Euskal Pizkundeko aldizkari bat: Revista de las Provincias Euskaras (1878 1881) Euskal Pizkundeko aldizkari bat: Revista de las Provincias Euskaras (1878 1881) (Jakitez 1998/99ko kurtsoko lanaren laburpena) * Jurgi Kintana 1878an Revista de las Provincias Euskaras izeneko kultur aldizkaria agertu zen Gasteizen. Haren sorreran hiru faktore nagusi tartekatu ziren. Lehenengo eta behin Arabako hiriburuak Seiurteko Demokratikoan (1868 1874) bizi izandako kultur loraldia, inertzialki Berrezarkuntza garaira luzatzen ari zena. Kultur humus haren baitan, Gasteizko Ateneo Científico, Literario y Artístico elkartearen azpiegiturak baliatuz, erne ahal izan zen aldizkariaren proiektua. Bigarren faktorea, Revista de las Provincias Euskaras inspiratu zuen giro «euskaroa» izan zen, 1876ko foru deusezteak eta haren aurkako erreakzioak markatu zutena. Lege Zaharren errautsetatik berpizte proiektu euskaltzalea jalgitzen zen, eta helburu horretan Gasteizko aldizkariak parte hartu zuen. Hirugarren eta azken faktore nagusia, Fermin Herran (1852 1908) arabar idazle eta kultur eragilearen mezenazgoa izan zen. Berak egin zuen posible aurreko bi elementuak aldizkari batean uztartzea. Izan ere Herranengan bat egin zuten Gasteizko kultur munduaren bizipenak eta foru abolizioaren inpaktuak. Hola bere baliabide ekonomiko eta aurreko urteetan lortutako esperientzia editoriala erabiliz euskal kultur aldizkari bat sortzeko ekimena aurrera eraman zuen, aldizkaria hurrengo lau urteetan zuzenduz. Revista de las Provincias Euskaras 1878ko uztailean sortu eta hamazortzi hilabetez, hamabostero, Gasteizen argitaratu zen. Bere baitan, arabar hiriburuko Ateneo elkartearen buletin funtzioa eta euskal kultur aldizkari orokor baten edukiak jasotzen zituen. Ateneori lotutako prentsa organo zen heinean, kide askok idatzi zuten Revista de las Provincias Euskaras en. Orotara arabarrek aldizkariko edukien erdia inguru bete zuten. Beste euskal herritarren kolaborazioekin artikuluen heren bat osatu zen, eta gainerakoa,Espainia eta atzerriko idazleen artean. Kolaboratzaile aktiboetarik asko Herranen belaunaldiko lagunak ziren, XIX mende erdialdera jaiotakoak. Baina aldizkaria idazle eta iritzi guztiei irekita egon zen. Eduki motari dagokionez, literatur lanak izan ziren gailen, batez ere poesiak. Baina olerki, narrazio eta literatur kritiken alboan, gai historiografikoek leku nabarmena izan zuten. Atzetik kultura, kronika, biografiak, geografia bidaiak, zein hezkuntza artikuluak aurki ditzakegu. Bestelako arloak sakabanatuagoak agertu ziren. Arlo desberdinotako artikulu gehienak euskal esparruetara atxikitzen ziren. Alta euskal gaiei loturiko sail egonkorrak sortzeko ahalegina (euskal kroniken saila adibidez), ez zen guztiz gauzatu. Euskal munduarekiko nahi eta ezin hori euskararekin agertu zen oso argi: aldizkaria, ia osotasunean gazteleraz zegoen, baina euskarari lekua ematen saiatu zen, gurari hori, duinki betetzea lortu gabe. Neurri batez Euskal Herriko kolaborazioek ezin bete zutelako aldizkari osoa, baina baita Herranen jarrera zabalagatik Revista de las Provincias Euskaras espainiar auziei ere irekita egon zen (hauek euskal auzien aldean oso gutxi izan arren). Hala bada, aldizkariak 1878 1879 urteetan berak zehazturiko helburuak, oro har, bete egin zituen. Baina hala ere ez zuen lortu proiektu guztiz biribila gauzatzerik. Gasteizko aldi honetan, Ateneoko buletin gisa zuen barne irakurlego seguruaz gain, harpidedun librez osaturiko sare zabala bereganatu zuen. Asko Gasteizen bertan, baina oro har Hego Euskal Herri osoan. Aldizkari elkartrukeei esker Revista de las Provincias Euskaras Espainian zehar ere zabaldu zen, eta halaber atzerriko euskal kolonietan harpidetzak ireki zituen. Irakurle gehienak Euskal Herriko klase ertain eta