580 Zenbakia 2011-05-27 / 2011-06-03
Zer nabarmenduko zenuke Jesus Guridirengandik?
Euskal Herriak eman duen musikagilerik handienetako bat da Jesus Guridi. Gure herriko musikagileen artean bera izan da musika-lanaren alderdi gehien ukitu dituena eta horixe nabarmenduko nuke nik beste ezeren gainetik. Musika sinfonikoa egin zuen, ganbera-musika, abesbatzarako musika, herri-musika, operak, zarzuelak, pianorako zein organorako musika... Guridiren aldian ez zen izan, ez Euskal Herrian ez estatu osoan, hark adina alor landu zituenik, musikaren konposizioan. Zinerako musika edo hots bandak ere egin zituen.
Hainbeste alor eta hain ongi landuta...
Oso ongi landuta. Bada Jesus Guridirengandik nabarmenduko nukeen beste gauza bat hauxe da: oso zehatza zen lanean, behin eta berriz orrazten zuen idatzitakoa, halako eran non azken emaitzan ez baitago aurkitzerik ez inongo hutsegiterik, ez gustu faltaren inolako arrastorik.
Sabin Salaberrik, maiatzaren 31ean Gasteizen, Jesús Gurudiri buruz emango duen hitzaldiaren kartela. [+ gehiago]
Asko idatzi zuen arren, haren lan bakan batzuk baino ez dira jendartera zabaldu.
Zoritxarrez, Jesus Guridi lau lanengatik da ezaguna. Batetik, Bizkaiko Abesbatza Elkarterako egin zituen Boga boga eta Hator mutil kanten harmonizazio-lanengatik, oso-oso ezagunak Jesus Guridiren bertsioetan; bestetik, El Caserío (euskaraz, Baserria) eta Diez Melodías Vascas (euskaraz, Hamar Euskal Melodia) obrengatik. Baina, goraxeago esan dugun bezala, badu estilo guztietako musika-lanen katalogo izugarri bat, garrantzi handi-handikoa, erabat ahaztua dagoena. Adibidez, apenas ezagutzen eta jotzen den bere Homenaje a Walt Disney (euskaraz, Walt Dinesyri Omenaldia) piano eta orkestrarako lana. Oker ez banago, hori da hil aurretik —hil baino urte batzuk lehenago— idatzi zuen azken lana, sari nazionalaren mereziduna izan zena, gainera. Haren beste sorkuntza-lan handienetako bat Sinfonía Pirenaica da (euskaraz, Pirinioetako Sinfonia), hura ere hil baino bost urte lehenago idatzia. Oso obra inportanteak dira denak, eta hala ere, ez dira ez programatzen ez aintzat hartzen ere.
Zein izan liteke horren arrazoia?
Programatzaileek oso irizpide eztabaidagarriak izaten dituzte gidari: entzulearen onespena bilatzen dute, adibidez, eta, hori dela eta, obrarik entzun errazenak programatzen dituzte, esker onekoenak, erabat ahaztuta utzirik gainerakoak, hala nola Amaia opera. Egia da grabatuta dagoela eta haren antzezpenen bat edo beste egin dela, baina ezer gutxi. Baserriak, berriz, entzuten eta muntatzen errazagoa izaki, milaka bertsio ditu.
Zein dira Guridiren musikaren ezaugarririk bereizgarrienak?
Lehenik eta behin, haren gustu guztiz fina. Haren jokaera eta are janzkera ere gustu handiko gizon batenak ziren. Dotore jantzita agertzen zen beti, eta oso adeitsua zen, zuzena beti bere jokabidean eta hitz egiteko moduan; eta hori dena garbi antzematen da haren musikan, oso musika fina baita, bikain landua. Sentiberatasun oso bereziko gizona zela ahaztu gabe. Haren musika-motiboek aise hunkitzen dute entzuleria, emozioz beterik baitaude, eta darabiltzan harmoniak sendoak eta nork bereganatzeko errazak dira. Guridiren musika-diskurtsoa, hau da, haren musika-idazkeraren sintaxia ezin zuzenagoa da. Hori dela eta, haren obra ongi bukatuta dago beti. Gainera, oso musika entzun erraza da, oso atsegina.
Sabin, musikari eta musika-aditu gisa, zein da Guridiren errepertoriotik gehien erakartzen zaituen obra?
