571 Zenbakia 2011-03-18 / 2011-03-25
Eta elkarrizketa hau zure bizitza azaltzen hasiko bagina?
Usurbilgo San Esteban auzoan jaio nintzen, eta bertan hogei urte bete arte bizi izan nintzen. Gero Agiña auzora igaro ginen han etxetxo bat egin bait genuen. Duela hamahiru urte Donostiara bizitzera etorri nintzen.
Usurbilen jaio nintzen, 1938. urtean. Gure auzoan ez zen eskolarik eta herrira joan beharra zegoen. Eta bidea errepidetik eginez gero hiru kilometro aldiko gainditu behar zirelako, laster bide gisa hartzen genuen trenbidea eta zazpiehun metroko tunela ere igaro behar izaten genuen. Lau aldiz joan etorria egunero. Gure maistra Maritxu Olariaga zen, donostiar euskalduna, eta hirurogeita hamar ume geunden gela hartan, neska-mutilak, adin desberdinekoak. Oroitzapenak onak ditut. Ez genuen, esaterako, arazorik izan gure hizkuntzarekin, nahiz eta ikasketak gazteleraz egiten ziren. Beste gauza bitxia zen, irakasle horrek goizeko 8etan klase partikularrak ematen zituela, eta gu hara joaten ginen, ordutegi normalean horrenbeste ikaslerekin ez baitzegoen larregi sakontzerik. Matematika behintzat, batxilerrean baliagarria izan zitzaidana hantxe ikasi nuen. Koskortzen joan ginen heinean, arratsaldeetan txikitxoei irakurtzen eta idazten erakusten genien guk. Beharbada orduan sortu zitzaidan irakasle izateko grina.
Batxilergoa Donostian egin nuen. Garai hartan gure inguruko inor ez zen Donostiara joaten ikastera, eta niretzat aukera Olariagaren bitartez etorri zitzaidan. Eta moja teresartarretara joaten hasi nintzen. Garai hartako kontuak ere gogoan edukitzekoak dira. Zenbat ordu sartu genituen! Gaurko DBHko gazteekin alderatuta, ikusgarria da ordutikako aldaketa. Goizeko bederatzietan hasten ginen, beti korrika heltzen nintzelarik trenaren gora beherak zirela-eta. Arratsaldeko 7:30etan amaitzen genuen jarduna. Eta gaueko 8:30etan etxera iritsi eta afalondoan etxeko lanak nituen zain.
Garai hartako neskek ez zuten normalean goi ikasketarik burutzen. Hamabost urterekin fabrika batean lan egiteko eskaintza etorri zitzaidan. Diru asko ez zegoen eta sendian beste soldata bat edukitzeak lagundu egiten zuen. Proposamen hura zela-eta, zer negar saioak egin nituen! Nik ikasten jarraitu nahi bainuen. Eta lortu nuen. Ategorrietako Magisteritzako Eskolan hasi nintzen, eta hiru urteak bertan burutu nituen. Ikasten ari ginen bitartean ez ginen konturatzen zein nolako atzerakoia zen orduko heziketa sistema. Laurogei urte lehenagoko metodologia berarekin jarraitzen zen.
Bigarren urtea egiten ari nintzela Jone Forcada irakasle gaztea inguratu zitzaigun eskolara. Elbira Zipitriarekin praktikak egin eta Donostiako Kaiko ikastola txiki batean lanean ari zen. Eskolan euskaraz zekien norbait bai ote zen galdetu zuen eta hantxe nengoen ni, beste askoren artean, izan ere ikasleriaren erdia gutxi gora behera euskalduna zen. Joneren asmoa zen ilunabarretan ordutxoren bat ikasle batzuei euskara lantzeko norbait hartzea, eta ni libre nengoenez gero hasi nintzen joaten Kaiko ikastola hartara, frantses eskolako ikasle ziren lau neska-mutilei euskarazko klasea ematera. Garai hartan Elbira, Karmele, Jone, Itziar, Faustina... ziren ikastola txikitan Donostian lanean ari zirenak. Horrela ekin nion nire ibilbideari. Ume haiei idazten eta irakurtzen irakasteaz gain ipuinak ere kontatzen nizkien eta Jaunartzerako euskarazko prestakuntzaz ere arduratzen nintzen. Eta modu horretan iritsi nintzen Elbirarenganaino, Jonek berak aurkeztua.
Argazkia: Josemari Velez de Mendizabal.
Zure ibilbide horretan topo egiten duzu, beraz, Elbirarekin...
