57 Zenbakia 1999-12-03 / 1999-12-10

Gaiak

'Jean Vier' ekomuseoa

MARTIARENA, Nerea

"Jean Vier" ekomuseoa "Jean Vier" ekomuseoa * Nerea Martiarena Donibane Lohizuneko sarreran, 10 nazionalaren bide ertzean, Jean Vier izeneko etxean, Euskal Herriko ekoizpen desberdinen museoa dago zabalik. Duela hiru urte, abeltzaintza eta ehungintza bertan behera gelditu ziren baserri hartan, eta horregatik, museo bihurtzea erabaki du Vier Jaunak. Ekomuseoaren helburua, kanpotiar zein Euskal Herriko jendeari euskal kulturaren esparru ezberdinak erakustea da. Hala, aintzinako baserria konpondu eta erakustoki bihurtu da. Lekua erakargarria da, eta aintzinako giroan sartzen gaitu zeharo. Bisitaldian zehar, lehenagoko artisautza eta jakinduria ikusteko parada du hurbiltzen den orok. Lehenik eta behin, Jean Vier izenpean, merkatuan aurkitzen diren oihalen fabrikazioaren sekretuak azaltzen zaizkigu, beti ere aintzinako erara. Aspaldi, lihoaren ehunketa eguneroko eginbeharra zen eskualdeko familia askotan. Jean Vierrek, garai hartako ehungintzaren sekretuak berreskuratu zituen, eta gaur egungo fabrikazioan aintzinako metodo batzuk gorde ditu. Makineria eta tresna zaharrak ere badaude ikusgai, eta baita aintzinako argazki batzuk. Lihozko oihalak marradunak dira eta sukalde zein garbi gelarako balio dute. Oihalen lihoa naturala da. Baina bada besterik ere. Izarra likorearen ekoizleekin elkarlana egitea erabaki dutela eta, likorearen jatorria eta fabrikazioaren nondik norakoak azaltzen dira. Azalpenetan adierazitakoaren arabera, euskal likorea desagertzear egon zen. Zorionez, aurreko mendearen bukaeran, botanika zale batek, Joseph Grattauk ek, likorearen formula antzeman zuen.1835. urteko idazki batean euskal likorearen fabrikaziorako pausuen azalpena aurkitu zuen. Ordundik, likorearen fabrikazioa abian jarri zuen, eta Izarra izena ezarri zion. Izarra likorea egin ahal izateko, Ekialdetik eta Pirineotatik ekarri behar dira hogei bat landare, hazi, belar eta sustrai ezberdin. Perfume eta zapore bereziko likorea bezala definitzen du jastatzen duen orok. 1903. urtea geroztik,inork ezin izan du likorearen fabrikazioaren sekretua aurkitu, eta beraz, ez da Izarra likorearen parekorik. Bisitan, likoreak dastatzeko parada dago eta boteilak ere salmentan daude. Likorea hori berde kolorekoa da, eta fruitu gustua du. Izarra berdeak menta eta piperraren zaporea du, eta horiak, berriz, almendra gustua. Gela horretan ere, fabrikaziorako makineria berezia ikus daiteke eta ekoizpenaren urratsak azaltzen zaizkigu. Euskarari garrantzia ematen diote museoan, baina era berean dantza, kantu eta kirolari ere bai. Museoan, filmak eta aintzinako garaia erakusten duten eszenak proiektatzen dituzte azalpenekin batera. Euskal Herriko gastronomia, artisautza, dantzak eta janzkerak agertzen dira. Museoan, beraz, euskal kulturaren aurpegi ezberdin asko aurki daitezke. Hala, zintako ahotsak, Euskal herriko ohitura zaharrak aipatzen ditu. Beste berezitasun eta ekoizpenik ere ikus daiteke Jean Vieren ekomuseoan. Hala, egurretik, euskal kulturan garrantzizkoa den makila nola ateratzen den argitzen digute. Zentzu berean, espartinen, euskal txapelen eta pilota munduko tresnen fabrikazioaren pausuak azaltzen dizkigute. Euskal kulturarekin jarraituz, filmaren bidez, pilota partidak erakusten dituzte eta zintako ahotsak aintzinako garaiko ohiturei buruz azalpenak ematen ditu. Horrela, ahotsak dio aintzinako denboretan, artzainak pilotan ibiltzen zirela mendialdean zirelarik, eta ez gaur egun bezala herriko frontoietan. Bideoan ere, Ezpeletako herrian egiten den bezala, piperrak idortzen jartzen duen jendea ikusten ahal da. Ahotsa, etxeak euskal gizartean duen garrantziaz ere mintzo da. Euskal etxeetan armairu gutxi zeudela azaltzen du bideoak, hau da, baserriak dekorazio gutxikoak ziren lehenagoko garaietan. Bisitaren bukaeran, lihoz beteriko zelai urdin batetan, aintzinako artisauek loreak nola biltzen zituzten erakusten da. Ondotik, Izarra likore baso bat eskainia da bisitariei. Museoak, beraz, euskal kultura eta nortasuna agertu nahi du, nahiz eta mendeetako ohiturak ezindiren denak ordu batean azaldu. Gainera, haurrentzako jokoak ere aurkitu daitezke eta salmenta toki bat ere badago. Lehen, gastronomia aipatu dugu, eta esan beharra dago, baserrian bertan « Table de la Ferme » izeneko jantokia dagoela. Ostatu horretan, euskal sukaldaritzako plater bereziak jaten ahal dira tokian bertan, edo etxera eraman daitezkeen janak ere egiten dituzte . Beraz, Donibane Lohizuneko museora hurbiltzen den jendeak Euskal Herriak bere baitan dituen ohiturak hobekiago ulertu ditzake. Ekomuseoak, euskal gizartearen deskribapen umila egin nahi du. Bertako arduradunak adierazitakoaren arabera, uda garaian turistak direla eta kanpoko jende ugari hurbildu da. Baina, Euskal Herriko jendea ere bertan topa daiteke, agian nortasunaren iturriak bilatu nahian. Informazio gisa esan, museoa bakantza garaian egunero irekia dela goizetik arratsaldera, eta eskola denboran astelehenetik larunbatera. Nerea Martiarena, kazetaria Euskonews & Media 57.zbk (1999 / 12 / 3 10) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria