576 Zenbakia 2011-04-29 / 2011-05-06

Elkarrizketa

Jose Antonio Arana Martija. Musikologoa: Azkue bibliotekan 500 liburutik 90.000tara igaro da nire lan urteetan

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Jose Antonio Arana Martija hil da 2011ko apirilaren 27an. Hona ekarri dugu aurtengo otsailaren 23an Gernikako bere etxean Euskonewserako egin nion elkarrizketa.

Euskal herriak musikarekiko duen debozioa topiko izateraino heldu da. Gure herri txiki honek oso musikari handiak eman ditu eta musikarako tradizioa gizarte maila guztietan txertatu da, kultura altxorra goi-goian jarriz.

Baina Euskal Herriak ezer berezirik badu bere nortasunean, hori bere hizkuntza da, euskara. Euskal Herria izango bada euskarari eutsi beharko zaio, bera gabe euskal gogoa galduko bailitzateke. Euskarak langile trebe eta handiak eman ditu historian zehar.

Jose Antonio Arana Martijak musika eta euskara uztartu ahal izan ditu bere bizitza-planteamenduetan, maisuki uztartu ere. Hori dela-eta, berriki Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Saria eman dio, bizitza osoko bere kultura ekarpen bikainarengatik.

Argazkia: Euskaltzaindia.

II Errepublikako egunetan munduratu zinen, non eta Gernikan... edo hobeto esanda Lumon! Zer gogoratzen duzu gerra piztu arteko zure bizitza labur hartaz?

Lehenik esan nahi nuke, sarreran aipatu dituzun euskara eta musika direla-eta, Victor Hugok adierazi zuela hizkuntza baino gehiago musika dela nazio bat bereizten duena eta Euskal Herria musikaz bereizten dela. Beraz, biak uztarturik, horiexek izan dira nire bizitzan erabili ditudan tresnak. Euskal Herriaren nortasuna agertzeko eta iragartzeko oso tresna maitagarri eta sentikorrak izan ditut euskara eta musika.

Hori azalduta, esango dut Lumo dela Gernikako auzo bat baina lehen elizatea genuen. Elizate moduan zeukan Bizkaiko forua Lumok; Gernikari, aldiz, hiria zelako, espainiar legea zegokion, Logroñokoa. Horregatik nik nahiago dut nire burua lumotartzat hartzea. Zer gogoratzen dudan gerra aurreko nire herri hartaz? Erbestera sei urterekin eraman ninduten, beraz oso oroitzapen gutxi ditut garai hartakoak. Aita barku kapitaina zen eta “Sota y Aznar” konpainiaren Axpe Mendi itsasontzian zebilen lanean. Francoren iristearekin batera izena aldatu zioten, Monte Albertia ipiniz. Erbestera barku ingeles batean joan ginen, eta etxera itzuli Monte Albertian.

II Errepublika sortu zenetik gerra arteraino, aittita Melitonen etxea gogoratzen dut oso ongi. Han jaio nintzen hirugarren solairuan, eta amuma Kontzesionen kuttuna omen nintzenez hantxe ematen nuen denborarik gehien. Aittita Ibarrurikoa zen, Nafarroako Gorritiko sendi jatorriarekin, eta erdi bertsotan hitz egiten zuela oroitzen dut. Bestalde, bost bat urte nituenean, Bilbora etorri zen batean aitak ni barruan sartzen nintzen auto txiki bat ekarri zidan, eta Junta Etxetik beherantz dagoen aldatzetik jaisten nintzen aittitaren etxeraino.

Ikastolan hasi nintzen bi urterekin, eta gogoan daukat Sabina Ardanza andereño elantxobetarra. Haren altzoan hainbat aldiz eduki ninduen, oso txikitxoa nintzen-eta. Nahiz eta ikastolan dena euskaraz egin, doktrinarako arazo bat geneukan, izan ere, Andra Maria parrokiako José Domingo Iturraran erretoreak gaztelera nahiago zuen. Hori dela eta, jesuitek ematen ziguten erdi ezkutuan doktrina euskaraz. Eta irakasleak Felipe eta Juan Jose Goikoetxea... eta Raimundo Olabide genituen!