Bai, eta hamalau urte egon nintzen berarekin. Aurrena praktikak egiten Elbiraren eskutik eta gero Joneren lekukoa hartuta, hark irakaskintza utzi ondoren. Beraz, Kaiko ikastolan hasi nintzen 1957an, karrera amaitu eta praktikak egin ondoren. Oso urte polit eta goxoak izan ziren gehienak. Umeen gurasoak, gu bezala, euskararen militanteak ziren. Hamarnako taldeak goizez eta arratsaldez edukitzen genituen. Bigarren urtetik aurrera beharkizunak biderkatzen joan ziren eta taldeak ugaritu egin ziren. Hogeita hamar ikasle inguru pasatzen ziren nire eskuetatik egunero. Gurasoek meritu handia zuten, zeren haurrak gelan bi ordu ematen bazituzten ere beste horrenbesteko lana garatu behar zuten etxean, horrek gurasoei izugarrizko dedikazioa eskatzen zien. Horrela egon ginen 1968ra arte.
Baina 1964 inguruan hasi ziren iristen irakasleak prestatzeko eskakizunak, herrietako mugimendua zela-eta. Andereñoak prestatu beharra zegoen. Elbira horretarako oso zorrotza zen, beraren ustez gutxienez urtebeteko praktikak burutu behar baitziren irakaskintzan hasi aurretik. Eta Elbirak berak eskatu zidan bi irakasle praktikatan hartzea. Eta horrela irakasleak prestatzen joan ginen probintzian sortzen ziren eskakizunei erantzuteko. Elbirak baldintza bat jartzen zuen: maistra titulua edukitzea. Beraren ustez, “malas maestras españolas” ginen gu, titulua eduki arren, hau da, espainiar pedagogia atzerakoiak moldatutako maistra kaskarrak ginela, eta gainera gazteleraz egin genituela ikasketak.
Aipatu duzu nolakoa izan zen Elbiraren eragina zugan, Baina seguru nago asko izango direla Elbira Zipitria ezagutzen ez dutenak...
Elbira zumaiarra zen, 1906an jaioa; hiru anaia-arreba ziren, ahizpa moja, Marsellan bizi zena, anaia eta bera. Elbira Donostiara joan zen bizitzera, aitaren lana zela-eta. Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza bati esker irakasle izatera iritsi zen. Parte hartu zuen Eusko Ikaskuntzan, hezkuntzako gaien inguruan. Bi ezaugarri nagusi zituen: euskara eta pedagogia. Karrera amaitu ondoren, 1928an hasi zen Alde Zaharreko Koruko Andre Maria ikastolan lanean. Handik gutxira guda sortu zen, eta gerra aurretik EAJko militante aktibo eta nabarmena zenez gero, alde egin behar izan zuen Bidasoaz beste aldera. Labaiendarrekin bizi izan zen Saran, eta lapurtar herri hartan etxe-ikastolan lana egin zuen hemendik joandako sendien haurrekin. Frantsesa ongi ikasteko aprobetxatu zuen. Eta bere ahizpa mojarekin eta beste irakasle batzuekin harreman sakona zuenez gero, frantziar metodo pedagogiko aurrerakoiak bereganatu zituen. Hango urteak egin ondoren, Donostiara itzuli zen eta Arriola sendagilearen etxean berrekin zion bere lan pedagogikoari 1942an. Handik urtebetera Goenagatarren etxera igaro behar izan zuen, ikasleen kopuruak toki handiagoa exijitzen baitzuen. Europan ari ziren korronte pedagogikorik aurreratuenak — Pestalozzi, Montessori, Frenet, Piaget— ezagutzen zituen, berak sarritan esaten zigun, ez zuela ezer berririk asmatu, baizik eta onak eta aurrerakoiak zirenak hartu eta geurera egokitu, euskal sena eta nortasuna itsatsiaz. Elbiraren metodologiari buruz, kontuan eduki beharreko beste nolakotasun bat hezkidetza zen, hots, neska eta mutikoak batera hezten zituela, berdintasunean, denek lan berdinak egiten baitzituzten. Eta, adibidez, mutilei eskatzen zien panpinari biberoia ematea, gero aita jatorrak izan ahal izateko.
Esan genezake Elbira izan zela, gero gorpuztuko zen mugimenduaren abiapuntua... Erbesteratzetik Donostiara itzuli zenean ez zuen material pedagogiko asko izango, ezta?
Oso aukera txikia zen. Guretzat, zerbait bitxia bazen, Ixaka Lopez-Mendizabalen “Xabiertxo” zen. Gai guztiak ukitzen zituen liburuxka genuen. Entziklopedia txiki bat bezalakoa zen. Baina ale gutxi ziren eta ez zegoen berrargitaratzerik...
Argazkia: Josemari Velez de Mendizabal.
Bai, horretara heldu nahi nuen, ezen Elbirak berak zuzeneko ezagutzan oinarritzen zuen sistema pedagogikoa...
