beharra nabaritzen du eta INTERREGeri bere erabateko onarpena eman ez ezik, ekimen honentzako kredituak handitu daitezela eskatzen du. Bada hirugarren agiri bat gogoratu beharrekoa ere: Madrilen, 1980an egindako elkarte eta agintari lurraldetarren arteko mugaz bestaldeko lankidetazren hitzarmen marko europarra. Agirian jasotzen diren hitzarmen, estatutu eta kontratuek mugaz bestaldeko lankidetzan administrazio desberdinek sortzen dituzten nazioarteko harreman publikoei itxura eta babes juridikoa emateko balio dute. Hitzarmen hauen gisakoa da Baionako Tratatua, 1997. urteaz geroztik indarrean dagoena Frantzia Espainia mugan. 1990ean INTERREG I ekimena martxan jarri zen, mugaz bestaldeko lankidetza bultzatzeko, eta batik bat, mugarteko errejioei 1992ko Merkatu Bakarrera prestatzen laguntzeko. Ikusirik ekimen hau eraginkorra izan zela eta balio erantsi berezia zuela, Europar Batzordeak INTERREGen 2. bertsioa argitaratu zuen 1994an, INTERREG II delakoa. Ekimen honen aurreikuspen ekonomikoa 2900 milioi ECUtakoa izan zen, horietatik 2400 milioi, mugaz bestaldeko lankidetzaren A atalera zuzenduak (B atala energia sareei buruzkoa zen, eta C, lurralde antolakuntzari buruzkoa). Pirinioetan INTERREG IIA egikaritzeko tresna aldiz Frantzia Espainia Egitarau Operatiboa izan zen. Bertan jasotako neurri eta ekintzak hainbat egitasmoen bidez gauzatzen egon dira, eta horien artean, gipuzkoarrei hurbilak zaizkien Baiona Donostia Konurbazioa eta Bidasoa Txingudi Eurobarrutia nabarmendu beharko lirateke. Lehenengo egitasmoa 600.000 biztanleetako eurohiri bat sortzearen apustu bat da, eta bigarrena, Txingudi bailarako herrialdeak gehiago hurbiltzen saiatzen da. Gainera esan behar da 1999ko martxoan Bidasoa Txingudi patzuergoa sortu zela, eurobarrutiak nortasun juridiko publikoa lortuz. INTERREG II amaitzear dago eta badirudi INTERREG IIIk argia ikusiko duela 2000. urtean eta 2006. urterarte luzatuko dela. Ajenda2000ren erreformaren ondoren, ekimen hau mantendu den gutxienetakoa da eta honek ekimenaren garrantzia islatzen du. Aurreikuspen ekonomikoa ere handituko dela dirudi, 5000 milioi eurotakoa izanik gutxi gora behera. Azkenik, esan behar da Egitarau Operatiboen kopurua 59 izatetik 80 edo 90 izatera pasako dela, eta ondorioz, Pirinioetan Egitarau Operatibo bakarra egon beharrean, hiru egongo direla, bakoitzak lurraldeetako berezitasunak hobeto jasoz. Ikusten denez, oraindik orain INTERREGek bere bidea jarraituko du, izan ere, aurrera eraman daitezkeen aukera eta erronka berriak asko baitira mugaz bestaldeko lankidetzan, "mugarik gabeko Europa" erdiesteko helburuan. Jon Burgaña, Administrazio Publikoetako Masterra Euskonews & Media 59.zbk (1999 / 12 / 17 24) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.