567 Zenbakia 2011-02-18 / 2011-02-25

Artisautza

Juan Pablo Avila. Makramea: Historia

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Historia

“Makrame” esaten zaio lokarri- edo soka-korapiloen bidez objektuak egiteko arteari. Teoria baten arabera, makrame hitza frantsesezko “macramé” hitzetik dator, eta korapilo esan nahi du; frantsesezko hitzaren jatorrian, berriz, arabierako “migramah” hitza dago, horrela esaten baitzieten korapilatutako sokekin egindako lanei. Beste batzuen iritziz, aldiz, arabieratik gaztelaniara pasa zen hitza eta hortik frantsesera. Bada hitzaren jatorria turkierako “makrama” elea dela dioenik ere.

Teknika hori antzinako Txinan erabiltzen zuten jada, eta korapilo bakoitzak bere izena zuen. K.a. 2300 urtean herri pertsiarrek eta asiriarrek sistema bera erabiltzen zuten ehunak egiteko. Arabiarrek Europan zehar hedatu zuten, eta hortik Ameriketara zabaldu zen. Bertan asko erabiltzen dute hamakak egiteko, batez ere Karibe aldean eta Amazonian.

Gaur egun poltsak, loreontzi-euskarriak, lanparak, tapizak, gortinak... egiten dituzte makrame-teknika erabiliz. 50 korapilo mota baino gehiago daude, eta nagusiak korapilo laua eta cote izenekoa dira.

Materialari dagokionez, hari mota ugari erabil daitezke, hala nola kotoizkoa, jutezkoa, lihozkoa, zetazkoa, etab. Garrantzitsuena haria sendoa izatea da, eta betiere, egin beharreko lanaren arabera aukeratuko da.

Gaur egun hainbat tokitan irakasten dute artisau-erako makrame-teknika.

Ezin ditugu ahaztu “kipu” direlakoak. Ketxuerazko “khipu” hitzak korapilo esan nahi du, eta horrela esaten zaio kolonaurreko Andeetako herriek erabiltzen zuten sistema mnemoteknikoari. Sokaren kolorea, luzera, korapilo mota eta kokapena erabiliz sistema numeriko osoa adierazten zuten. “Khipu kamayuq” esaten zitzaien inken inperioko aditu edo jakintsuei, eta eurek erabiltzen zituzten kipuak. Dagoeneko 600 “khipu” baino gehiago aurkitu dituzte.

Gaur egun oraindik ere ezin ditugu ulertu “khipu” direlakoen bidez adierazitako mezuak, baina buru-belarri ari dira ildo horretan lanean.