Euskal Emakume Idazleen Lantaldea Euskal Emakume Idazleen Lantaldea * Ana Urkiza Euskal Emakume Idazleez eta Euskal Emakume Idazleen Literaturaz hitzegiterakoan, aisago mintza gintezke hiru emakumeren izenez, hiru emakume horiek markatzen duten aroez edo hiru emakume horien lanak plazatu direneko hiru hamarkadaz, Euskal Emakume Idazleek literaturan izan eta duten eraginaz baino. Izan ere, euskal literatura aztertzen, ikertzen edo ikasten ihardun duen edonork galdetuko ligukeen lehena zera baita: existitzen al du euskal emakume idazleen literaturak? Zeintzuk dira emakume horiek? Zer idatzi dute? Non daude horien liburuak edo erreferentziak? Ez da galdera erraza. Hobe esan, ez da erantzun erraza. Batez ere, galdera horiei dagozkien erantzunak, arrazoi, justifikazio eta defentsabide anitzetan oinarritu behar baitira. Euskal Emakume Idazleen Lantaldea, hain zuzen ere, galdera horiexei erantzun asmoz eta beharrez sortu da: emakume idazleok nortzuk garen, gure lanaren kalitatea nolakoa den, lan horiek non dauden, eta gure literaturaren berezitasunak zeintzuk diren azaltzeaz gain, bizi dugun "merkatu egoera" pizten saiatzeko. Egia da, gaur eguneko Euskal Emakume Idazleon perfila oso dela ezberdina: bai adinari, bai lanbideari, bai produkzio mailari, bai estiloari begira. Baina denok ditugu amankomunekoak diren ezaugarriak, hala nola, euskaraz idazlen dugula, idazle sentitu edo ez idatzi egiten dugula, gehienok produkzio murritzetan mugitzen garela, eta emakumeak garela. Idazle sentitu edo "zerbait" idazten duen "norbait" Ideia honek badu bere pisua gure ustetan, gehientsuenok, ez garela idazle aitortzen baitugu. Galdetzen digutenean ordea, idazle izateko zer behar ote den, gure erantzuna honako hau izaten da: liburu asko idatzita edukitzea, gure lana ezaguna izatea, nolabaiteko publikotasunaren jabe izatea... Gehiengoaren kasua, arestian esan dugunez, ez da honako hau. Gure beharra eta ustea, bestalde, idazten hasi gineneko momentura begirada zuzentzen dugunean, bestelakoazela konturatzen gara: idaztea, barruan generaman eta daramagun egonezin bati erantzuteko modua dela esaten baitugu, irakurlego batekin harremanatzeko era eta ikasteko esperientzia paregabea dela esanez. Azken ideia hauek azpimarratu ondoren eta onartzen ditugun heinean, idazle garela esan genezake. Baina zer gertatzen da produkzio mailarekin? Zer publikoarekiko harremanarekin edo publikotasun irudi horrekin? Euskal Emakume Idazleen testu eta lanak kalitatez beste edozein herrialdetako emakume eta gizonezkoen lanekin parekagarriak direla iruditzen zaigu, ez aldiz produkzio maila eta publikotasuna. Produkzioan badute eragina faktore anitzek, hala nola, amatasuna bizitzeko moduak (emakumeak ama izateaz gain "sormen lanerako" beharko lituzkeen gizartearen eta familiaren aldetiko erraztasun, laguntza eta ikuspegi oraindik osotara garatu gabea), emakumeak berak eta gizarteak orohar emakumearen publikotasunari buruz duen irudiak (emakumeak ez du, jaretsi dugun heziketaren arabera, publikotasuna bere esparru gisa ulertzen eta haatik, ez du bere irudia eta publikoarekiko harremana bere lehentasunen artean), emakume idazleen lanaren ezagutza murritzak (argitaratzeko zenbait muga), emakumeen lana baloratzeko eta baliarazteko neurkin gabeziak, euskal letretetan emakumeak eta emakumearen lanak duen eta beharko lukeen presentziaren azterketa sakondu beharrak, etab. Hiru izen bururatzen zaizkigu euskal emakumeen literaturaz