Euskonews Gaztea
Gaiak: Zein jarrera dute gaurko gazteek berdintasunaren aurrean? Beldurretik erantzukizunera
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Justizia eta Berdintasun Baldintzen teknikaria
“Berdintasuna berdina den horretaz elikatzen da, ez ordea, desberdina den horretaz”
Artikulu honen helburua ez da gazteek berdintasunaren aurrean bizi duten egoera soilik aztertzea, honen inguruan ikerketa eta dokumentu ugari idatzi direlako azken bolada honetan. Honen asmoa, pertsona gazteen artean berdintasunera iristeko bide positiboagoak irekitzea da; harreman osasuntsuagoak hain zuzen... izan liteke? Izenburua erabakitzerakoan nahastuta dauden gazteen irudia etorri zait burura, berdintasun hori zer ote den jakin nahian batzuk eta jakin nahi gabe beste batzuk. Elkarri ondo tratatzen diotela uste duten gazteak eta tratu txarrak berez, pertsona helduen kontu bat dela uste duten gazteak. Nire ustetan, askok ez dute gaur egungo egoeraz ideia argirik, non kokatu eta zein iritzi izan. Benetan ba al dakite zer den berdintasuna? Zer den sexismoa? Erantzule eta partaidetzat ikusten dute euren burua? Edo beste batzuek hartu behar lukete ardura hori? Argazkia: CC BY–banoootah_qtr
Azkeneko bi urte hauetan sexu heziketa eta emakumeen aukako programak landu ditut sexologiako elkarte batekin batera ikastetxe ezberdinetan zehar. Eta bigarren gai honen inguruan –indarkeria– harritzekoa izan da gazteek agertu duten jarrera ezkorra eta neketsua, kasu gehienetan. Aurpegian antzematen zitzaien, baita egiten zituzten komentarioetan: hau badakigu... ez zait gaia gustatzen...hitz egin dezagun sexuaz... Zergatik? Nire ustez, indarkeria eta ezberdintasunak landu egin diren moduengatik. Gaia, beldurra eta erruaren bidetik landu da neurri handi batean eta honek, prebentzio izena hartu egin du.
Prebentzio on bat, erantzukizuna sustatzetik etorriko da, aukera ezberdinak eta egoerei alternatiba sortzaileak eskainiz. Gazte bati ez zaiolako atsegin eta erraza izango tratu txarrak emango dituen pertsona bezala ikustea edota potentzialki biktima bezala sentitzea. Honek mina egin dezake eta honen aurrean babesteko beharra egongo da: ez zait interesatzen... badakit jotzea gaizki dagoela... nire mutilak ondo tratatzen nau... Jarrera hauekin batera, jarrera positiboak ere agertzen zituzten, ikasteko nahia eta euren kezkak elkarbanatzeko desioarekin batera. Hala ere, orokorrean, jarrera nahiko itxia ikusi dut eta horregatik lan egiten jarraitu behar da eta bide berriak pentsatu, poliki–poliki kontzientziak astintzen jarraitzeko eta eredua aldatzen joateko.
Beraientzako eta bereziki, beraiekin. Ikerketa asko dago helduen sexismoarekiko, baina nerabezaroan eta gaztaroan gutxi ikertua izan da arazo sozial hau. Eta horregatik hau aintzat hartzea interesgarria litzateke garai ebolutibo honetan lehenengo harreman afektibo–sexualak emango direlako, non aurreneko aurreiritzi eta esperientziek helduaroan eragin zuzena izango duten. Baita identitate sexualaren lehen zutabeak eratuko dira ere: zein emakume/gizon izan nahi dudan?... Argazkia: CC BY–Kirstea
Tratu onen aldeko harremanak eraikitzeko orduan traba egiten duen beste jarrera bat gailentsunaren desioa izango da; hots, nire burua hobeto ikusiko dut, besteak baino hobea sentitzen naizen heinean. Honekin batera ere, esan beharra dago, kontsumismo garai hau harremanetara iritsi egin dela eta harremanak, hots, pertsonak kontsumitzera heldu garela, lotura osasuntsuak eratzeko zailtasun handiekin. Nire interesak asetzeko, nire bakardade sentimendutik alde egiteko etab. erabiliko dut bestea eta gainera, maite dudala esango diot neure buruari... Loturak izatearen zama saihestu nahi da eta paradojikoki, maitasuna eta bikotearen beharrean daude pertsona asko.
Desioa. Hauxe da kontua. Desioa desio izaten jarraitzeko ezin da inoiz asetua izan, ez du inoiz forma zein errealitate bilakatu behar. Hortaz, errealitateari uko egingo diogu desiratzen jarraitzeko, berria den horrek bizitzeko irrika elikatzen duelako. Adikzio berria?
Horretarako hainbat lan ildo azpimarratu nahiko nituzte: a) Sexu eta sexualitateen heziketa holistiko baten aldeko apustua. b) Gaurko gazteen egoera eta beharretara gehiago hurbildu eta berdintasuna duen arrazonamendua era positiboago batean landu. c) Ekintzak zein proiektuak ebaluatu eta autokritika sustatu. d) Berdintasunak dituen hutsuneak ez dira arazo sozial eta kolektibo hutsengatik etortzen. Inplikazio pertsonal eta pribatu bat beharrezkoa da ere. Gogoeta eta hausnarketa zintzoak.
Baliteke hauen erantzunetan bide berriak topatzea... ala ez.