571 Zenbakia 2011-03-18 / 2011-03-25
Antoine Thompson de Abbadie.
Dublinen, Irlandako hiriburuan, 1810eko urtarrilaren 10ean jaiotako zientzialari eta euskararen sustatzailea.
Aita euskalduna eta ama irlandarra zituen. Aita Arrast herrikoa zen jatorriz (Urrustoia, Zuberoa). Hiru urte zituela familia Frantziara joan eta Tolosan (Frantzia) finkatu zen. Han egin zituen ikasketak Arnault eta Charles anaiekin batera. 19 urterekin ikasketak amaitu eta gai fisikoetan espezializatu zen.
25 urte zituela Brasilera bidaiatu zuen lur-magnetismoa ikasteko. Hura izan zen bere lehen bidaia. Bi urte geroago Arnault anaiarekin Etiopia eta Goi Egiptora bidaiatu eta 1848. urterainoko egonaldia egin zuten bertan. Han 900 puntu geodesiko (Géodésié de la Haute Ethiopie, 1873) zehaztu zituen. 1849an bere herrialdera itzuli zen behin betikoz eta Hendaiatik oso hurbil hartu zuen bizilekua, Abbadiako lursailean, lehen Arragorri zenean.
Ikerketaz ikerketa eman zuen bizimodu horrek, lehen begi kolpean, Abbadie goitik behera zurrupatu zutela irudi dezake, baina ez zen halakorik gertatu. Ikerketa zientifikoak eta bidaiak euskal hizkuntza eta abestigintzaren lantegiarekin uztartu zituen; horrez gain, literatura mugimendu herrikoi sendo bateko sustatzaile ere izan zen, hala, 1853rako Urruñan (Lapurdi) Euskal Festak antolatu zituen, kataluniarrek “Cortes de Amor” delakoak ospatzen hasi baino sei urte aurretik, izan ere, 1859raino ez ziren Lore Jokoak berrezarri. Kataluniarren eta euskaldunen artean alde nabarmenak zeuden 1897an Carmelo de Echegarayk adierazi bezala. Abbadiek antolatutako Euskal Festak konplexuak ziren, izan ere, zibilizazio euskaldun orok parte hartzen zuen bertan. Gizonen Joko eta Kirolekin, abesti ederrekin, usadio eta ohitura foralekin, herriaren indar fisiko eta moralarekin eta erlijiozko fedearekin batera euskarazko poesia eta hizkuntza bera ernamuindu egin behar ziren. 1853az geroztik, garaian garaiko euskaldunen pentsatzeko modua aintzat hartuz egoki aukeratutako babes eta sariekin ospatzen diren festa guztiek jite hori zuten: ontzako urrea eta zilarrez beztitutako makila.
Bere izaera proselitista agerian utzi zuen Afrikako misio katolikoak diruz lagunduta, eta izaera horrek Abbadieren mugimenduan zurrunbilatu zituen Darrigol irakaslea, Bonaparte Printzea, Inchauspe, Duvoisin kapitaina, Campion, Aita J. Ignacio de Arana, J. Manterola, Pierre Loti eta baita, zeharka, garai hartako euskal intelektual oro ere. Abbadie 1897ko martxoaren 19an hil zen 87 urte zituela. Bere gorpua Hendaiatik hurbil, Zubernoan eraiki zuen gaztelura eraman zuten.
Informazio gehiago