Euskonews Gaztea
Gaiak: Boluntariozko erbesteratzea
Udako oporraldirako planekin apirila ingurutik nabil bueltaka eta probetxuzko zerbait egiteko esperantzarekin, azkenean erabaki dut bizpahiru asteko plana. Bai, boluntariozko erbesteratzea burutuko dut. Argazkia: CC BY — Perfecto Insecto
Azken bi udatan lagunekin joan naiz oporretan, eta ez dut esango gaizki ibili nintzenik, kontrakoa! Deskantsatu, eguzkia hartu, lagun berriak egin, festez gozatu... Azken finean, denok gutxi gorabehera egin duguna. Halere, hogeita pikutan sartuta nagoela, eta oraindik lanean ere serio ez nabilenez gero, pertsona bezala hazten lagunduko didan zerbait burutzea otu zait, eta esperientzia berriek beldurra ematen ez didatenez gero, atzerrirako hegazkin txartela hartu dut dagoeneko.
Krisi garaian egonda ere, urtean zehar aurreztutakoa —bai, horietarikoa naiz!— beste hizkuntza bat berreskuratzen inbertituko dut; izan ere, txikia nintzenetik bidali ninduten gurasoek hizkuntza eskolara ingelesa ikas nezan. Eta horrexegatik berreskuratu behar dut Shakespeareren mintzoa, hiztegia errepasatu, elkarrizketa bat edukitzeko gai izan, lagun berriak eginez, orain arte toki ezezagunak nituenak ezagutuz...
Eta bakarrik egingo dut bidaia hau, ez baituzu berdin jokatzen lagunen batekin joanda. Bai, neure kasa askatasun osoz, eta lotsarik gabe esan ahalko ditut nahi ditudanak, nahi dudan moduan, edo gutxienez, ahal dudan heinean! Derrigor ingelesa baliatu beharko dut eta horrek ikaragarri motibatzen nau.
Esperientziak mereziko duela ez daukat zalantzarik!