Así cantan los chicos (euskaraz, Honela kantatzen dute mutilek), 13-14 urterekin, Juan Carlos Cortazarren mandatuz, Akademia Filarmonikoaren abesbatzarako idatzi zuen abesti-saila. Cortazarrek esan zion libre jokatzeko, musikaz baino ez kezkatzeko, hitza jartzeaz beraiek arduratuko zirela gero. Urte batzuk geroago, Guridik partitura berrikusi zuen. Manuel de Fallak esan zuen obra perfektua zela, hura berez aski zela konpositorearen handitasuna egiaztatzeko. Niri, konposizio hori, bikaina iruditzen zait, eta bereziki gustukoa dut. Organoaren mundukoa naizenez, oso gustukoa dut ere Tríptico del Buen Pastor (euskaraz, Artzain Onaren Triptikoa). Donostiako Artzain Onaren katedraleko organoaren inauguraziorako idatzi zuen, eta nazioarteko sari baten mereziduna izan zen, gainera. Oso obra polita hori ere.
Hamahiru urte zituenerako, Guridik musika idazteko gaitasuna zuen. Zer esan nahi du horrek, berezkoa zuela musikarako gaitasun hori?
Halaxe da, zalantzarik ez. Zure baimenarekin, Jesus Guridiri musikari zain hori nondik zetorkion azalduko dizut. Guridi Gasteizen jaio zen, baina haren musika-sustraiak Euskal Herri osoan zabalduta zeuden.
Aita, Lorenzo Guridi Area gernikarra, nolabaiteko kategoriako biolin-jotzailea izan zen, eta biolinista plaza atera zuen Bilboko Arriaga antzokiko orkestran. Aitaren aldeko aitona, Xabier Guridi, Arrasateko organista izan zen eta amona, Nicasia Area, Gasteizko musika-tradizio luzeko familia batekoa zen.
Amaren aldetik ere bazen musika-hazi franko. Jesus Guridiren birraitona, Nicolas Ledesma, Bilboko Santiago basilikako organista izan zen, eta entzute handiko pertsonaia, hango musika-munduan. Nicolasen alaba, Celestina Ledesma, Tafallakoa, aitaren musika-tradizioari jarraipena eman eta Luis Bidaola segurarrarekin ezkondu zen. Azken horrek aitaginarrebaren tokia hartu zuen gero, Santiago basilikako organoan. Celestina eta Luisen alaba eta aldi berean Jesus Guridiren ama Trinidad Bidaola iruindarra ere piano-jotzaile bikaina izan zen. Beraz, Nafarroan, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian zituen aurrekariak Guridik, eta musikariak, gainera, denak.
Sabin Salaberri Gasteizen 2001. urtean.
Argazkia: Fondo Histórico EI-SEV.
Bost urte zituenerako, Guridik oso ongi jotzen zuen pianoa. Garaitsu hartan, gurasoak Zaragozara aldatu ziren aurrena, eta Madrilera gero. Madrilen, harmonia-maisu handi bat izan zuen Guridik, Valentin Arin, Ordiziakoa bera. Amaren gidaritzapean piano-ikasketak egiteaz gainera, prestakuntza sendoa eskuratu zuen, beraz, harmoniaren alorrean. Hori nabarmena da haren obra guztietan. Adibidez, Baserria edo Hamar Euskal Melodia lanek, haren obrarik arrakastatsuenak aipatzearren, sendotasun ikaragarria erakusten dute harmoniaren ikuspegitik begiratuta.
Eta Guridiren ibilbideari berriro helduz, Madrilen izan eta gero, Parisen, Belgikan, Alemanian... jarraitu zituen ikasketak.
Jesusek hamabi bat urte zituela, familia Bilbon bizi zen, aitak Arriagako biolinista plaza irabazi zuelako. Orkestrako lagun batzuek, Jesusekin maitemindurik eta haren musika-dohainekin miretsirik, ahaleginak eta bost egin zituzten Jesus Bilboko kultur elkarte nagusian sarrarazteko, “El cuartito” delakoan, hain zuzen. Izan ere, elkarte horretan biltzen zen Bilboko intelektualeriaren eta arteen gaina eta bikaina, hala nola Zubiria kondea, Joan Kortazar, kontserbatorioko zuzendaria zen Jose Sainz Basabe, eta abar. Jende horrek hainbeste bultzatu zuten Guridi musika-ibilbide bat egitera, ezen musika idazten eta kontzertuak ematen hasi baitzen handik gutxira. Hamalau urterekin bere musika-dohainengatik gailentzen baitzen, diru-laguntza lortu zioten Parisko Schola Cantorum-en ikasteko.
Han, Parisko Schola Cantorum-en, Jose Maria Usandizaga gipuzkoarrarekin eta Resurreccion Maria de Azkue lekeitiarrarekin egin zuen topo. Guridi nabarmen gailendu zen ikasketetan, hainbesteraino non kontserbatorioko zuzendariak berak, Vincent d’Indy-k, asko aipatu eta goraipatu zuen haren ikasketa-amaierako lana. Honek hiru aldiz jo zuen, ikasle guztien aurrean, Guridiren lana, ikasturte hartan aurkeztu zen lanik hoberena zela esanez.