Bonbardaketa gertatu baino egun pare bat lehentxeago hemengo jendea hasi zen alde egiten eta aitaren ama —amuma Salvadora— Muxikan bizi zenez gero, gu hara joan ginen. Bonbardaketa handik ikusi nuen nik, etxe gaineko muino batetik.

Bonbardaketaren ostean, erbestera, Frantzia aldera zoazte...

Bilbon hilabete bat eman genuen, Mallonako baserri batean, eta handik Laredora eraman gintuen nire amaren neba Agustinek, hain zuzen Jose Estornes Lasa gudarien komandantearen txofer lanetan ari zena. Laredon jaio zen nire bosgarren anaia. Han egon ginen bi hilabeteetan eskolara joan nintzen. Frankoren ejertzitoa Bilbora sartu zenean gu Santanderera aldatu ginen trenez, eta hango kaian zegoen ikatz-itsasontzi ingeles batean eraman gintuzten Nantesera. Lehenago itsasontziak geldiune bat egin zuen Bordeleko kaiaren sarreran eta txalupa batean hurbildu ziren zenbait pertsona galdetuz norbait gernikarra ote zen. Nire ama identifikatu egin zen eta handik ordu pare batera ostera agertu zitzaizkigun lagun haiek janari eta goxokiekin. Aita zen, ordurako ezkutuan zegoena, bidaltzen zituena. Hartu genuen poza! Baina aurrera segitu ginen gure bidaian, Nanteseko kai militarrera heltzeko. Nik ditudan oroitzapenen arabera, frantziar errepublika oso ongi portatu zen gurekin. Etxetxo bat utzi ziguten Villemandeur herrian. Gaixotu egin nintzen ni han, tifusaz, eta Montargisko ospitalera eraman ninduten. Hiru hilabete eduki ninduten barneratuta, familiako inorekin egon ahal izan gabe. Ama ikusten nuen noizean behin, ni nengoen aretoko kristalez bestaldean. Huraxe da nik dudan oroitzapenik gogorrena. Behin osatuta, Île de Re-ko Rivedoux herrixkara joan ginen bizitzera eta bertan egon ginen 1939ko irailera arte. Itzuli izan naiz horra duela hamar bat urte, bertako lagunei guri eskainitako harrera eskertu nahi nielako. Aita La Rochellen zegoen eta noizean behin agertzen zen. Han jaio zen nire seigarren anaia. Eta sendiak erabaki zuen gu Bilbora itzuli behar genuela. Eta “Monte Albertia” hartu genuen.

Muxikako amuma Bilbon bizi zen, eta han geratu ginen urtebete batez, gu Muxikara aldatu aurretik eta hor egon ginen 1950era arte. Urte hartako errege egunaren bezperatik “villano” naiz.

Argazkia: Euskaltzaindia.

Gernikara heldu eta apaizgaitegirako gogoa piztu zitzaizun...

Lehenik Gordexolakora joan nintzen. Patrizio Ruiz de Azuaren zuzendaritzapean urtebete bat eman nuen. Bigarren ikasturterako Bergarara bidali ninduten. Eta han ezagutu nuen Andres Mañarikua, Erromatik etorri berria “El matrimonio de los esclavos” bere tesi doktorala defendatu ondoren. Eta matematikako irakaslea zen! Bergaratik Gaztelu-Elexabeitiara. Han Andres Ibañez Arana izan nuen irakasle eta berarekin bi gauza ikasi nituen, gerora oso ondo etorri zaizkidanak: alde batetik, Ibañezen tesia irakurri nuen, hark defendatu aurretik, ortografia akatsak zuzentzeko; eta hango biblioteka prestatzen lagundu nion. Liburuekin izandako nire lehen harreman serioa ordukoa da.

