Euskonews Gaztea
Gaiak: Dolores Ibarruri Gómez
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Pasionara moduan ezagutuko zen Dolores Ibarruri 1895eko abenduaren 9an etorri zen mundura Gallartan, Bizkaian.
Familia osoa, gurasoak barne, meatzariak izan zituen. Dolores gazteak maisutza ikasi nahi zuen arren, bestelako patua zeukan zain eta lanean hasi beharra eduki zuen hamabost urterekin. Eta nahiz eta ezin izan zuen ikasten jarraitu bizitzako gorabeherengatik, horren ordez, asko eta asko irakurtzen zuen, eta halaxe, aspektu askotan jantzi zen.
Egiteko ezberdinetan jardun zuen beharrean, jostun tailer batetan aurrena eta etxeko lanetan ondoren. Gazterik ezkondu zen gainera, Julian Ruiz sozialistarekin eta Somorrostrora joan ziren bizitzera; garaiko familia askok bezalaxe, estutasun nahikoaz biziraun zuten. Langileak protestan ari ziren 1919an, eta Ibarruriren senarra atxilotu zuten; giro nahasi hartan bilakatu zen meatze–lurralde hartako liderra emakume gaztea.
Orduan El Minero Vizcaíno astekarian idazten hasi eta garai hartan eskuratu zuen bizitza guzian ezagun egingo zuen ezizena: Pasionaria. Komunismoak erakarrita zegoen emakumea, eta hala alderdiaren Bizkaiko komiteko kide izendatu zuten eta aurreneko kongresuan ere esku hartu zuen. Emakume iraultzailea zela erakutsi zien guztiei orduan eta 1930ean Batzorde orokorreko partaide izatera igaro zen Alderdi Komunistak Iruñean buruturiko konferentzian.
Mitinetan esku hartzen hasi zen, hauteskundeetan, eta bere aldarria idatziz plazaratzen jarraitu zuen, Mundo Obreron, hain zuzen. Atxilotu ere egin zuten emakume borrokalaria; Madrilen eta Larrinagan egon zen kartzelaratuta 1933an askatasuna eskuratu zuen arte.
Gatibu egoteak ez zuen geratu Pasionaria, eta gogor eta eraginkor jardun zuen lanean; Emakume Antifaxisten Elkartea eratu zuen, besteen artean. Klandestinitatean ere bizi behar izan zen eginiko borroka iraultzaileagatik. Aurrez esan bezala, hitzaldi ugari eman zituen bere bizitzan zehar, eta denbora luzez jendearen bihotzetan grabatuta geratuko ziren esaldiak ere haren ahotik irten ziren; besteen artean, berak esanak dira ?No pasarán! edota Más vale morir de pie que vivir de rodillas. Noiz–eta, 1936–39ko gerra zibilean faxistak Madrilen sartzeko ahaleginetan ari zirenean.
Sobietar Batasunean bizi izan zen denbora luzez gerra zibilaren ondorioz eta han ere lan ugari egin zuen; errefuxiatuak antolatu zituen, eta erresistentzia prestatzen hasi zen. Bere lan handiak eta komunista sen sutsuaren eraginez, Pasionaria PCEko idazkari nagusi izendatu zuten 1942an. Estatu espainiarrera itzuli zen 1977an behin Alderdi Komunista legalizatuta; 82 zituen eta diputatu atera zen hauteskundeetan.
Madrilen hil zen 1989ko azaroaren 12an bizitza luze eta sutsuaren ondoren.
