566 Zenbakia 2011-02-11 / 2011-02-18

Euskonews Gaztea

Gaiak: Orwell, 1984 eta jendartea

GARAI, Maitane



George Orwellek XX. mendeko 40. hamarkadan argitaratu zuen 1984 eleberriak gauza interesgarri ugari jasotzen zituen. Politika tratatzen zuen fikziozko lan hark, etorkizuneko Ingalaterra sistema totalitario batean murgilduta zegoen, eta bertako gorabeherak aipatzen dira. Argazkia: CC BY – Colin Dunn

Nork ez du ezagutzen Anaia Nagusiaren kontzeptua? Idazlearen nobelan ere ageri zela jakin badakigu, eta hain justu buruzagia adierazten zuen, gizartearen zaindaria, eta baita epaile gorena. Orwellen liburu famatu hartako biztanleak kameraz kontrolatuak ziren: lanean, kalean, etxean... Ezaguna egiten zaizu?

Beti esan da, liburuak errealitatetik asko zeukala, eta bat nator horrekin. Ikastolan —edo institutuan, ez naiz akordatzen— irakurri nuen aspaldi 1984, eta garai hartan, oso aukera urriak ikusten nizkion kaleetan kamerak ipintzeko joerari, esaterako. Bestalde, estatu totalitarioetan batez ere, liburuko Egiaren ministerioa modukoak presente daudela ohartuko gara, eta bere egitekoa, bertsio ofizialarekin bat etortzeko edozein motatako dokumentu historiko deuseztatu edo eraldatzea izango da.

Ez dakit zuei, baina egun Orwellen “iragarpen” haietako batzuk egia bilakatu izateak nolabait oilo ipurdia ipintzen didala aitortzen dizuet. Eta jendartea ahalik eta kontrolatuen edukitzeko eta ahalik eta alienatuena bilakatzeko joera izaten dute maiz agintariek. Kezkagarria.