Gasteizera aldatu gintuzten laugarren ikasturterako. Nahiz eta bertako bibliotekako zuzendaria Jose Zunzunegi genuen Andres Mañarikua ari zen lanean, eta Bergaratik ezagutzen ninduelako eskatu zidan bere laguntzaile izatea. Horrela ibili nintzen eta erraztasun guztiak nituen liburuen artean aritzeko. Zer gertatu zen? Galazota zeuden autoreak — Unamuno, Dante...— irakurtzeko aukera izan nuen. Nire ohe azpian gordeta edukitzen nituen liburu horiek. Baina egin zuten miaketa batean aurkitu egin zizkidaten. Eta erabateko zigorra jarri zidaten: etxera bidali ninduten, betiko. 1947ko urtarrilaren 17an gertatu zen hori. Ongi daukat grabatuta data.

Eliz gizona barik lege gizona izateko bidea ireki al zitzaizun orduan?

Ez nuen batxilergoa automatikoki konbalidatzerik eta errebalidaren bidez lortu nuen. Beste bi ikasturteak Gernikan burutu nituen. Eta kuartelera egindako lehen bi bisita ere ordukoak dauzkat, guardia zibil baten alaba zen ikaskide batek salatu baininduen, abertzale nintzelakoan. Jipoi ederrak hartu nituen.

Preuniversitario ikasturtea Maria Angeles Larrearekin prestatu nuen Zornotzan eta berak lagundu zidan Valladolidera azterketa egitera. Unibertsitatean hasi nahi nuela eta nondik jo nezakeen oso garbi ez nuelako Andres Mañarikuarengana joan nintzen eta berak aholkatu zidan Deustuko Unibertsitatean zuzenbideko ikasketak egitea. Aurreneko bi urteak han burutu nituen, baina aitak Gernikan jarritako negozio batean administrazio lanetarako behar ninduelako utzi behar izan nuen Deustukoa. Karrerarekin segitu nuen, baina modu librean, eta Valladoliden amaitu nuen, 1954an.

Bazaitugu lege gizona. Baina noiz piztu zitzaizun musikarako gogoa?

Apaizgaitegira joan orduko ni tiplea nintzen Gernikako parrokian, eta piano klaseak hartzen nituen. Organo jotzen ere ikasi nuen, apur bat, Juan Ojangurenekin. Hau izan zen Gernikan poilifonia sartu zuena, eta gregorianoa ere irakatsi zigun. Tipleak ginela lauzpabost meza kantatzen genituen gregorianoz. Gasteizko Apaiztegira heldu nintzenean, beraz, banekien musika apurtxo bat eta adierazi ziguten armonia ikasi nahian egon gintezkeenok aukera genuela Julio Valdesekin. Eta hala hasi nintzen. Batek daki zenbat hiru ahotsetarako Tantum Ergo idatzi nituen sasoi hartan! Lehen esan dudan bezala, oso denbora gutxi egin nuen Apaizgaitegian, baina handik atera nintzenean banuen musika armonizaturako zaletasuna.

Apaizgaitegitik etxera bidalita eta handik urtebetera, 1948a, Busturia aldeko Kongresu Eukaristiko bat antolatu zen eta parrokiako abesbatzan bigarren tenore bezala aritu nintzen, Juan Ojanguren organu jolearen zuzendaritzapean. Musikari gustu hartzen joan nintzen. Ahotsa aldatu zitzaidan eta baxuetara igaro nintzen. Vaticanoko II Kontzilioaren aurretik emakumeek debekatuta zeukaten korura igotzea eta mezaren bat lau ahotsetara abesten genuenean tipleen tokia hartu zuten emakumeek behetik aritu behar zuten Antonio Lekube zuzendariarekin, gu koruan Julio Bareñok zuzentzen gintuen bitartean. Kontzilioaren ostean, ordea, 1922an Sebero Altubek egindakoa birsortu zen, hau da koru mixtoa. Eta zuzendari hautatu ninduten. Handik aurrera musika liturgikoa bakarrik abestu beharrean profanoa ere sartu nuen eta hortik atera nuen Andra Mari korala.

