573 Zenbakia 2011-04-01 / 2011-04-08
Xabier Lete.
Euskal poeta, musikari eta abeslaria. Pasaiako (Gipuzkoa) Bianchi lantegian lan egin zuen bide artistikoa jarraitzea erabaki zuen arte.
Hurrengo poesia-liburuok argitaratu ditu: Egunetik egunera orduen gurpilean (Cinsa, 1968); Bigarren poema liburua (Gero, 1974); Urrats desbideratuak (Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, 1981); Zentzu antzaldatuen poemategia (Euskaltzaindia-Bilbao Bizkaia Kutxa, 1992); Biziaren ikurrak (Erein, 1992). Halaber, bi antzerki-lan argitaratu ditu: Deusetik izatera (Itxaropena, 1977) eta Gabon Txirrita. Horrez gain, Xabier Lizardiren poemei buruzko edizio kritikoa egin zuen: Xabier Lizardiren olerkiak (Erein, 1983). Era berean, 1974an Angel Zelaieta eta Anjel Lertxundirekin batera Lizardiri buruzko beste liburu bat kaleratu zuen: Xabier Lizardi: olerkari eta prosista.
Lourdes Iriondok animatu ostean, Lete abeslari eta musikagile bilakatu zen. 1976an, Lourdes Iriondorekin batera argitaratu zuen diska batean, besteak beste, Errota zahar maitea, Nafarroa arragoa eta Lore bat, zauri bat piezak utzi zizkigun. Beti oso gaizki abesten zuela esan izan badu ere, euskal abestigintza berriaren mugimenduko (Ez Dok Amairu) zutabe nagusitako bat izan zen Lete. Baina, bere abestietako asko jendearen bihotzetara iritsi dira. Esate baterako, Ideologia/Teologia, Sinesten dut eta Nik ez dut amets handirik.
2010eko abenduaren 4ean hil zen Donostian.
Informazio gehiago