Elbira baliatu zen beste pedagogoen teoria eta alderdi onez. Horretarako berezko ahalmena zuen. Irakaskuntzarako eta ikaskuntzarako erabiltzen zituen jarduerak haurrak aurrez zituen esperientzietan oinarritzen ziren, zekienetik hasi eta pixkanaka eduki berriak eraikitzen joan. Gaur egun konstruktibismoa izenez ezagutzen da. Garai hartan hitz hori zer zen ez genekien, baina ideiak hantxe zeuden eta praktikan ipintzen genituen. Guk txikitan mundu guztiko laku eta ibaien izenak ikasten genituen, baina begien aurrean pasatzen zen ibaia non jaiotzen zen, zein herrietatik pasatzen zen, nekazariak ekoizten zutena etabar nik Elbiraren ondoan ikasi nuen. Hau adibide bat besterik ez da.
Matematika era bereizian lantzen zuen, beti gauza konkretuetatik hasten zen, kanikak izugarri erabiltzen zituen, arraiak, tximeletak, gereziak, kandelak, xaguak etabar luzea tablak eta ikasteko erabiltzen zituen, azkenik abstraziora iristeko.
Oso lan bikaina egin zenuten 50.etako hamarkadatik, aurrekoen testigua hartuta: klandestinitaterik gorrienean aritu izan zineten. Une zailak ere biziko zenituzten...
Ezkutuko ikastola haietan hamaika urte eman nituen nik eta aurrenekoak nahiko lasaiak izan ziren eta ez genuen hainbesteko eragozpenik izan. Noski, ikastolen mugimendua zabaltzen joan zenean hezkuntzako ikuskari eta funtzionarioak ez zeuden lo, euren susmo eta kezkak zituztelako. Batez ere andereñoak prestatzeari ekin genionean presio handiagoak jasan genituen. 1967.urtea oso gogorra izan zen eta Kaiko ikastolan polizia noiznahi edukitzen nuen ate joka. Guk hartzen genituen gure neurriak, baina hala ere ez zen erreza, haurrak beti haur baitziren. Zerbaiten beldur ginenean, haurrei ikastolara motxila gabe etortzea eskatzen genien. Eta ikastola etxebizitza arrunt batean zegoeneko garai haietan haurrak ohe azpian ezkutatzeraino iritsi nintzen. Egun batzuetan, poliziatik aldentzearren, haurrak hartu eta ikasle baten etxera eramaten nituen, bertan klasea emateko. Diktadurako urterik gogorrenetakoak zirela kontuan edukita, miresgarria da guraso askok beren sorbalden gainean hartu zuten arriskua. Hori ezin da ahaztu.
Aipatu 1967 hartan eskolaritateko kartilaren beharra ere sortu zuten eta guk, nahiz eta maistrak izan, ez genuen horretarako ahalmenik. Geure aldetik ere atea jotzen hasi behar izan genuen, eta gure haurrek kartila lortu zuten, bakarren batentzat Aiako herriko eskolan, baina gehienek Donostiako ikastetxeen laguntza jaso genuen —San Bartolomeko mojak, Marianistak, Jesuitak, Jesusen Bihotzekoak...— benetan eskertzekoa garai larri haietan eskainitako babesa. Baina egoera honek ezin zuen luzaro iraun. Lau irakasle elkartu ginen, Elbira Zipitria, Koro Aldanondo, Miren Terese Aleman eta ni, ordurarte Elbirak bakarrik bere etxean eskola ematen zuen, besteak gureak ez ziren etxe partikularretan ematen genituen klaseak. Egoerari irtenbidea aurkitu nahiean, gure ikasleen gurasoekin elkartu ginen eta lehenik Elizara jo genuen laguntza bila, ordurako Gipuzkoan zehar hasiak ziren bere babespean ikastolak sortzen. Aldi berean Orixe Kultura Elkartea sortu genuen, honek bere egiteko nagusia ikastola bultzatzea izango zuen.
Hori egiten ari ginen bitartean ez zen arindu ikuskari eta funtzionarioen lana eta une latzak bizi izan genituen, ikastolaren legeztatze prozesua arriskuan behin baino gehiagotan jarriaz. Hala ere, oztopo guztiak gaindituta 1969-70 ikasturtean baimena eman ziguten, irakaskuntzarako leku aproposagoak lortzeko betebeharrarekin. Eta, zorionez, ordurako Orixe Kultura Elkartea horretan ari zen.
Argazkia: Andres Espinoza.
Aipatu dituzun urte horietarako Donostian bazen andereñoen formakuntzan laguntzen zuen erresidentzia bat eta Gipuzkoan ikastolen mugimendua indar bizia hartzen zihoan...