Gernikako Musika Bandako zuzendariarekin, bestalde, Udal Musika Akademia sortu nuen.

Musikaren inguruan lan praktiko handia egiten ari zinen garai hartan. Eta noiz ematen duzu saltoa ikerketara?

Musika pasibotik musika aktibora pasatu nintzela azaldu dizut, oso aktibora, eta ikerketa etorri zen jarraian. Inflexioko puntua hain justu 1968an dago, ni kartzelan nengoela. Kartzelako presoei musika eta euskara irakasten nizkien, arratsaldero, gaiak txandatuz. Orduantxe konturatu nintzen hutsune asko nituela, eta euskal musikak espazio handiak zituela deskubritzeke. Musika ikerketari heldu nion, beraz, eta Madrilera joan nintzen, Luis de Pablo, Carmelo Bernaola, Agustín Gonzalez Acilu eta Pablo Sorozabal musikariekin egon eta nire asmoen berri emateko. Bide batez, haiek lanean zertan ari ziren ere ezagutzeko. Halaber, organoak katalogatzeari ere ekin nion. Horren gisako datuekin osatu nuen Musica Vasca nire lehen liburua.

Argazkia: Euskaltzaindia.

Euskal musikaz zerbait jakin nahi duenak zure liburu horretara jo behar du...

Ez nuen uste hainbeste erabiliko zenik nire liburu hori. Idazten nihoan neurrian, idatzitakoaren kopiak bidaltzen nizkion Sevillako katedraleko organo jolea zen Norberto Almandozi, eta berak emandako aholkuak aintzakotzat hartzen nituen. Hitzaurrea egitea eskatu nion baina ezetza eman zidalako Bello Portuk egin zidan. Liburua Musikasten aurkeztu zen. Nire lan harekin artxibo izugarria burutu nuen eta liburua publikatu orduko Eresbilekin harremana banuenez artxiboa Eresbilen utzi nuen, bost mila dokumentu baino gehiago, alegia

Aipatu duzu kartzela, aipatu duzu hura izan zela musika eta euskararekin lan egiteko abagunea. Kartzelatik irten eta aurki euskara bihurtuko da zure ofizioa...

Kartzelara joan aurretik, 1966an ikastola bat sortu nuen Gernikan, Sebero Altube izenarekin. Herriko garaiko erretorearekin izan nituen eztabaidak, nazionalistak ginela eta ez ginela. Baina diozun bezala, 1969an Euskaltzaindian lanean hasi nintzen, modu ez ofizialean. Nik Azkue ezagutu nuen 1951an, Deustun ikasle nintzela, Bilboko Erriberako Euskaltzaindiaren bulegoetan. Azkueren kantutegia salgai zegoela jakin izan nuen eta erostera joan nintzen. Musika ikerketa lanetan ari nintzela, ostera jo nuen Euskaltzaindira, bertan baitzegoen Azkueren musika funts osoa. Eta material hura sailkatze eta katalogatzeari ekin nion. Jose Luis Lizundia zen ordurako idazkari ordea. Lan itzela gertatu zen. Eta Erriberatik Arbietora igarotzeko unea heldu zenean, ni Erriberan geratu nintzen, Nere Altunarekin, Azkueren musika paper guztiak antolatzen.

