574 Zenbakia 2011-04-08 / 2011-04-15

Efemerideak

Efemeridea. Mikel Zarate idazlea Lezaman hil zen 1979ko apirilaren 10ean



Mikel Zarate Lejarraga.

Mikel Zarate Lejarraga Txori Herriko Lezaman jaio zen 1933ko martxoan, Larretzalde etxean. Herri honetan hazi zen, lehenengo ikasketak ere bertako eskolan bête zituelarik. Aparejadore ikasketak eginik bere aitarekin batera lanbide honetan aritu zen, baina hogei urterekin Derioko Seminarioan sartu zen apaiz egiteko.

Idazle oparoa izan genuen. Hasiera batean meza liburu batzuk itzuli eta egokitu zituelarik, 1970ean hasi zen, ordea, bere idazle etaparik emankorrena, 1979an bere heriotza gertatu artean hamabi liburu argitaratuz. Hauez gainera beste zenbait geratu zitzaizkion inprentaratu gabe, eta hainbat bere gogoan eta buruan.

Poesi lanetan Higidura berdez (1977) eta Bizipenen bultzadaz (1978) eman zituen argitara. Tamalez, Etorriaren zorabioz argitara gabe geratu zen.

Gehiago dira eta, kritikarien eritzian, maila are hobekoak bere prosazko lanak: Haurgintza minetan (1973), Ipuin antzeko alegi mingotsak (1975) eta Mikel hil ondoan, Utopiaren fantasian eta Bilbo irribarrez.

1979ko apirilean hil zen Usategi Behekoa etxean, Lezamatarrek Lejarrene izenaz ezagunago duten etxean. Gizon gaztea artean, Mikelen bat-bateko heriotzak euskaltzale eta adiskide askorengan sortu zuen tristuraren eredu gertatu zen haren hileta, Lezama herri txikian sekulako jendetza bildu zelarik azken agurra ematera.