Bai, Donostia nahiko antolatua zegoen, baina herrietan ez zuten gure bidea jarraitzeko aukerarik. Hauek ikastetxe normalak bezala hasi ziren. Eta hogeita hamar ikasletako gelekin ekin zitzaion mugimenduari. Prestatu behar izan ziren magisterio-titulurik gabeko irakasle asko, batez ere haur txikiekin arituko ziren andereñoak. Horietako gehienek, urteak pasa ahala, titulazioa lortuko zuten.
Esan al daiteke, Euskal Herri mailan Donostiakoa izan zela aurreneko esperientzia?
Ez naiz ausartzen horrela izan zenik esatera. Baina Donostiakoa, Elbira Zipitriari esker, fenomeno aparta izan zen. Gogoratzen dut Kaiko ikastola txiki hartan ari nintzela Bilbotik Maria Angeles Garai joaten zitzaiola Elbirari, eta huraxe izan zen gerra osteko lehen andereñoa Bizkaian, euskararen munduan Xabier Peña tolosarrarekin etortzen zen. Peñarekin batera beste andereño batzuk ere etortzen ziren Bizkaitik, Maria Angelesen ondoren.
Ikastolen mugimenduak aurrera egin zuen. Euskarazko hezkuntza sistema posible zela erakutsi zen. Euskaraz haur eta gazteak hezten 40 urte eman ditugu... Orduko iragarpenak, bete al dira?
Nik uste dut hein handi batean, bai bete direla. Elbiraren betiko kezka zen, haurrak beste inork baino hobeto prestatu behar genituela. Hark bazekien gure haurrek hurrengoko hezkuntza-graduetan porrot eginez gero errua ez zitzaiola egotziko haur haien balizko ezgaitasunari, baizik eta euskarari. Gure haurrak, normalean, oso ongi prestatuta ateratzen ziren ikastolatik. Eta andereñoen aldetik esfortzua egin behar bagenuen haurren bat modu berezian hartzeko, bakarkako lana ikasleekin gogoz egiten genuen. Haurra genuen helburu, haurra eta bere heziketa, ahalik eta beteena. Militanteak ginen, bai irakasleak eta baita gurasoak ere. Euskarak prestigioa irabazi zuen ikastolarekin: gela berdinean enpresarioen eta arrantzaleen seme-alabak genituen.
Urteak igaro dira, gizarteak ere aldaketa sakona izan du, eta nolabait zeuen lana saritu du modu desberdinez. Iaz Gipuzkoako Diputazioak Urrezko Domina eman zion hirurogeietako andereñoen kolektiboari. Pozik sentitzeko arrazoiak badituzuela uste dut...
Bai. Pozik gaude, oro har egindako lanarekin. Inork ez gintuen behartu andereño izatera, eta gure borondatez ekin genion ibilbideari. Etekin ona eman duen lana izan da gurea. Berrogeita hamar urte eman ondoren hori guztia gizarteak errekonozitzeak poz izugarria eskaintzen du. Berrogeita bost urte eman nituen nik andereño gisa eta barruan daramat andereñoen izpiritua. Hunkigarria izan zen, ehundik gora andereño biltzea Gipuzkoako Foru Aldundian.
Benetan, pedagogia berritzaileekin hezi zenituzten lehen ikastoletako haurrak eta mende erdia igaro duzue lanean. Izandako eskarmentutik, nola ikusten duzu euskararen eguneko egoera?
Elbirari sarritan entzun izan nion euskararen kalitatea murriztu egingo zela, baina hiztun kopuruak goraka egingo zuela eta nik uste dut neurri batean horrela dela. Gustatuko litzaidake, guk eta garai hartako gurasoek sentitzen genuen euskara eta euskal kulturaganako maitasuna gure ondorengoei nolabait igortzea. Benetan etorkizuna gurea dela pentsatzen dut. Mari Karmen Mitxelena (Usurbil, 1938) Usurbilgo San Esteban auzoan jaio eta bertan hogei urte eman zituen. Gero, Agiña auzora igaro zen eta duela hamahiru urte Donostiara joan zen bizitzera. Oso gaztetik sortu zitzaion irakasle izateko grina. Batxilergoa Donostian egin eta gero, Magisteritzako Eskolan izena eman zen. Garai hartako neskek ez zituzten goi ikasketarik burutzen, baina Mari Karmenek argi zuen. Magisteritza ikasketen bigarren urtean zegoela, Kaiko ikastolan hasi zen euskarazko klaseak ematen eta han Elbira Zipitria ezagutu zuen. Ezkutuko ikastoletan klaseak ematen denbora luzea pasa zuten eta esan daiteke bizitza eman duela haurrak hezten. Izan ere, berrogeita bost urte pasa ditu andereño gisa eta berak esaten duen moduan “barruan daramat andereñoen izpiritua”. 2010ean Gipuzkoako Diputazioak Urrezko Domina eman zion hirurogeietako andereñoen kolektiboari.