Alfonso Irigoyen zen garai hartan Euskaltzaindiko liburuzaina, baina handik denbora batera Enrike Knörek proposatuta eta Aita Villasante euskaltzainburuaren baiezkoarekin izendatu ninduten erakundeko liburuzain eta modu profesionalean hasi nintzen Euskaltzaindian. Eta lanean ekin bezain laster konturatu nintzen egundoko premia zegoela alde guztietatik. Liburu zaharren saltzaileetara jo nuen, liburudenda espezialduetara, erakundeetara... Hasi nintzenean egon zitezkeen bost ehun liburu haietatik eguneko 90.000tara igaro gara urte hauetan. Lan itzela egin dugu, nire zuzendaritzapean eta Nere eta Josune Olabarriaren laguntza ordain ezinarekin. Jubilatu nintzenean Pruden Gartzia izendatu zuten nire ordeko.

Jon Bilbao zenak aholkatu zidan ez arduratzea horrenbeste liburuzain izateaz, baizik eta bibliografo bezala aritzeaz. Eta horixe izan da nire betebeharra gehien gidatu duen ardatza. Euskaltzaindiko liburutegira datorrenak aurkitu behar du zerbitzu egoki bat, bilatu nahi duenaz lagun diezaiokeena. Eta lortutakoarekin oso harro nago.

Argazkia: Josemari Velez de Mendizabal.

Aipatu dituzu izen batzuk: Julio Valdés, Sebero Altube, Resurrección María de Azkue, adibidez. Zure izenarekin aurrerantzean itsatsita geratuko den beste bat da Manuel Lekuona, Eusko Ikaskuntzak izen hori daraman Saria eman baitizu, 2010eko edizioan... Ongi ezagutu zenuen zuk Lekuona, bai horixe!

Bitxia da, Remigio Mendibururen irudi bat dela Sariak duen oroikailua. Eta nik urtebete oso batez euskal kulturari buruz “Sakonki” izenarekin eman nuen ikastaro batean Mendibururen beste irudi bat erabili nuen ikur gisa, Oteizaren honako esaldiarekin batera: Sakonki maite dut nire herria, sakonki amorrazten dit nire herriak.

Manuel Lekuona maite izan nuen, zuzenean, eta baita Juan Mari ilobaren bidez. Barandiaran eta Lekuona izan ziren, Gasteizko Apaizgaitegitik, euskal kulturarako piztaileak XIX. hastapenetan. Lekuonaren “Literatura Oral Vasca”rekin etorri zitzaidan bertsolaritzarako zaletasuna. Liburu hartatik tiratuz, iruditu zitzaidan bertsolaritzaren zati garrantzitsu bat musika dela, doinua. Eta hor nire lanetarako alor berri bat aurkitu nuen. Beraz, testuak eta doinuak beren pentagramekin batera joan behar dutela uste nuelako, Euskaltzaindiak Bertsolari Txapelketak eratu zituenean liburu aproposa atera nuen.

Lekuona aipatuta, derrigorrez egin behar dut gauza bera Barandiaranekin, izan ere Don Jose Migueli lagundu egiten nion Gernikan egon zenean. Goizeko 7etan meza ematen zuen Andra Marian, gosaldu Taberna Vascan egiten genuen, eta gero Foruko atxetara joaten ginen, indusketetara. Gizon umila zen, jakituna. Harrigarria da nola izan zitekeen hain umil, hark zekien guztiarekin!

Ez nuke gaurko elkarrizketa hau amaitu nahi beste izen bat aipatu gabe: Maiteder Bareño.

“Musica Vasca” liburua argitaratu nuenean hauxe izan zen eskaintza: “Euskal Herrian sortu ninduten aita eta amari, Euskal Herrian izaten laguntzen didan Maitederi, eta Euskal Herriari” Ni ez banintz Maitederekin ezkondu ez nintzen hemen egongo. Pasatu ditudan estura guztietan — kartzelaldiak, gaixotasunak, arazo ekonomikoak...— laguntzaile bakarrik ez, baizik eta ni neu izan da. Nirekin bat egin duen andrea da Maiteder, Gernikakoa; elkar maite izan dugu eta bost seme-alaba eder atera ditugu aurrera, denak euskararen eta Euskal Herriaren alde lanean... Eskerrak gure amari, izan ere nik ere ama deitzen diot.