hitzegitean Euskal Literaturaren Historian hiru izen ezagutzen direla esan dugu arestian. Literatura klasikoen artean kokatzen dugu lehena, euskal literaturaren eta euskararen berpizkunde garaian bigarrena, eta aro moderno edo gaurkoan hirugarrena. Hilda lehena, 40. hamarkadakoa bigarrena eta 70. hamarkadakoa hirugarrena. Ahazturatik berreskuratua lehena, euskal literaturaren aurpegi "femenino" bakarra bigarrena, eta modernitatearen aurpegitzat hartua hirugarrena. Non gelditzen dira gainontzekoak? Non beste hauen ekarpenak? Seguraski, ahozko literaturaren txokoetan,herri aldizkarietako letra ahaztuetan, berrirakurtzen ez den literatur sarien ondorioz argitaratutako liburuki merkeetan, eritzi eta kronika zutabeetan, atalka argitaratzen diren elaberrietan, eta beste hainbat eta hainbat lekutan, "aldizkako idazleak" garela diogunon bizi arnasak, gogoetak eta kontakizunak... Bigarren mailako argitalpen euskarrietan galtzen diren emakume idazleon lan asko eta asko, eritzi kritikorik jaso gabe, apostu komertzialaren bultzada probatu gabe, eta gure etorria eta sena bideratuko duen begiaren laguntzarik gabe gelditzen da. Zein gizonezkoren idatziek izan dute arrakasta, aipatu ditugun aukerak kontutan hartu gabe? Helburua emakume idazleen lana ezagutaraztea da Euskal Emakume Idazleen Lantaldearen kezka nagusia, idazle hauen eta batez ere maiztasun edo produkzio handietan mugitzen ez garenon lana publikoari helarazteko aukerak lantzea da. Xede horren egikaritzarako, bi bilera egin dira, lehenengoa Arizkunen eta bigarrena Markinan bilerotan aurkeztutako kezka zenbaitzuei erantzuten hasi gogoz. Iharduera honetan erabakitako ekimenen artean aipagarrienak honako hauek lirateke: "Kutixia" izenburupean ipuin bilduma bat prestatzea, 2000. urteko Durangoko azokan aurkezteko; emakume idazleen lana balioztatuko duen sari baten antolaketaz hausnartzea; emakume idazleen lana ezagutaraziko duten erakusketa ibiltariak antolatzeko lehen urratsak ematea; emakume idazleen lana ezagutzea erraztuko lukeen datu base egoki bat eratzen hastea; eta emakume idazleen lana merkaturatuko duten zenbait ekimen burutzea: besteak beste, lantaldeko idazle eta idazlanen kritika edo eta erreseinen argitalpena, liburu edo lan berrien aurkezpenetara lantaldearen babesarekin aurkeztu ahal izatea, edo eta idaztearen inguruko aurkezpen publikoetan agertzeko lantaldekoekin kontatu ahal izatea. Idazle asko dugu inguruan Merkaturatzeko zorte hain handirik izan ez duen emakume idazle franko dago inguruan: estilo, sentsibilitate, hizkuntzaren erabilera eta ikuspegi aberatsak eskaintzekodituena. Erronkak, beraz, bi aurpegi dituela iruditzen zaigu: emakumearen aldetikoa bata eta argitaletxe eta gizarte mailakoa bestea. Emakumeoi dagokigunez, lan bi egiteko: bata, produkzio txikikook ere idazle garela sentitzea eta idazle gisa gure lanak eta egitasmoa aurkeztea; bestea, gure sormen lanari dagokion publikotasun esparrua eskatu, lehiatu eta irabaztea, geurea baita. Argitaletxeei dagokienean, estilo, eduki, izen eta lan berriak ezagutarazteko eta merkatura zabaltarazteko apostua egitea eta izen eta lan berriek behar duten hasierako bultzada izatea. Gizarteari dagokionean, emakumearen sormen balioa onartzea, laguntzea eta balioztatzea. Ana Urkiza, DANOBAT taldeko Komunikazio Arduraduna eta Euskal Emakume Idazleen Lantaldearen kidea Euskonews & Media 57.zbk (1999 / 12 / 3 10) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.