altukoak zirela dirudi, hiri eta herri handietako posizio oneko biztanle ikasiak. Harrera, nahiko ona izan bide zuen aldizkariak, une hartan merkatuan zegoen euskal kultur aldizkari bakarra izateak lagundurik (non Iruñeko Revista Euskara k ez zituenharpidetzak onartzen). Laburbilduz, 1879ko abendurako, urte t'erdiz hogeita hamasei ale atera ondoren, Revista de las Provincias Euskaras, lehen mailako kultur produktu izan gabe ere, nahiko egoera politean zegoela esan daiteke, kalitate eta harrera onargarriaz. Aldizkariak emaitza hobea lortu ez bazuen, neurri handiz kolaboratzaileen kopuru mugatuagatik eta ekimenaren pisua Herranek bakarka eraman behar izateagatik izan zen. Edozein kasutan Gasteizko Ateneoari lotuta egoteak, proiektuari babesa eskaintzen zion. Egonkortasun horren adierazgarri, denboraz orrialde kopurua handituz joan zen prezioa igo gabe. Baina 1880an, argi ez dauden arrazoiak bitarteko, Herranek aldizkaria Madrilera lekualdatzea erabaki zuen. Espainiako hiriburuan ezartzea jokaldi arriskutsua izan zen. Hasteko, Ateneoko buletin funtzioa, eta bertako bazkideen laguntza zuzena (irakurlego eta sustengu ekonomikoa seguruak) galdu egin zituen. Aurrerantzean aldizkaria, soilik harpide libreen bidez eutsiko zen. Ateneoko kolaboratzaile asko ere galdu egin zituen, jada Revista de las Provincias Euskaras ez baitzen euren buletina. Alta Herranek bere arabar eta euskal adiskideen idazkiak, gutxiago izan arren jasotzen segitu zuen. 1880ko ekainean hasitako Madrilgo epearen ezaugarria, hortaz, espainiar kolaborazioen ugaltzea izan zen. Hauek euskal herritarrak beste izatera heldu ziren. Idazleekin gertatzen zenaren paraleloan, espainiar edukiek ere gora egin zuten, euskal gaiek adina edo gehiago betez. Ondorioz, euskal kultur aldizkari izan behar zuena (helburu horiek Madrilgo aldian berretsi egin baitziren), bere izaera galduz joan zen. Horrela, espezifikoki euskal gaiei loturiko historia moduko sailak desagertuz joan ziren. Euren lekua literaturak bete zuen, 1880 1881 aldian aldizkariko edukien erdia baino gehitxoago betez. Revista de las Provincias Euskaras bada, gero eta kultur produktu orokorragoa bihurtzen ari zen. Euskal Herritik fisikoki urruntzeak, nahi izan gabe, aldizkariaren izaeran eragin horixe izanzuen. Euskal idazleen galerarekin batera bertoko irakurleena gertatu zela pentsa daiteke, agian Donostiako Euskal Erria aldizkari sortu berriaren konkurrentzia tartean egonik. Orrialde kopurua handitzeko esfortzuak ez bide zuen nahi adinako harpidetza erakarri: hilabete gutxiren buruan, aldizkaria eten, eta ondoren kalitate apalagoko moldiztegi batean atera behar izan zen, itxuraz gastuei aurre egin ahal izateko. 1880ko abenduan, urte horretako hamabi aleak irten ostean, berriro eten zen argitalpena. Herranek aitzina joz aldizkariari diseinua berritu eta beste saialdi bat egin zuen 1881eko martxoan. Zenbaki hartan arazoak zeudela aitortzen zen, eta hilabeteren ondoren aldizkaria ez zen gehiago atera. Badirudi, argiro definitu gabeko proiektu bat izateak, asmotan euskal kulturaz jardutekoa baina de facto gero eta literario abstraktuagoa zenak, euskal zein espainiar irakurleak asetu gabe utzi zituela. Eta horrela epe ertainean, Madrilera lekualdatzeko apustuak huts egin zuen. Revista de las Provincias Euskaras desagertu arren, utzi zuen ekarpenik. Hasteko merkatura irtengo ziren euskal kultur aldizkari berriei bidea erakutsi zien (Donostiako Euskal Erria, Bilboko Revista de Vizcaya). Eta Araban, Euskal Herri osoan bezala, euskaltzaletasuna zabaltzen lagundu zuen, euskal Pizkundean aitzindarietako bat izanik. Jurgi Kintana Goiriena, Historian lizentziatua eta Eusko Ikaskuntzako kidea Euskonews & Media 57.zbk (1999 / 12 / 3 10) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.