566 Zenbakia 2011-02-11 / 2011-02-18

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (LXVII): Dulantzi

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Aguraingo Eskualdean barneratuta, Gasteiztik 12 kilometro ingurura, Dulantzin egingo dugu gaurko geldialdia, eta Brontze Arotik gaur arte izandako bilakaera ezagutuko dugu. Dulantziko udaletxea.

Historiaren zertzeladekin hasiko dugu gorputza ematen gure txangoari. Erromatar garaian, Gaztela Galiarekin lotzen zuen bidea egun Dulantzi dagoen tokitik igarotzen omen zen; baina tokiaren aurreneko aipamen idatziak X. mendera arteko saltoa eginez aurkituko ditugu.

Mende batzuk geroago, 1337an hain zuzen, Alfonso XI.ak foruak eman zizkion udalerriari, eta defentsarako toki izatera igaro zen hala. Ezin baitugu ahaztu, XIV. mendean oinaztar eta ganboatar bandoen arteko gatazkak egon zirela Euskal Herrian, eta Dulantzi ere ez zen egoeraz libratu. Ondoren, udalerria Gasteizko jauntxoaren eskuetara igaro zen XV. mendean. Hainbat gatazken testigu ere izan da Dulantzi historian zehar; esaterako, gerra napoleonikoen eragina jasan zuen eta baita Lehenengo Gerra Karlistena, biak XIX. mendean. Ikusteko aukera anitz

Gaurko bisita honetan ikusteko hamaika kontu dauzkagu aurretik eta modu polit eta ezberdin batean Dulantziko historiaz bustitzeko abagunea izango dugu, Henaioko gune historikoa bisitatuz, hain zuzen. Toki hau 2010ean inauguratu zuten, eta 1969 eta 1970ean bertan buruturiko indusketa batzuen emaitzetan oinarrituta jaio zen.

Interpretazio zentrora joanez hasiko genuke bisitaldia eta bertan, Dulantzi inguruetan bizi zirenen Brontze Aro bukaera eta Burdi Aroko bizimodua ezagutuko dugu, garaiko bi etxebizitzen erreprodukzioei esker, besteen artean. Barrualdera sartzeko aukera izango dugu, nola bizi ziren jakiteko: nola moldatzen ziren lo egiteko, sukaldatzeko... Aialako Andre Mariren baseliza.

Baina gainera ibilbide kulturala burutzea ere aukera ederra da; adibidez, antzina gaztelua non egon zen ezagutuko dugu —nahiz eta egun ez den aztarna fisikorik geratzen, muinoaren egituran nabaritzen da; edota Dulantzi, aspaldiko garaietatik Santiagora bidea egiten duten erromesen igarobidea dela ikusiko dugu...

Bestaldetik, eraikin arkitektonikoak ere bisita ditzakegu gaurko txango honetan. Hala, XIII. mendeko Aialako Andra Mariren baselizara gertura gaitezke; edota XV. mendeko San Blas parrokia harro altxatuko zaigu begien aurrean; XVI.ean eraikitako Klaratarren komentua eta mende bereko Gaonatarren etxe dotorea ikusgarriak dira; edota XVIII. mende amaierako udaletxe ederra.

Ikusten duzunez, altxor ugari ezkutatzen dituen udalerria da Dulantzi, historiaren testigu eta bertaratu eta ikus–entzun nahi duen ororentzako kontalari. Aukera aprobetxatzeak merezi du, ezbairik gabe.

Orain arteko ibilaldiak: :: Bizkaia :: Nafarroa :: Gipuzkoa :: Ipar Euskal Herria :: Araba :: Nazioartea Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com