Eta zer deritzozu zuk Guridiren obrari?
Nire ustez, Jesus Guridik perfekzio eta finezia handiko musika-lanak idatzi zituen, baina, bizi izan zen garaia kontuan izanda, tradizioari lotuegiak beharbada. Zergatik hori? Alde batetik, tradizionaltasun kontserbadoreenean hezia izan zelako, guraso eta aitona-amonen aldetik. Bestetik, aurrerago, Parisen, Debussy eta Ravel ibili ziren Kontserbatoriora joan ordez, tradizionalistagoa zen Schola Cantorumera joan zelako. Horregatik, Guridiren musika apur bat kontserbadoreagoa da garaiko modernotasunaren ordezkariena baino, Fallarena baino, adibidez. Parisen topo egin zuten biek, baina Fallak ere Kontserbatorioan ikasi zuen.
Pariseko egonaldia eta gero, Bruselara joan zen eta han Kontserbatorioko zuzendari ez ezik, musikagile eta organista ere bazen Joseph Jongenen babesa jaso zuen. Hala Bruselan nola Parisen, organoa jotzeko zaletasuna areagotu egin zitzaion Guridiri. Baina Jongen ere apur bat tradizionalista zen, eta nortasun handikoa izaki, musika idaztean alde batera uzten zituen XX. mendearen hasierako joera haustaileak, Debussy, Stravinsky..., eta, horrekin, gauza berritzaileak egiteko aukera. Jongenek, gero, buruan txertatu zion tradizio hori Guridiri.
Gero, Koloniara joan zen, eta Otto Neitzel-ekin ikasi zuen. Orkestradore handia zen Otto, eta Guridik asko ikasi zuen harekin alor horretan. Horregatik, Guridiren orkestrazioa oso fina dela esan dezakegu: Hamar Euskal Melodia obraren kasuan, adibidez, fina ez ezik bikaina da. Zeinen ongi tratatuta dagoen musika-tresnetako bakoitza, oboea, biola, harpa... bakoitzari egokien dagokion gaia bilatuz! Instrumentuen munduaren ezagutzaile aparta izan zen Guridi.
Sabin Salaberri, Manuel Lekuona Saria 2007.
Argazkia: Fondo Histórico EI-SEV.
Jesus Guridik irakasle onez inguratuta egoteko zortea izan zuen.
Guridiri oso harrera beroa egin zioten ikasten egon zen toki guztietan. Madrilen Valentin Arinek, Parisen Vincent d’Indy-k, Bruselan Joseph Jongen-ek (haren ikasle kutuna izan zen Guridi), eta Kolonian Otto Neitzel-ek (elkarrekin joaten ziren Munichera, Wagnerren operak entzutera eta aztertzera). Kolonia aldean asko ikasi zuen eszena-musikaz, eta hori agerian geratzen da zenbait obratan, hala nola, Mirentxu, Amaia, Baserria lanetan eta zarzueletan. Esan liteke izan zituen irakasle eta ezagutu zituen musikarietako bakoitzak aztarren nabarmena utzi zutela haren musikari-prestakuntzan eta musika idazteko eran. Jesus Guridiren lanak oso ongi eraikita daude oso ongi ikasi zuelako, oso irakasle onak izan zituelako eta bera oso ikasle izan zelako. Hori bai, beste irakasle batzuk izan baitu, prestakuntza abangoardistagoa izango zuen agian...
Merezi duen aitorpena izan duela uste duzu?
Bai eta ez. Hiri batzuetan, ez bakarrik Gasteiz eta Bilbon, kale eta erakunde batzuek haren izena daramate —Gasteizko kontserbatorioak, adibidez—, baita hotel batzuetako gelek ere... Hori hor dago, haren izenak behintzat jasoa du halako aitorpen bat. Haren obrak, berriz, ez. Zoritxarrez. Lan batzuk, bai, interpretatzen dira, baina beste batzuek ahanzturaren putzuan eroriak dirudite. Aitortza bat badu, baina ez erabatekorik.Sabin Salaberri (Aramaio, 1934) Sabi Salaberri Urzelai Aramaion jaio zen, 1934an. Txiki-txikitatik musikarako intuizio handia erakutsi zuen. Eliz ikasketak egin zituen Gasteizko Apaizgaitegian eta 1960ko abuztuan eman zuen lehen meza. Apaizgaitegiko musika-prefektu izendatu zuten eta kargu hori bete zuen harik eta, 1977an, apaizeria utzi zuen arte. Salaberriren bizitza erabat lotua dago musikaren irakaskuntzarekin eta sorkuntzarekin. Ildo horretan, bere obren katalogoa zabala da oso. Arabako musikaririk garrantzitsuentzat jotzen da egun.